euskaraespañol

image of the day

Agustín Sánchez Lavega, UPV/EHUko katedraduna, urteko albiste onenen III. Edizioan saritua

APRTEk, Euskadiko irrati eta telebista profesionalen elkarteak, saritu egin du

  • News

First publication date: 23/12/2019

Agustin Sanchez Lavega astrofisikariak, Fisika Aplikatuko katedradun eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako (UPV/EHU) EspaZio Gelako zuzendariak, ‘Berri onak’ sarien III. edizioko sarietako bat jaso du. Sari horietan, Euskadiko irrati eta telebistako profesionalen elkarteak (APRTE) urteko Bizkaiko albisterik onenak saritzen ditu.

Gaur arratsaldean, Bilboko Carlton hotelean egingo den ekitaldian, urteko 6 albiste onenen sariak banatuko ditu APRTEk. Ekitaldian Bizkaiko gizarteko hainbat kide egongo dira. Elkartetik adierazi dutenez, sarien helburua ‘Bizitza atseginagoa egiten diguten eta titular positibo handiak eskaintzen dizkiguten’ pertsonei eta erakundeei eskerrak ematea da.

Sánchez Lavega albiste izan da duela denbora gutxi, European Geophysical Unioneko (EGU) Planeten eta Eguzki Sistemaren Zientzien Dibisioak ematen duen David Bates 2020 domina ospetsua jaso duen lehen zientzialari espainiarra izateagatik.

Zientzia Planetarioen Taldearen sortzailea da, eta Aula Espazio Gela eta bere Behategi Astronomikoarena ere (bertan Zientzia eta Teknologia Espaziala Masterra ematen da 2010etik, eta Sánchez Lavega hasieratik izan da bere arduraduna).  Artikulu ugari argitaratu ditu, baina nabarmentzekoak dira Nature (lau portada izan ditu horretan), Science, Nature Astronomy, Nature Geoscience eta Nature Communication bezalako aldizkari garrantzitsuetan atera dituenak. Espainiako Fisikako Errege Elkartearen bi sari jaso ditu, 2010 eta 2014an, Espainiako Astronomia Elkartekoa eta 2016an eskuratu zuen Euskadi Ikerketa Saria, besteak beste.

Bilboko Ingeniaritza Eskolako katedradunarekin batera hauek jasoko dituzte sariak: OLBEk, Operaren Munduko Egunarengatik; Izaskun Astondoak, Bilboko su artifizialengatik; Emakumeen Athletic Club taldeak, San Mamesen lortutako asistentzia-errekorrarengatik; Bilbao Basketek, ACBra igotzeagatik; eta Acambik, bularreko minbiziaren olatu arrosarengatik.