euskaraespañol

image of the day

Amaia Abanda Elustondok jaso du aurtengo Gladys Saria

  • News

First publication date: 26/09/2023

(Ezkerretik eskubira) Amaia Bernarás epaimahaikideak Amaia Abandari saria eman dio | Photo: UPV/EHU

Amaia Abanda Elustondo (Donostia, 1989) izan da Gladys Sariaren III. edizioko irabazlea, eta PUNTUEUS eta UPV/EHUko Informatika Fakultatearen eskutik jaso du garaikurra Informatika Fakultatean antolatu den ekitaldian.

Epaimahaiak Abandaren disziplonartekotasuna baloratzeaz gain, “emakumeak teknologian sustatzeko duen gogoa eta etorkizuneko proiektuekiko erakutsi duen ilusioa” ere azpimarratu nahi izan ditu. Gladys Saria PUNTUEUS Fundazioak eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak antolatu dute.

Horrez gain Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren eta Emakunde, emakumearen euskal erakundearen babesa dauka sariak, eta Danobatgroup industria-taldearen eta UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntza.

Lehiaketaren helburu nagusietako bat arlo teknologikoan emakume erreferente berriak sortzea da, izan ere, oraindik, gizonezko kopurua emakumeena baino askoz altuagoa da. Bestalde, gazteenen artean STEM bokazioak sustatzea ere badu xede sariak.

Ekitaldian, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendaria, Lorea Arakistain PUNTUEUSeko marketin zuzendaria, Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria, Naiara Aginako, UPV/EHUko Informatikako Fakultateko Ikasleen dekanordea eta Amaia Bernarás epaimahaikidea egon dira.

Abandak ilusio handiarekin jaso du saria, baina lanean jarraitu behar dela azpimarratu du. “Hurrengo belaunaldiko neska gazteek ikusi behar dute STEM alorretako lanbideetan gure tokia dugula eta Gladys Saria bezalako ekimenak oso lagungarriak dira helburu hori lortzeko”, azaldu du.

Olatz Aberlaitzek, UPV/EHUko Informatikako Fakultateko berdintasun batzordeko kideak gidatu du ekitaldia eta Gladys Saria irabazi duten hautagaien profilen inguruko balorazioa egin du. “Orain arteko saridunen profila desberdina izan da eta horrek esparru digitalean aritzen diren emakumeen arteko aniztasuna eta hauek gizarteari alor desberdinetan egiten dizkioten ekarpenak agerian uzten ditu”.

“Urtetik urtera egiten dugun balorazioa gero eta positiboagoa da. Aurten 28 hautagaitza ebaluatu ditugu, guztiak maila oso altukoak, eta honen aldeko apustua egiten jarraituko dugu”, gaineratu du Lorea Arakistainek, PUNTUEUSeko marketin zuzendariak.

Informatikara bideratutako matematikaria

Amaia Abanda Donostian jaio zen 1989an. Ibilbide akademikoari dagokionez, matematikaria da, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB) burutu zituen ikasketak.  Ondoren, Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuko (KISA) masterra egin zuen 2014-2015 ikasturtean UPV/EHUko Informatika Fakultatean. Azkenik Basque Center of Applied Mathematics (BCAM) eta UPV/EHU-ko Informatikako Fakultateko Intelligent System Group (ISG) taldeen artean burutu zuen tesia aurkeztu zuen 2022an.

Gaur egun Tecnalia ikerkuntza zentroan dihardu lanean datu zientzian ikerlari bezala. Azpimarratu behar da KISA masterrean 2014-2015 ikasturteko espediente onenaren saria eman ziotela, eta  2018an Congreso de la Asociación Española Para la Inteligencia Artificialean (CAEPIA), tesi proiektu onenaren aipamena jaso zuela.

Ikertzaile lanaz gain, ekimen handiko emakumea da eta azken urteetan lankidetzarekin, dibulgazioarekin eta genero-berdintasunarekin erlazionatutako hainbat proiektutan parte hartu du.

Gladys Sariari buruz

Gladys del Estal informatikariaren izena daraman sariaren helburua ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferente berriak sortu eta haien lana jendarteratzea da. Donostiako Informatika Fakultatean ikasi zuen emakume horren lana gogoraraztea ere lehiaketaren funtsetako bat da.