euskaraespañol

image of the day

Arrakasta programa: saria irmotasunari

Proiektuak aintzatespen bat jaso du, diputazioek harreran hartutako gazteei unibertsitatera sartzeko laguntzetan erakutsitako jardunbide onengatik

  • News

First publication date: 13/06/2019

Zuzenbidea ikasten du, 21 urte ditu, eta, itxuraz, fakultateko beste edozein ikasle bezalako bizitza bat. Baina bada zerbait desberdina: unibertsitatera sartzeko kontra eduki zuen ia guztia eta, hala ere, karrera amaitzea lortu du. Txikia zela haurrak eta nerabeak babesteko programatan bizi izan zen, eta 18 urte bete zituenetik Gipuzkoako Foru Aldundiaren gazteen emantzipaziorako etxebizitza batean. Bekei, Euskal Herriko Unibertsitatearen Arrakasta programari, baina, batik bat, bere esfortzuari esker pronostikoak haustea lortu du. Aurten graduatzen da, eta abokatu gisa lan egiteko aukera emango dion masterra hasiko du.

Horixe zen, hain zuzen, unibertsitatearen asmoa, Arrakasta programa 2017an martxan jarri zuenean, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, alegia: haurrak zein nerabeak babesteko eta gizarteratzeko neurrien eraginpean bizi eta adinez nagusi diren gazteei unibertsitateko sarbidea erraztea eta ikasten jarraitzeko eta ikasketak arrakastaz amaitzeko aukera ematea.

Orain, bi urte igaro ondoren, proiektua finkatuta dago: hiru diputazioen konpromisoa du, eta Santa María Fundazioaren babesa. 2018/2019 ikasturtean, Arrakasta programak Gipuzkoako eta Arabako 14 ikasleri eman die zerbitzua (12 emakume eta 2 gizon), eta SIOU (Unibertsitateko Informazio eta Orientazio Zerbitzuak) Sarearen Jardunbide Egokien V. deialdiaren aitortza jaso berri du, Malagako Unibertsitatean orain dela gutxi egindako ekitaldi batean, non UPV/EHUko Ikasleentzako Argibide Zerbitzuko kideek proiektua eta emaitzak aurkeztu baitzituzten.

Jatorria: doktorego tesi bat

Ideia berritzailea zen, eta ez zegoen aplikatuta inguruko unibertsitate bakar batean ere. Beste proposamen asko bezala, ikerketa baten emaitzatik sortu zen: Joana Miguelena, Garaian ikertaldeko kidea, doktorego tesia egiten ari zen; zehazki, Gipuzkoako Foru Aldundiaren emantzipazio etxebizitzetan bizi ziren eta adinez nagusi ziren gazteen hezkuntza ibilbideak ari zen ikertzen.

UPV/EHUko ikertzailea konturatu zen oso pertsona gutxik egiten zutela unibertsitatera joatearen aldeko hautua; gehienek nahiago zuten iraupen gutxiagoko ikasketak egin. Ohartu zen adin nagusitasunera iristea eta unibertsitateko sarrera batera ematen zirela eta, beraz, erakundeek gazte horiei emandako babesa ere orduan amaitzen zela. Egoera hori dela eta, haien historial akademikoa ona izanda ere, gazte horietako gehienek ez dute unibertsitatea ikusten aukera posibleen artean.

Joana Miguelena harremanetan jarri zen unibertsitateko arduradunekin, eta desabantaila egoera batetik abiatzen ziren gazteei unibertsitate prestakuntza errazteko konponbideak bilatzera animatu zituen. UPV/EHU eta Gipuzkoako Foru Aldundia bat etorri ziren proposamenaren garrantziarekin, eta akordioak sinatu zituzten Arrakasta Programa martxan jarri ahal izateko.

Lan egiteari utzi, ikasteko

Hainbat ikaslek parte hartu dute jada Joana Miguelenaren ikerketan. Horietako batek Zuzenbide ikasketak amaitu ditu, eta babespeko gazteen prestakuntzarako laguntzari lotutako gaien inguruan egin du Gradu Amaierako Lana. Hurrengo ikasturtean abokatu gisa gaituko duen masterra hasiko du.

Gazte horrek ikertzaileak izandako ikuspegia eta askotan estigmatizatua izan den kolektibo bati ekarri dizkion onurak azpimarratu du, Miguelenak berak duela gutxi ohartarazi bezala.

“Arrakasta programak lasaitasun handia ematen dizu unibertsitatean ikastea planteatzen duzunean” nabarmendu du. Ikasle hori Zuzenbideko hirugarren maila egiten ari zenean sartu zen programan. Ordura arte, ikasi eta aldi berean lan egin zuen, aurrera egiteko diru sarrerak lortu ahal izateko.

“Orain udan bakarrik egiten dut lan —azaldu du—, eta urtearen gainerako hilabetetan, bekaren bidez eta Arrakasta programak emandakoaren bidez ordaintzen ditut gastuak. Programaren defendatzaile handia, sentsibilizazio handiagoa eskatzen du babestutako ingurunetatik datozen gazteen artean: “Garrantzitsua jakin dezaten ate hau irekita dutela —argudiatu du— eta, nahi badute, ikasten jarrai dezaketela. Gero… hauta dezatela zer egin nahi duten, baina ez diezaiotela, besterik gabe, uko egin”.

Arrakasta programak zifrak bikoiztu ditu: 2017/18 ikasturtetik aurtengora 7tik 14 ikasle izatera pasatu dira, eta programaren helburua da ahalik eta gazte gehien sentsibilizatzea. “Gero eta ikasle gehiago iristen dira, unibertsitatea aukera erreal gisa planteatzen duten gazteak gero eta gehiago direlako” azaldu du Montse Maritxalarrek, Ikasleen zuzendariak.

Diru laguntza bat emateaz gainera, Arrakasta programak jarraipen eta aholkularitza indibidualizatua eskaintzen die gazteei, Ikasleentzako Argibide Zerbitzuko teknikarien bidez, eta zerbitzuko kideak diputazioen teknikariekin ere koordinatzen dira. Laguntza logistikoaren artean, besteak beste, maileguak ematen edo materiala finantzatzen da ikasketak egiteko. Gainera, eskatzen badute, ikasleek ikasketa tutore bat dute beren unibertsitate ikastegian, eta erreferente gisa balioko die hezkuntza ibilbide osoan.

Ikasleen zuzendariak azaldu duenez, “diputazioen babes sistemetatik datozen edo gizarteratze sistemen laguntza jasotzen duten UPV/EHUko ikasleek ematen diote esanahia programaren Arrakasta hitzari: haien ibilbide arrakastatsuari esker, oztopoak oztopo, unibertsitatera iristea lortu dute.”