euskaraespañol

image of the day

Antibiotikoekiko erresistentzia: XXI. mendeko pandemia?

Osasun arazo larri horrek disziplina arteko ikerketa eta hiritarrak kontzientziatzea eskatzen ditu

  • Research

First publication date: 07/11/2019

Acinetobacter baumannii superbakterioaren irudia. MOEren lehentasunezko patogenoen zerrendan lehen postuan dago, antibiotiko berrien I+G bultzatzeko asmoz, hain zuzen ere, lehentasun kritiko 1 taldean. Argazkia: Lucia Gallego

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) eta nazioarteko beste erakunde batzuen arabera, 2050 urtean 10 bat milioi pertsona hilko dira antibiotikoekiko erresistentziaren ondorioz; alegia, minbiziak baino heriotza gehiago eragingo ditu.

Esaterako, Europan, bakterio erresistenteek eragindako infekzioen kopurua gripeak, GIBak eta tuberkulosiak eragindakoen batura adina da. 1940ko hamarkadan ekin zitzaion antibiotikoen erabilerari, eta bakterioek haiez defendatzen ikasi dute.

Ez da harritzekoa, beraz, NBEk adieraztea «medikamentuekiko erresistenteak diren gaixotasunen krisi gogor baten atarian» gaudela, edo Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) mikrobioen aurkakoekiko erresistentzia osasun globalarentzako hamar mehatxu nagusienen artean sartzea, eta urte honetako lehentasunezko gai izendatzea, besteak beste, klima aldaketa eta giza osasunarekin, gripearekin, ebolarekin, GIBarekin edo dengearekin parekatuta.

Antibiotikoek bakterioen aurka gero eta eraginkortasun gutxiago izatearen ondorio ekonomikoak ere kezkagarriak dira: 2018an, arazo sanitario horrek 1.500 milioi euroko gastu gehigarria eragin zion Europar Batasunari. Egoera berean dira munduko beste leku batzuk, baina are larriago Afrikan eta Asian, erresistentziaren arazoa handiagoa baita bertan, eta ekonomia zein erabateko garapen sozioekonomikoa nabarmen geldotuko dituelako.

Baina, zer da eta zerk eragiten du?

Antibiotikoekiko erresistentzia bakterioen defentsa mekanismo bat da, antibiotikoen eraginari erantzuteko.

Lucía Gallego doktoreak (Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen ordezkaria da Antibiotikoekiko Erresistentziaren Aurkako Espainiako Planean, eta fakultate honetako irakaslea) azaltzen duen eran, erresistentziaren jatorria askotarikoa da: «Batetik –dio–, antibiotikoen gehiegizko erabilera pertsonetan nahiz animalietan; eta pazienteek tratamendua behar bezala ez gauzatzea». Beste faktore erabakigarri batzuk dira, ikerlariaren hitzetan, «ospitaleetan infekzioak modu desegokian kontrolatzea, higiene eta saneamendu egokirik eza eta antibiotiko berririk ez garatzea»; izan ere, farmazia enpresentzako errentagarriagoa da beste osasun esparru batzuk ikertzea.

Abeltzaintzan, Nekazaritzan eta Akuikulturan antibiotiko gehiegi erabili izana ere arazo sanitario horren kausetarik bat da. Medikamentu horiek haztegi intentsiboetan, arrain haztegietan eta landan erabiltzearen eraginez, antibiotiko hondarrak iristen dira ingurumenera, eta bakterio erresistenteak garatzen dira.

Ez da asko itxaron behar izan ondorioak nozitzeko; hilkortasun tasak handitu dira, hala nola kostu ekonomikoak (ospitale egonaldiak ugaritu direlako) eta gastuak (proba diagnostiko gehiago behar direlako, kirurgia erasokorragoak, egonaldi gehiago ZIUn, etab.).

One Health: Talde lana

Arazoa hain neurri gabe hazita, Nazio Batuen Erakundeak erabaki du antibiotikoekiko erresistentziari ikuspegi diziplinarteko batetik aurre egitea. One Health deitu dio ikuspegi horri eta Erakundearteko Koordinazio Talde bat eratu du, giza osasunean, animalia osasunean eta ekosistemetan oinarrituta aztertzen duena aipatu arazoa.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea lankidetzan ari da Osasun Ministerioko Medikamentu eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentziaren PRANarekin (Antibiotikoekiko Erresistentziaren Aurkako Espainiako Plana).

Euskal Herriko Unibertsitatearentzat ere lehentasunezko esparrua da; hori horrela, erresistentzia kontrolatzeko ikerketa egitasmoak sustatzen ditu. Horretarako, JRL (Joint Research Laboratory on Environmental Antibiotic Resistance) sortu du Euskampus fundazioarekin lankidetzan, Lurralde jasangarri eta osasungarriaren poloaren barnean. JRL organismo diziplinartekoa da, eta haren kide dira Zientzia eta Teknologia Fakultatea, Farmazia Fakultatea, Bilboko Ingeniaritza Eskola, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea, BC3 (Basque Center for Climate Change) eta Neiker. 

«Superbakterio» horien espektro osoa hartzen dute barnean zentro horren ikerketa ildoek, tartean, uraren eta lohien antibiotiko edukiari eta ondorioei buruzko analisiak, klima aldaketaren eragina andui erresistenteek ingurumenean duten iraunkortasunean, erresistentzia elikagaietan eta nekazaritza lurretan, eta arazo hori ospitale isolamenduetan hauteman eta kontrolatzea.

Korri erresistentziarik gabe!

Datorren azaroaren 18an, European Centre for Disease Prevention and Control zentroak antibiotikoen erabilera egokiaz kontzientziatzeko Europako Eguna ospatuko du. Hori dela eta, PRANek, fakultate biosanitarioekin batera, lasterketa bat antolatu du azaroaren 17an, estatuko hainbat hiriburutan, aipatu arazoaz sentsibilizatzea xede.

 Lasterketa bat antolatu da azaroaren 17an, estatuko hainbat hiriburutan, eta arazoaz sentsibilizatzea du xede

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak, UPV/EHUren beste erakunde batzuekin batera, lasterketa bat antolatu du Bilbon, Herri Krossaren 32. edizioaren barne egingo dena lelo honekin: «Korri erresistentziarik gabe! Bakterio erresistenteak garaitzea zure esku dago: Erabili zuzen antibiotikoak!». Herri lasterketaren antolatzaileek babes osoa eskaini diote aldarri horri, eta berebiziko garrantzia izan dute egitasmoa gauzatu ahal izateko eta behar bezalako oihartzuna izan dezan.

Antibiotikoekiko erresistentziaren arazoa ez da gaur goizekoa; esaterako, Alexander Flemingek jada aipatu zuen 1945ean Nobel saria jaso zuenean. Gaur egun, ia 75 urte geroago, arazoa presakoa bihurtu da, eta gizartea kontzientziatzea, beharrezkoa.