Argitalpen Zerbitzuaren 40. urteurrena
When and where
From: 25/04/2022 To: 29/04/2022
Description
Liburuaren Nazioarteko Egunaren inguruan ospatzekoa da UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuaren 40. urteurrena. Ekitaldi nagusia apirilaren 25ean astelehena, goizeko 12:00etan Bizkaia Aretoan, honako egitarau honekin:
• Miren Ibarluzea, Kulturaren arloko zuzendari andrearen ongietorri hitzak.
• Argitalpen Zerbitzuaren ibilbidea Elisabete Alberdi, Argitalpen Zerbitzuko zuzendari andrearen eskutik.
• Ponentzia Mª Isabel Cabrera, UNEren lehendakari andrearen eskutik. Ponentziaren titulua: Luces y sombras de ser un editor universitario del siglo XXI.
• M. Juncal Gutierrez, errektoreorde andrearen hitzaldia.
• Ekitaldiaren amaiera Eva Ferreira, Unibertsitateko errektore andrearen eskutik.
• EHUorkestraren musika emanaldia.
Gainera, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzutik irakurzaletasuna era berezian sustatzeko asmoz Trukatuz ekimena jarri da abian. Horren bitartez, hiru campusetan liburuen trukea sustatuko da, eta horretarako, doan eskainiko dira unibertsitateak argitaratutako lanak. Halaber, beste ekitaldi batzuk ere ikusgai izango dira campusetan, hala nola bertsoak, musika edo hitzaldiak.
40. urteurrenaren programa osoa
Apirilak 25ean – Bizkaia Aretoan
12:00: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuaren 40. urteurrreneko ekitaldia & Trukartuz
Apirilak 26an – Arabako Campusean
10:00-16:00 – Trukartuz – Elurreta ikasgelategian
Apirilak 27an – Leioako Campusean
10:00-16:00 – Trukartuz – Liburutegi Nagusiaren ondoan
12:30 – eRRe (Aldarri bat bertsoz) – Laboa Plazan
Apirilak 28an – Gipuzkoako Campusean
10:00-16:00 – Trukartuz – Carlos Santamaria Zentroaren ondoan
13:00 – Gipuzkoako Campuseko errektoreordearen hitzak eta Liburutegiaren 10. urteurreneko bideo-aurkezpena
13:45 – Miren Agur Meabe idazlea eta Karmele Castillo biolontxelo jotzailea
Apirilak 29an – Nautikan (Portugaleten)
10:00-16:00 – Trukartuz
Informazio gehiago honako web orri honetan: https://www.ehu.eus/eu/web/argitalpen-zerbitzua/az40
Argitalpen Zerbitzuaren historia
1981eko abenduaren 29an, Ikerketako Errektoreordeak, José Luis Ramirez Ortizek, UPV/EHUren argitalpen-politika bat ezartzeko beharrari buruzko dokumentua sinatu zuen. Gregorio Monreal zen orduan Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea. Argi ikusten zen Unibertsitatearen eginkizunetako bat zela Unibertsitateko fakultate eta eskoletan egiten zen lana zabaltzea. Dokumentu horretan aipatzen dira argitaratzeko modukoak izan zitezkeen lanak. Besteak beste, errentagarriak ez izateagatik enpresa komertzialek editatuko ez zituzten lanek lekua izan zezaketela aipatzen da; unibertsitateko ikerketen emaitza izango diren artikuluak; doktorego-tesiak eta lizentziatura-memoriak; bertoko irakasleek idatzitako eskuliburuak eta testu-liburuak; askotariko argitalpen orokorrak (memoriak, ikasleentzako gidak, beka eta laguntzei buruzko informazioa, etab.). 1981eko dokumentu hartan aurreikusten zen euskaraz sortutako materialak izango zuen gehikuntza, eta Argitalpen Zerbitzuak haiei bide eman ziezaiekeela. Euskararekin lotuta, euskal ikasketei buruzko programak ezarrita zeuzkaten atzerriko unibertsitateetako sailekin lanean jarduteko espazio interesgarri gisa ere ikusten zen.
1982ko urtarrilaren 19an egin zen Gobernu Kontseiluan tratatu zen Argitalpen Zerbitzua sortzearen gaia. Bilera hartan onartu zen Argitalpen Zerbitzua sortzea, eta Argitalpen Kontseilua osatuko zuten bederatzi kideak ere bai.
Bere ibilbidean, Argitalpen Zerbitzuak hamar zuzendari izan ditu: José María Rivera Pomar, José Luis Melena Jiménez, Joakin Gorrotxategi Txurruka, Francisco Javier Corcuera Atienza, Juan Igartua Salaberria, Javier Duoandikoetxea Zuazo, José Ignacio Armentia Vizuete, Teresa Agirreazaldegi Berriozabal, Leire Escajedo San Epifanio eta Elisabete Alberdi Celaya.
40 urteko ibilbidean, Argitalpen Zerbitzuak punta-puntako lanak argitaratu ditu. Horren lekuko dira bertan argitaratutako lanek jaso dituzten sariak. Guztira, hamalau lan saritu dituzte. Aipatutako sariez gain, Argitalpen Zerbitzuak argitaratutako lau seriek eta bildumak FECYTek (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología) ANECAren eta UNEren laguntzaz antolatzen duen Akademiako Edizioaren Kalitate Zigiluak (CEA-APQ) jaso dituzte.
Nazioartean aitortutako profesionalizazio-baldintzak betetzen dituzten Espainiako argitalpen zientifikoak identifikatzea eta aitortzea dute helburu kalitate- zigilu horiek. Horrez gain, 2016. urtetik aurrera, gure serieak eta bildumak Book Citation Index-ean daude, liburu zientifikoen indize ospetsuenean. Bereizgarri horiei esker, argitalpen zientifiko asko modu garrantzitsuan kokatu dira merkatu nazionalean eta nazioartekoan. Eta Espainiako aldizkari zientifikoen kalitate editoriala eta zientifikoa ebaluatzeko kalitate-zigilua lortu dute guk argitaratutako bederatzi aldizkarik.
“UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak euskaraz sortu eta idatzitako lan zientifikoen zabalkundean jokatzen duen papera azpimarratu nahiko nuke”, adierazi du Juncal Gutierrez Mangado Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak. Gainera, gehitu du euskaraz idatzitako lan zientifikoen argitalpenean, Argitalpen Zerbitzua “aitzindaria dela”.
Guztira, berrogei urte hauetan Argitalpen Zerbitzuak 4.686 lan argitaratu ditu, liburuak eta aldizkariak barne. 2021ean, argitaratutako lanen % 52,15 gaztelaniazkoak izan dira, eta % 44,22 euskarazkoak. Euskaraz eta gaztelaniaz publikatzeaz gain, bereziki ingelesez argitaratu ditu lanak Argitalpen Zerbitzuak; hala ere, frantsesez, italieraz, latinez, portugesez eta alemanez ere argitaratu du, baita grekoko edo errusierazko testuak dituzten lanak ere.