euskaraespañol

Image of the day

Arizonako altzifrea espezie exotikoarekin

Aldaketa klimatikoak mesede egiten dio Arizonako altzifrearen gaitasun inbaditzaileari

Espezie horrekin basoberritzeari buruzko eta egungo testuinguruan duen gaitasun inbaditzaileari buruzko azterlan batean parte hartzen ari da UPV/EHU

  • Research

First publication date: 30/04/2024

Azterlana La Pedrizan (Madrilgo Erkidegoa) egin da | Photo: UPV/EHU

Madrilgo Unibertsitate Konplutentsearen eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen azterlana La Pedrizan (Madrilgo Erkidegoa) egiten ari dira, eta hainbat aldagai demografiko eta aldaketa klimatikoaren hainbat agertoki konbinatzen ditu Arizonako altzifrea espezie exotikoarekin. Arizonako altzifreak birsortzeko gaitasun handiagoa du, hilkortasun tasa txikiagoa du eta hobeto erantzuten du muturreko lehorte egoeretan; ondorioz, bertako pinu espezieak ordezka ditzake.

Egungoaren gisako aldaketa klimatikoko testuinguru batean, Arizonako altzifrea espezie exotikoak areagotu egin lezake haren gaitasun inbaditzailea. Hala, gehiago heda liteke, eta bertako basoko espezieak ordezka litzake, hala nola pinu gorria. Ondorio hori atera du Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak (UCM) egindako ikerketak; Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) parte hartu du ikerketan. 

Arizonako altzifrearen gaitasun inbaditzailea ebaluatzeko gure herrialdean egindako lehenengo hurbilketa da lan hau, NeoBiota aldizkarian argitaratua. Espainiako erdialdeko eremuan, neguko alergiaren erantzule nagusietako bat da espezie hori. 

La Pedrizan (Madrilgo Erkidegoa) egindako azterlan honek frogatzen duenez, bertako pinu espezieekin alderatuta, Arizonako altzifreak birsortzeko gaitasun handiagoa du, hilkortasun tasa txikiagoa du eta hobeto erantzuten du muturreko lehorte egoeretan. 

“Aldaketa klimatikoaren eraginez, muturreko gertaera klimatikoen maiztasuna eta magnitudea handitu egiten dira; esaterako, lehorteena. Testuinguru horretan, espezie exotikoek aukera bat topa dezakete hedatzeko; batez ere, baldintza klimatiko berrien aurrean bertako espezieek baino tolerantzia maila handiagoa badute”, nabarmendu dute ikertzaileek. 

Ipar Amerikako koniferoa da Arizonako altzifrea. Ingurumen baldintza eta lurzoru mota ugaritara moldatzeko erraztasun handia duenez, eremu narriatuak basoberritzeko proiektuetan erabili izan da hainbat herrialdetan, hala nola Espainian. 

“Eremu batzuetan espezie inbaditzaile gisa katalogatuta dago, adibidez Hawaiien, baina gure herrialdean ez. Dena den, une honetako aldaketa klimatikoaren testuinguruan, aldatu egin daiteke espezie horren gaitasun inbaditzailea”, gehitu du Enrique Andiviak, UCMko Biodibertsitate, Ekologia eta Eboluzio Saileko ikertzaileak. 

1960 eta 1970 artean basoberritutako eremu horietako bat azterlan honen kokapena da, La Pedriza, Guadarramako Parke Nazionalean dagoena. Eremu horretan Arizonako altzifrea landatu zuten, bertako beste espezie batzuekin batera; adibidez, pinu gorria, larizio pinua edo itsas pinua. 

Arizonako altzifrearen gaitasun inbaditzailea ebaluatzeko, ikertzaileek bertako pinu espezieekin alderatu zituzten haren leheneratzeko gaitasuna eta hazkundea. Gainera, dendrokronologia tekniken bidez –zuhaitzen enborretako eraztunak aztertzen dituen zientzia–, klimak eta muturreko lehorteak espezie horien hazkundean zuten eragina ebaluatu zuten, eta aldaketa klimatikoaren hainbat agertokitan proiektatu zuten erantzuna. 

Basoko ekosistemak kudeatzeko oso garrantzitsuak diren bi alderdi nabarmentzen ditu azterlan honek. “Lehenengoa, basoberritze proiektuetan bertakoak ez diren espezieak erabiltzearen arriskua da. Horiek, aldaketa klimatikoaren aurrean, espezie inbaditzaileak bihur daitezke eta bertako espezieak ordezka ditzakete. Bigarrena, eta lan honen testuinguruari gehiago egokitzen zaiona, gure basoko ekosistemetan espezie horren hedapena kontrolatzeko neurriak ezartzeko beharra da”, ondorioztatu du ikertaldeak. 

Informazio osagarria 

Asier Herrerok parte hartu du ikerketan. UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko irakasle laguntzaile doktorea da Herrero. Basoko ekosistemek aldaketa globalarekin lotutako asalduren eta estres faktoreen aurrean duten zaurgarritasunaren eta erresilientziaren analisia da haren ikerketa lerro nagusia. Era berean, Euskal Herriko Unibertsitateko FisioKlima-AgroSosT ikertalde finkatuko kidea da. 

Bibliographic reference