euskaraespañol

Image of the day

Ana Zubiaga, Radio Bilbao Ikerketako Bikaintasunaren saridun

'Radio Bilbao Sarien’ bigarren edizioan UPV/EHUko ikertzailea eta irakaslea izan da saridun

  • News

First publication date: 18/04/2018

Ana Zubiaga
Ana Zubiagak 'Radio Bilbaoren Bikaintasunaren Saria' jaso zuen bart Joseba Vidorreta Quirónsalud Euskadiko zuzendariaren eskuetatik

'Radio Bilbaoren Bikaintasunaren Sarien' bigarren edizioak Ana M. Zubiaga ikertzailea saritu du 'Ikerketa' atalean, hogeita hamar urte luzetan ikertzaile lanbidean erakutsi duen bikaintasunagatik, Estatu Batuetan doktorego ondoko prestakuntza jaso zuenetik Bizkaira itzuli zen arte, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) zientzialari berriak prestatzen eta haien tutore izaten egindako lanarekin batera.

Ana M. Zubiaga Radio Bilbaoren Bikaintasunaren Sariak UPV/EHUn garatu zuen doktorego aurreko ikerketa jarduna, eta Tuftseko eta Harvardeko Unibertsitateetan (1986-1994) doktorego ondokoa. Hala, Harvardeko Unibertsitatean espezializatu zen minbiziaren garapenean inplikatutako geneen erregulazioaren azterlanean. 1995ean irakasle jardunean hasi zen UPV/EHUn. Gaur egun Genetika arloko katedraduna da eta gradu eta gradu ondoko ikasketetan da irakasle.

Minbiziaren Biologiaren eta Genetikaren konfluentzia da bere ikerketa eremua. Diseinu esperimentalek zelula-ereduen eta biologia molekular klasikoaren, hurbilketa genomikoaren eta proteomikoaren konbinazio bat hartzen dute barnean, baita animalien eredu genetikoak ere. Hemen ikertzaile lanean hasi zenetik etengabe jaso du finantzaketa ikertzaile nagusi gisa 20 proiektu nazional eta autonomiko baino gehiagotan.

Nabarmentzekoa da bere partaidetza Consolider-Ingenio proiektuetan (2007-2012). Ikertalde kontsolidatu baten buru da; 2001ez geroztik Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du taldea, eta irakasleek, doktorego aurreko eta ondoko ikertzaileek eta Ikerbasque ikertzaileek osatua da.

Bere taldeak ikerketaren eremu honi egindako ekarpenen artean aipatzekoak dira garrantzizko hainbat argitalpen (Cell, Immunity, J Clin Invest, Nucleic Acids Res), non E2F faktoreen funtzio fisiologikoak eta patologikoak deskribatu izan dituzten, eta faktore horien jarduera transkripzionalaren eta minbizian eta ehunen narriaduran duten inplikazioaren azpian diren mekanismoak disekzionatu dituzte.

Bere taldeak elkarlanean dihardu ikertalde nazionalekin (CNIO, Bartzelonako Unibertsitatea) eta nazioartekoekin (NKI, Harvard, Karolinska, Kalifornia-San Diego Unibertsitatea) eta elkarlan horietan bisitaldi luzeak egin ohi dituzte haien laborategietara taldeko kideek.

60 artikulu baino gehiago argitaratu ditu, gehienak Biologia Molekularra eta Genetika arloan inpaktu handia duten (1 kuartila eta 1 dezila) aldizkarietan, eta 3.900 aipamen baino gehiago jaso izan ditu. 17 doktorego tesi zuzendu ditu, eta master amaierako 27 lan baino gehiago. Gainera, Genetika eta Biologia Molekularra arloko nazioarteko kongresuetan aurkeztu izan ditu bere lanak, eta ikerketako eta dibulgazio zientifikoko Mintegiak ematera gonbidatu izan dute. Sei seiurteko bete ditu ikerketan eta bost bosturteko irakaskuntzan. 

Erantzukizun instituzionalak UPV/EHUn: Bozeramailea Animalien Ongizatearen aldeko Etika Batzordean (2009-14), Ikerketa Batzordean (2006-09) eta Gradu Ondoko Batzordean (2013-14); Koordinatzailea Genetika Molekularreko Doktorego Programan (2005-10) eta Biologia Molekularra eta Biomedikuntza Masterrean (2008-14), Zuzendaria Biomedikuntza Molekularreko Ikerketa eta Prestakuntza Unitatean, eta Aholkularia Genomika zerbitzu orokorrean (2003-orain).

Jarduerak aditu gisa: Ebaluazio eta Prospektibako Agentzia Nazionalaren Koordinazio Laguntzaile (2005-08 eta 2015-orain); Ad hoc gainbegiratzaile Estatuko eta nazioarteko hainbat programaren Ebaluazio Batzordeetan. Gainbegiratzaile nazioarteko aldizkari zientifikoetan. Espainiako unibertsitateetako tesien 80 epaimahaitan baino gehiagotan parte hartu izan du.

Aholkularitza Zientifikoa: Bozeramailea Kantabriako IDIVAL Osasun Ikerketa Institutuko Kanpoko Kontseilu Zientifikoan (2001-orain); Bozeramailea Kantabriako Biomedikuntza eta Bioteknologia Institutuko Kanpoko Kontseilu Zientifikoan (2016-orain); Kide hautetsia Minbiziaren Ikerketarako Espainiako Elkarteko Zuzendaritza Kontseiluan (2007-20).