euskaraespañol

Image of the day

Akuikultura, Euskadirentzat potentzial handia duen jarduera

Akuikulturaren Eguneko Jardunaldietan mikroalgen eta itsaskien aukerak aztertu ziren

  • Kronika

First publication date: 30/11/2021

Azaroaren 30ean ospatzen den Akuikultura Eguna dela eta, ostiralean, hilak 26, Bizkaia Aretoan, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak eta UPV/EHUko Plentziako Itsas Estazioak antolatutako Akuikultura Eguneko Jardunaldiak egin ziren.

Aurten, balio erantsi handiko produktuei buruzkoak izan dira hitzaldiak, hala nola mikroalgei eta itsaskiei buruzkoak. Hainbat esparrutatik sektorea ezagutzen duen publiko baten aurrean, hala nola unibertsitate, enpresa pribatu edo sektore publikoko kideak, Kultibatutako Mikroalgen Euskal Bilduma (BMCC) aurkeztu zen, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean dago bilduma, eta 700 mikroalga-andui baino gehiago biltzen ditu eta mikroorganismo horietatik produktuak lortzeko hainbat proiektu garatzen ditu. Hitzaldian, BMCCko Esther Blanco Rayónek bildumaren etorkizuneko helburuak eta proiektuak azaldu zituen. Bildumak erreferentzia izan nahi du mikroalgen alorrean euskal enpresa-sare bioteknologiko osoarentzat.

Ondoren, Bay of Biscay Aquatics enpresako Marta Aranak itsaski-hazkuntzarako eta, bereziki, banaketa-katerako garatzen ari diren soluzio teknologikoak erakutsi zituen. Azkenik, Algaloop enpresako Anaut Frantz Patterson-ek mikroalgen produkzioan eta ekonomia zirkularrean oinarritutako proiektua aurkeztu zuen.

Hitzaldien ondoren, mahai-ingurua egin zen, Manu Soto Plentziako Itsas Estazioko zuzendariordeak moderatua. Bertan, mikroalgen teknologiaren etorkizunari edo itsaskia elikatu eta mantentzeko prozesuei buruzko hainbat gai eztabaidatu ziren.

Jardunaldi horretan ateratako ondorioa da Euskadik ahalmena duela akuikulturaren sektorean jarduerak areagotzen jarraitzeko, eta ez bakarrik sektore tradizionalenean; izan ere, mikroalga-laboreak eta teknologia-garapen garrantzitsuak dituzten enpresak izateak aukera emango du balio erantsi handiko produktuak lortzeko behar diren erronkei aurre egiteko.