euskaraespañol

Image of the day

Arte Ederren Fakultateak 50 urte bete ditu gaur

Ikasleen lehenengo promozioak 1970eko azaroaren 23an ekin zien ikasketei

  • News

First publication date: 23/11/2020

Gaur, azaroak 23, 50 urte bete ditu Arte Ederren Fakultateak. Argazkia: UPV/EHU.

Gaur, 2020ko azaroaren 23an, 50 urte bete dira garai hartako Bilboko Arte Ederren Eskolan eskolak hasi zirenetik. Eskola orduko hartan Bilboko Unamuno Plazako egungo Euskal Museoaren egoitza da.

Mende erdi honetan zehar, hainbat artista, komisario, diseinatzaile, kontserbatzaile, zaharberritzaile, ilustratzaile, hezitzaile, irakasle eta ikus-entzunezkoen alorreko sortzailez gain, artearen eta kulturaren kudeaketarekin lotutako profil anitz atera dira ikasgeletatik.

Azaroaren 23 hartan ireki zen ikastegian, berrogeita zortzi ikasle aritu ziren, eta Bizkaiko Museo Historikoaren bigarren solairuan, egungo Euskal Museoan. Ondoren, beste kokapen batzuk izango zituen, hala nola Bilboko Ibañez kaleko Suhiltzaileen Eraikina, Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatea eta Leioako Medikuntza Fakultatea. Azkenik, 1987an inauguratu zen gaur egun Arte Ederren Fakultatea hartzen duen eraikina.

"Hasierako arazo ulergarriak eta eskolaren jarraipenari buruzko zalantza saihestezinak gorabehera, gaur egun UPV/EHUren Arte Ederren Fakultatea erreferentea da estatu espainiarrean. Fakultate horren ezaugarri nagusia beti izan da garaiko praktika artistikoei eta bere garaiko joerei lotutako lan-ildoei erreparatzea. Ikastegi aitzindaria izan da alderdi askotan. Besteak beste, 1983an lehenengo fakultatea izan zen Estatuan praktika artistikoari lotutako ikusentzutekoen espezialitatea izan zuena", adierazi du Arantza Lauzirika UPV/EHUren Arte Ederren Fakultateko dekanoak.

Oroitzapen ekitaldiak

Covid19ren pandemia dela eta, Fakultateak geroko utzi ditu ospakizun ekitaldi nagusietako batzuk, baina mantendu ditu egungo egoeran egin daitezkeenak. Hona hemen datozen asteetan egingo diren jardueren egitaraua:

- Arte Ederren Fakultateko eraikin nagusiaren kanpoaldean jarritako oroitzapenezko olanaren gaineko esku hartze lehiaketa. Daniel Tamayok egindako lehenengo esku hartzea.

- 12x12 erakusketa, Arte Ederren Fakultateko erakusketa areto berria inauguratzeko. 2020ko abenduaren azken astea, abenduaren 14tik 21era.

- Gradu Amaierako Lanen Erakusketa Bizkaia Aretoan, 2020ko abenduaren 16tik 2021eko urtarrilaren 8ra

- AKME Jardunaldien edizio berezia: arte hezkuntza. Arte Ederren Fakultatea. 2020ko abenduaren 15etik 17ra.

- Jose Antonio Azpilikueta irakasleak egindako irakasleen irudi eta karikaturen erakusketa Arte Ederren Fakultateko erakusketa areto berrian. Abenduaren lehenengo hamabostaldia

- 50 urte, 50 diseinatzaile erakusketa, Leire Fernandezek eta Eduardo Herrerak antolatua Bizkaia Aretoan. Martxoaren 24tik apirilaren 16ra

"Pertsona guztiekin ospatu nahi genuke efemeride hau, dagokion moduan, jende guztiari irekitako jai jendetsu batekin. Tamalez, gaur egungo egoerak ez du horretarako aukerarik ematen. Hala eta guztiz ere, hainbat ekimen egiten ari gara ikasturtean zehar. Ikasturtean zehar egoerak hobera egingo duelakoan, espero dugu, gutxienez, 1970/71 ikasturte amaiera haren 50. urteurrena ospatu ahal izatea, 2021eko udaberrian zehar", ohartarazi du Arantza Lauzirikak.

Fakultatea gaur egun

2020an, fakultatean 1.325 ikasle, 145 irakasle eta ikertzaile eta AZPko 40 pertsona aritzen dira.

Bertan, unibertsitate graduko hiru titulazio irakasten dira:

- Arteko Gradua

- Sorkuntza eta Diseinuko Gradua

- Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Gradua

Era berean, eskaintzen dira Arte Garaikideko Ikerketa Doktorego Programarako sarbidea ematen duten berezko tituluak eta bost unibertsitate titulu:

- Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboa Unibertsitate Masterra (AGTP)

- Zeramika: artea eta Funtzioa Unibertsitate Masterra

- Arte Garaikidearen Kontserbazioa eta Erakusmoldeak (CYXAC) unibertsitate masterra

- Artearen Ikerketa eta Sorkuntza Unibertsitate Masterra (INCREARTE)

- Pintura Unibertsitate Masterra

Arte Ederren Fakultateen Europako Sareko kidea da eta berezko aldebiko nazioarteko akordioak ditu, hots:

- Erasmus programako 65 unibertsitate (19 herrialdetakoak)

- Estatuko 14 unibertsitate

- Latinoamerikako 35 unibertsitate (10 herrialde)

- Beste norako batzuetako 25 unibertsitate (8 herrialde)