euskaraespañol

Image of the day

Elongasak erregulatzeko konposatu berriak diseinatu eta sintetizatu dituzte AEA tratatzeko

Gradu amaierako lan batean ELOVL6 elongasaren inhibitzaile berriak ikertu dituzte, entzima horien eragina moteltzeari begira

  • Research

First publication date: 05/11/2024

Iker Belintxon Kimika Fakultatearen aurrean | Photo: Jorge Navarro. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU

Alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) endekapenezko gaixotasun neuromuskularra da. Motoneuronei eta bizkar muinari eragiten die, eta, haren ondorioz, gaixoak muskuluen kontrola galdu doaz, eta, azkenean, hil egiten dira.  Espainian hirugarren gaixotasun neurodegeneratibo arruntena da, alzheimerraren eta parkinsonaren ostean. Gaur egun ez dauka tratamendurik. Ikerketan aurrera egin den arren, gaur egungo tratamenduek gaixotasunaren aurrerabidea zertxobait atzeratu besterik ez dute lortzen. Beraz, bistan da planteamendu terapeutiko berriak garatzeko premia larria dugula.

Iker Belintxon Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko graduatua da, eta Gradu Amaierako Lana egin du UPV/EHUko 'Sustainable Catalysis: Methods and Computation' ikertaldean,  Biogipuzkoa Osasun Institutuko gaixotasun neuromuskularren ikertaldearekin lankidetzan. Lantalde horretan, eremu desberdinetako adituek elkarlanean ikertzen dute alboko esklerosi amiotrofikoa, Eusko Jaurlaritzak babestutako IKUR-2030 arlo estrategikoan (NEURODEGENPROT proiektua).

"BioGipuzkoan oraintsu deskubritu dutenez, —azaldu du Iker Belintxonek— badago loturarik organismoan oso kate luzeko gantz azidoen kontzentrazio desorekatua izatearen eta motoneuronen endekapenaren artean. AEA duten pertsonek ezohiko kontzentrazio handietan dauzkate oso kate luzeko zenbait gantz azido. Elongasa (ELOVL) izeneko entzima batzuek egiten dute azido horien biosintesia, azido karboxilikoaren kate bati bi karbono atomo gehituz".

Bere ikerlanean, Iker Belintxonek ELOVL6 elongasari erreparatu dio. «Ikusi dugunez, ELOVL6 elongasa interes handikoa izan daiteke, beste ELOVL mota batzuk erregulatzen baititu». Konposatu berriak diseinatzeko, kontuan hartu dira entzima horretarako lehendik ezagutzen ziren inhibitzaileak (entzimen eragina oztopatzen duten substantziak). "Inhibitzaileak aztertuta, zenbait arazo identifikatu genituen, adibidez, uretan disolbatzeko zailtasuna eta egitura konplexuak. Hori dela eta, erabaki genuen molekula berriak sortzea eta sintetizatzea".

Erregulatzaile berriak propietate hobetuekin diseinatu ziren. "Molekula horiek ez dituzte aipatu ditudan arazoak, adibidez egitura konplexuarena, eta propietate farmakologiko onak dauzkate ahoz hartzen direnean. Hori funtsezkoa da botika eraginkorra izan dadin gorputzean. Izan ere, farmako baten farmakozinetika erabakigarria medikamentu horrek eragina izateko, eta eragin horren iraupenerako eta intentsitaterako".

Konposatu berriak diseinatzeko "docking izeneko kalkulu konputazional batzuk egin dira, aurreikuste aldera molekula berriek eta entzimak zelan eragiten dioten elkarri. Emaitzarik onenak behin aukeraturik, bistaratzaile batean errepresentatu dira, elkarreragin horien egiturak xehetasunez islatzeko eta ikusteko nola ahokatzen zaizkion molekulak entzimari. Programa horiek informazioa ematen dute jakiteko molekulen zein parte diren garrantzitsuenak beren funtzionamendurako".

Lana amaitzeko, analisi xehe hori egin eta gero, Belintxonek emaitzarik onenak eman zituzten molekulak sintetizatu zituen. "Konposatu berri hauek BioGipuzkoara bidali dira entsegu klinikoak egiteko eta haien eraginkortasuna ebaluatzeko. Amaitzeko, hauxe gehitu du: «Bestetik, azpimarratu nahi nuke lan hau proiektu guztiz berri baten lehen pausoa dela, eta bide berriak ireki litzakeela AEAren kontrako borrokan".

Egilea

Iker Belintxon Lizarazuren Gradu Amaierako Lanak izenburua du 'Diseño y síntesis de nuevos reguladores de la elongasa ELOVL6 para el tratamiento de la esclerosis lateral amiotrófica (ELA)'. Belintxonek Maialen Sagartzazu eta Jesus María Aizpurua irakasleak izan zituen zuzendari, biak ere UPV/EHUko Kimika Fakultatekoak, eta bikain kalifikazioa lortu zuen lanean. Gaur egun, Belintxon Kimika Sintetiko eta Industriala Masterra egiten dabil euskal unibertsitate publikoan.