euskaraespañol

Image of the day

Bilbo Zientzia Plazak hasiera emango dio UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren ikasturte berriari

Irailaren 11tik 30era Bilbo zientzia-dibulgazioaren erdigunea izango da 12 erakundek eta 75 hizlarik parte hartuko duten ekimenarekin

  • News

First publication date: 06/09/2023

Pura Fernández CSICeko Kultura Zientifikoko eta Zientzia Hiritarreko lehendakariorde ondokoa, Marian Ibarrondo Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria etaJuan Ignacio Pérez Iglesias UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria, | Photo: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Bilbo Zientzia Plazak (BZP) Bizkaiko hiriburua zientzia-dibulgazioaren gune nagusia bilakatuko du irailean. Aurten ere ezagutza zientifikoa publiko zabalarengana iristeko helburuarekin irailaren 11tik 30era, hitzaldiak, bakarrizketa zientifikoak, erakusketak, dokumental baten proiekzioa eta tailerrak egingo dira.

Ekimena gaur goizean aurkeztu da Bizkaia Aretoa UPV/EHUko Elhuyar aretoan eta bertan izan dira Juan Ignacio Pérez Iglesias UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria, Marian Ibarrondo Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria eta Pura Fernández CSICeko Kultura Zientifikoko eta Zientzia Hiritarreko lehendakariorde ondokoa.

Pérez Iglesiasek adierazi duenez, "UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak Bilbo Zientzia Plazaren edizio berri bat antolatu du berriro, ezagutza zientifikoa ahalik eta jende gehienarengana iristeko helburuarekin. Adimen Artifizialak eta dagoen informazio kantitate handiak erronka berriak eragiten ditu eta, une honetan, zientziaren oinarrian dauden iturri fidagarriak identifikatzeko pentsamendu kritikoa bultzatzea ezinbestekoa da. Hori da ekimen honen helburuetako bat".

Aurtengo edizioan ekoizpen zuzenean lotutakoak izango dira protagonista. Izan ere, Bilbo Zientzia Plazan 12 erakunde ezberdinek eta 75 hizlarik hartuko dute parte.

NAUKAS Bilbao eta Osasun-ikerketa

Bilbo Zientzia Plazaren ekitaldi nagusietako bat NAUKAS Bilbao da, zientzia-dibulgazioko ekitaldirik handiena, eta irailaren 14tik 17ra egingo da berriro Euskalduna Bilbaon eta Bizkaia Aretoan.

Denon ahotan dagoen Adimen Artifiziala bezalako gaiei buruzko hitzaldi labur eta atseginekin, NAUKAS Bilbaok publiko orokorrarentzat dibulgazio zientifikoa proposatzen du, entzule zehatzagoak ahaztu gabe. Adibidez, NAUKAS PROn edizio osasun arloko profesionalek obesitatearen aurkako tratamenduetan, gaixotasun neurodegeneratiboetan, minbizian edo gaixotasun arraroetan (familia-insomnioa, adibidez) egindako ikerketa-lana azalduko dituzte.

Marian Ibarrondo Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak azpimarratu duenez, "Euskadik Osasun-ikerketarekin lotutako ekosistema aberatsa du eta horren emaitzak eragina daukate herritarrengan".

Txikienei dagokienez, aurten ere tailer zientifikoak egingo dira NAUKAS KIDSen, eta DBHko 3. mailatik Batxilergoko 2. mailara bitarteko ikasleentzako Zientzia Showaren bakarrizketa zientifikoen lehiaketaren estatuko finala egingo da.

Zientzia binetetan

Oraingo honetan, BZPk oso ohikoak ez diren esparruetan zientziaz nola hitz egiten den ere aztertu nahi du. Horren adibide da "Zientzia Forgesen arabera" erakusketa, irailaren 11tik 30era Bizkaia Aretoan UPV/EHUn ikusgai egongo dena eta El País egunkarian 1995 eta 2018 artean argitaratutako Antonio Fraguas Forgesen 66 bineta biltzen dituena. Erakusketaren edukiak bizitzaren jatorriari, giza eboluzioari edo Arkimedesen Printzipioari edo zulo beltzei buruzko teoriei buruz Forgesek duen ikuspegi berezia islatzen du. CSICen eskutik Bilbora heldu den erakusketa da eta Pura Fernández erakunde horretako Kultura Zientifikoko eta Herritarren Zientziako lehendakariorde laguntzaileak adierazi duenez, "CSICen urte asko daramatzagu zientzia herrialde honetako kulturaren parte dela defendatzen, eta Forgesek argi eta garbi izan zuen ideia hori bere ibilbide osoan. Erakusketa hau bere lana eskertzeko eta aitortzeko saiakera bat da. Bere binetek barre eragiten digute bere distira eta buruargitasunagatik eta aldi berean mundu honetako gai garrantzitsuei buruz hausnartzera gonbidatzen gaituzte ".

Zientzia eta umoreari buruzko dokumental bat eta hitzaldi zikloa

Bestalde, BZPk Bidebarrieta Zientifikoaren ziklo berri bati hasiera emateko balioko du. Oraingoan, zientzia dibulgazioko umorea izango da gaia, “Zientzia eta umorea, a ze parea!” izenburupean. Horretarako, bi hitzordu daude aurreikusita Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Lehenengoa irailaren 20an izango da, asteazkena, 19:00etan, eta Helena Gonzalez Big Van Cienciaren sortzaileetako batek eta Patxi Huarte Zaldieroak hartuko dute parte, Berria edo Ortzadar bezalako argitalpenetan. Bigarren saioan, irailaren 27an, asteazkena, Natalia Ruiz Zelmanovitch zientzia dibulgatzaileak eta Kike Amonarriz soziologo, umorista eta Bertsozientziako aurkezleak hartuko dute parte.

Azkenik, BZPn izango dira UPV/EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna, Donostia International Physics Center-eko (DIPC) presidentea eta Jakiundeko ohorezko presidentea, Pedro Miguel Etxenike, "Naturaren sekretua" dokumentalaren proiekzioan eta Miren Bego Urrutia UPV/EHUko Fisiologiako irakasle titularrak zuzendutako hitzaldi-solasaldian.