UPV/EHUk Euskadi ordezkatuko du Quality Innovation Award 2022an
Arrakasta programak euskal faseko irabazlearen saria jaso du, sektore publikoaren kategorian, Eusko Jaurlaritzaren eskutik
- Kronika
First publication date: 22/12/2022
Euskal Herriko Unibertsitatea (Ikasleen Zuzendaritza-Arrakasta Programa) aukeratu dute, beste sektore batzuetako beste 7 erakunderekin batera, Euskadi ordezkatzeko Quality Innovation Award 2022 lehiaketan, nazioarteko fasean lehiatuz. Euskal Herriko Unibertsitateak irabazi du euskal fasea sektore publikoaren kategorian, nabarmenduz "Unibertsitatea-Babeserako Sistema Publikoen Estrategia, Euskadiko babes-sistemetatik datozen eta unibertsitate-ikasketak arrakastaz egiten dituzten gazteen kopurua handitzeko, goi-mailako hezkuntzan aukera-berdintasuna bermatuz."
Arantza Martinezek, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen zuzendariak, Eusko Jaurlaritzaren eskutik jaso du berriki euskal fasearen irabazlearen aitortza, Donostiako Kursaalean egin den Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Sariaren Galan.
“Aitorpen horrek-Arantza Martínezek azpimarratzen duenez-Arrakasta programarekin egiten ari garen lana eta gure unibertsitateak kolektibo ahulak barne hartzeko hartutako konpromisoa balioesten ditu, eta, aldi berean, lanean jarraitzera bultzatzen gaitu, Foru Aldundietako haurrak eta nerabeak babesteko sistemetatik datozen gazteen kopurua handitu ahal izateko. Gazte horiek arrakastaz sartu eta garatzen dituzte beren unibertsitate-ikasketak, Goi Mailako Hezkuntzan aukera-berdintasuna bermatuz.”
Hemendik aurrera, Euskal Herriko Unibertsitatea nazioarteko Quality Innovation Award saria lortzeko lehiatuko da bere kategorian, urtero lehiaketan parte hartzen duten gainerako herrialdeetako 500 erakunde baino gehiagorekin batera. Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, beste kategorietan, honako hauek aukeratu dira: Osakidetzako TOLOSALDEKO ESIa, ITP Aero (Turbo Propulsores SA Industria), Cyber Surgery, CF Somorrostro, Nazaret eta Zabalburu Lanbide Heziketa, UPV/EHU (Ikasleen Zuzendaritza), Spouted Bed Solutions, RKL Integrala eta Rubi Estanpazioak. Nazioarteko epaimahai batek, nazioarteko hautagaitzak berriro ebaluatu ondoren, mundu mailan Quality Innovation Award saria irabaziko duten berrikuntzak aukeratuko ditu, eta sariak 2023ko otsailean egingo den Galan banatuko dira.
Arrakasta Programa
Unibertsitateko arrakasta akademikorako ARRAKASTA programa Euskal Herriko Unibertsitateak sustatutako ekimen aitzindaria da, eta helburua da baldintza egokiak sortzea eta/edo indartzea, Foru Aldundietako haurrak eta nerabeak babesteko eta gizarteratzeko sistemetan dauden gazteek unibertsitatera sartu eta goi-mailako ikasketak arrakastaz burutu ahal izan ditzaten. Programa 2017an jarri zen abian Gipuzkoan, Joana Miguelena Euskal Herriko Unibertsitateko Garaian taldeko kidearen ikerketaren ondorioz; izan ere, gazte horiek unibertsitate-ikasketak egiteko eta jarraitzeko zituzten zailtasunak antzeman zituen. Unibertsitatea Gipuzkoako Foru Aldundiko haur eta gazteen arduradunekin harremanetan jarri zen eta lankidetza-hitzarmen bat sinatu zen. 2018an eta 2019an Arabako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundia sartu ziren ekimenean, hurrenez hurren. Arrakastak, gainera, SM Fundazioaren laguntza ekonomikoa jasotzen du. Bestalde, programan parte hartzen duten ikasleen kopuruak gora egin du etengabe ikasturteetan zehar. Horrela, 2017-2018 ikasturtean 7 pertsonak parte hartu zuten programan, 2022-2023 ikasturtean, kopuru hori 42ra igo da.