euskaraespañol

Advance Pharma Development proiektua bultzatuz

Arabako Foru Aldundiak UPV/EHUren eta Tecnaliaren Advance Pharma Development proiektua sustatu du

  • News

First publication date: 03/11/2021

Ezkerretik eskuinera, aurrean, Manoli Igartua, Pilar García de Salazar eta Jesús Valero. Atzera, Javier Hernando, Eider Larrarte, Jose Luis Pedraz eta Jose Luis Elejalde. Argazkia: UPV/EHU.

Arabako Foru Aldundiak 1.300.000 euro jarriko ditu 2021 eta 2023 bitartean Arabako Campuseko Lascaray Ikergunean egongo den Advance Pharma Development proiekturako. Besteak beste, medikamentuak 3D inprimatzeko teknologietan eta farmazia terapia aurreratuei aplikatutako bio-inprimaketako teknologietan espezializatzea ahalbidetuko du.

Arabako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikorako zentroak sinatu dute Advance Pharma Development proiektuari foru erakundeak emango dion laguntza ezartzen duen hitzarmena. Guztira, 2021etik 2023ra bitartean, foru erakundeak 650.000 euro emango dizkio eragile bakoitzari hitzarmen honen bidez.

Sinaduran izan dira Pilar García de Salazar Ekonomia Garapen, Berrikuntza eta Erronka Demografikoko diputatu eta diputatu ordea, Jose Luis Elejalde Tecnaliako Lab Services dibisioko zuzendaria, Manoli Igartua UPV/EHUko Arabako Campuseko errektoreordea, Jesús Valero Tecnaliako zuzendari nagusia eta proiektuaren arduradun operatiboa, UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Jose Luis Pedraz doktorea eta Tecnaliako Eider Larrarte doktorea.

Akordioaren bidez, UPV/EHUk eta Tecnaliak proiektua eraginkortasunez garatzeko baliabide material eta giza baliabide egokiak izango dituzte. Zehazki, 2021ean ekipamendu zientifiko berria erosten ari dira, besteak beste, bioinprimagailu bat, ikertzaileak kontratatzen, eta Arabako Campuseko Lascaray Ikergunea ikerketa-zentroan dauden espazioak egokitzen.

Proiektu honen egoitza Lascaray eraikinean egongo da, UPV/EHUren Arabako Campusean, eta haren helburua da gaitasun zientifiko-teknologikoak modu eraginkorrean gehitzea, eta, horrela, sendagaien 3D inprimaketa-teknologien eta farmazia aurreratuen eremuan aplikatutako bio-inprimaketako teknologien esparruan baterako ikerketa bultzatzea.

Gogoan izan behar da UPV/EHUko NanoBioCel ikerketa-taldeak, Farmazia Fakultatean dagoenak, eta Tecnaliak bide bat egin dutela lankidetzan azken hamarkadetan, Basque Pharma Labs 4.0 proiektuaren emaitza izan zena, eta Araba erreferente bihurtu duena arlo horretan. Foru Aldundiak proiektu horri emandako babesari esker, 2018an instalazio berriak jarri ziren martxan Arabako Parke Teknologikoan, estatu mailan aurreratuenak, eta talde oso kualifikatua hazi zen, 25 pertsonatik 40ra.