euskaraespañol

Image of the day

Raúl Mínguez Blasco

Vatikanoko II. kontziliotik 60 urte igaro dira: Zer izan da emakume katolikoentzat?

Ramon y Cajal ikertzailea Historia Garaikidearen Sailean

  • Cathedra

First publication date: 07/11/2022

Vatikanoko II. Kontzilioaren hasiera nagusia
Vatikanoko II. Kontzilioaren hasiera nagusia | Photo: Vatican News

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

1958ko urriaren 28an, Angelo Giuseppe Roncalli kardinal italiarra aita santu izendatu zuten. 77 urte zituen eta itxuraz samurra eta on hutsa. Ez zirudien trantsizio aldi bat izango zena hain erabakigarria izango zenik Eliza Katolikoaren orain gutxiko historian. 2022ko urri honetan, hirurogei urte bete dira Joan XXIII.aren pontifikatua markatu zuen mugarritik: Vatikanoko II. kontzilioa.

1789ko Frantziako Iraultza hasi zenetik, Eliza Katolikoak defentsa jarrera atzerakoia erakutsi zuen tradizionalki modernitatearen kontzeptuarekin lotu izan diren aldaketa askoren aurrean: industrializazioa, hirigintza, aurrerapen zientifikoak eta teknologikoak, eta abar. 1864ko ‘Syllabus’ da Eliza Katolikoaren jarrera horren adibiderik nabarmenena. Horretan, Pio IX.a aita santuak akats modernotzat zituenak salatu zituen. Hala ere, zenbait historialarik nabarmendu dutenez, katolizismoak, XX. mendera arte, gizartea sekularizatzeko prozesu motel eta progresibora nolabaiteko arrakastaz egokitzeko gaitasuna izan zuen.

Nolanahi ere, Roncalliren izendapena benetako inflexio puntu bat izan zen. Erromako kuriaren erresistentziek ez zuten geldiarazi munduko apezpiku guztiak bilduko zituen kontzilio bat deitzeko zuen borondatea. Joan XXIII.ak borondate argi bat zuen: Eliza Katolikoa denbora berrietara egokitzea. Horri “aggiornamento” esan zitzaion.

Ez dugu ahaztu behar 1960ko hamarkada, oro har, eraldaketa sakonen hamarkada bat izan zela. Ezarritako boterearen aurka borrokatu zen (bai mundu kapitalistan, bai komunistan), gazte mugimendua gorantz hasi zen, askatasun sexualaren urteak izan ziren, feminismoaren sorrera berri batena, eta abar. Vatikanoko II. kontzilioaz geroztik, Eliza Katolikoa –batik bat oinarriak– aldaketa horietara egokitu zen eta, gainera, kasu askotan, horiek finkatzen lagundu zuen.

Lau saio 1962tik 1965era

Kontzilioa lau saiotan egin zen, 1962ko, 1963ko, 1964ko eta 1965eko udazkenetan. Joan XXIII.a 1963ko ekainean hil zen, baina haren ondorengo Paulo VI.ak kontzilio lanak zuzentzen jarraitu zuen –Joan XXIII.a baino moderatuagoa zen, baina–. 16 dokumentu onartu ziren; dogmatikoak edo normatiboak baino gehiago, pastoralak ziren.

Kontzilio dokumentuek oso aldaketa garrantzitsuak ekarri zituzten Eliza Katolikoaren barruan, bai eta hortik kanpo ere. Eliza Katolikoaren barruan, adibidez, liturgia latinez emateari utzi zitzaion eta herri hizkuntzetan ematen hasi zen, erabat eraldatu ziren ordena erlijiosoak eta Eliza Katolikoa Jainkoaren Herri gisa definitu zen.

Eliza Katolikotik kanpo, beste sinesbide kristau batzuekin harremanak estutzea bilatu zen, erlijio askatasunaren printzipioa aldarrikatu zen, eta munduko arazoekin elkarrizketa zintzo bat sustatzeko ahaleginak egin ziren.

Emakumeak kontzilio dokumentuetan

Nolanahi ere, zenbait gai polemiko ia ez ziren jorratu ere egin kontzilio dokumentuetan edo, zuzenean, ez zen ezer esan horiei buruz. Hona adibide batzuk: munduko arrazismoaren arazoa, apaiz zelibatua, antisorgailuen erabilera, eta emakumeen posizioa Eliza Katolikoan eta gizartean. Azken gai hori bereziki deigarria da; izan ere, erlijioaren feminizazio esan zaion horretatik mende bat baino gehiago igaro ondoren, emakume katolikoak gizon katolikoak baino askoz ere gehiago ziren, bai kleroan, bai laikoen artean. Hala ere, isiltasun erlatibo hori gorabehera, kontzilioa inflexio puntu bat izan zen emakume katoliko askorentzat ere. Zer dela eta?

Egia esateko, kontzilio dokumentuek emakumeen egoerari egiten zizkioten erreferenteak eskasak ez ezik, anbiguoak ere baziren. Batetik, emakumeen berdintasun eskaerak bazterturiko beste gizatalde batzuen (tartean, nekazariak eta eskulangileak) eskaerekin lotu ziren. Bestalde, emakumeen ustezko izaera berezira jotzen zen, amatasunarekin eta etxearen lotzen baitzituzten. Ama Birjina, beraz, jarraitu beharreko eredua zen oraindik ere.

Hori horrela, kontzilioak emakume katoliko askoren artean eragin zuen jarrera aldaketa ez da bilatu behar genero femeninoari egindako erreferentzia esplizitu horietan. Kontzilioak Eliza Katolikoan sustatu zuen ikusmolde aldaketan dago –lehen aipatutako Jainkoaren Herriaren kontzeptua zuen ardatz–. Horrek fededunen apaizgo unibertsala defendatzen zuen, bataiatuta egoteagatik bakarrik.

Horrela, Eliza Katolikoaren ikuspegi estua amaitu zen. Ordura arte, oso erakunde hierarkizatu bat zen eta banaketa handia zegoen klerikoen eta laikoen artean. Jainkoaren Herriaren kontzeptuaren bidez, laikoen rola, tartean emakumeena ere bai, suspertu egin zen Kontzilioan.

Emakume katolikoen jarrera kritikoa

Benetan interesgarria da kontzilio dokumentuetan ez zela esplizituki markatu sexu bereizketarik eta, gainera, rol aktiboago bat hartzera animatu zituzten emakumeak: “Gaur egun emakumeek gero eta gehiago parte hartzen dute gizartearen bizitzan; garrantzitsua da, era berean, Eliza Katolikoaren apostolutzaren esparru ezberdinetan ere gehiago parte hartzea” (‘Apostolicam Actuositatem’, 9).

Printzipio horiek eta horien geroko interpretazioa oinarri hartuta, emakume katoliko askok ahalduntzea lortu zuten, eta fedea bizitzeko modua aldatu ez ezik, jarrera kritiko bat ere hartu zuten, bai Eliza Katolikotik kanpora bai horren barrura.

Gauza asko gertatu dira harrezkero, baina ez da kasualitatea Espainian orain dela gutxi eratu den eta Eliza Katolikoko Emakumeen Iraultza izenez ezagutzen den erakundekoak diren emakumeetako askorentzat, oraindik ere, Vatikanoko II. kontzilioa erreferentzia puntu izatea.