euskaraespañol

UPV/EHUko irakasle Ángel Rubio Alemaniako Natur Zientzien Leopoldina Akademiako akademiko izendatu dute

  • Kronika

First publication date: 04/04/2023

Image

Euskal Herriko Unibertsitateko Fisika Materialen katedradun, Nano-bio Spectroscopy Group ikertaldearen arduradun eta Hamburgoko Max Planck Institute for the Structure and Dynamics of Matter sailburu Ángel Rubio Alemaniako Natur Zientzien Leopoldina Akademiako akademiko izendatu dute (Deutsche Akademie der Naturforscher Leopoldina - Nationale Akademie der Wissenschaften), Fisika atalean.

Alemaniako Natur Zientzien Leopoldina Akademia 1652an sortu zen eta uste da munduko sozietate zientifikorik zaharrena dela. Sortu zenetik, 7.500 akademiko erakundeko kide izan dira. Horien artean 170 Nobel saridun daude. Marie Curie, Albert Einstein eta Alexander von Humboldt izan ziren akademiako kide bere garaian. Kideen hiru laurden inguru akademiaren jatorrizko herrialdeetakoak dira (Alemania, Austria eta Suitza) eta soilik laurden bat datoz munduko gainontzeko herrialdeetatik. 1878tik, egoitza du Halle hiri saxoian. 2008tik Alemaniako Zientzien Akademia Nazionaleko parte da.

Akademiko berriak honako hau nabarmendu du: “Leopoldina akademian onartua izatea pribilegio handia da, eta, horrez gain, ohorea da nire izena akademia horretako kide historikoen zerrenda anitzari lotuta ikustea; izan ere, pertsona horiek ezagutza arlo guztietan, eta, gehien bat, fisika kuantikoan eta zientzia materialen eta nanozientziaren fisikan aurrerapen handienak markatu eta definitu dituzte”.

Ángel Rubio American Association for the Advancement of Scienceren (AAAS) osoko kidea da, Amerikako Zientzien Akademia (NAS) ospetsuko kidea, American Physical Societyko (APS) eta European Physical Societyko (EPS) ikertzailea eta Europako Zientzien akademiako kidea (AE); hala, zientziari egindako ekarpen handia aitortu zaio. 2022an, Berlin-Brandenburgischen Akademie der Wissenschafteneko kide izendatu zuten. Era berean, “highly cited researcher” izendatua izateaz gain, zientziaren alorreko sari ugari jaso ditu, hala nola Max Born 2018 domina eta saria, Alexander von Humboldt fundazioak emandako Friedrich Wilhelm Bessel saria eta Rey Jaime I saria Oinarrizko Zientziaren alorrean. Birritan jaso du Europako Ikerketako Kontseiluak emandako ERC Advanced Grants prestigiotsuetako bat. European Research Councilen dirulaguntza ospetsu horiek Europako zientzialaririk onenei eta proiektu abangoardistenei baino ez zaizkie ematen. Halaber, Espainiako Fisikako Errege Elkarteak 2016an erakundearen domina eman zion. Erakundeak Rubio irakaslearen lana aitortzen zuen bigarren aldia zen. 1991an Ikertzaile Berriaren saria jaso zuen.