euskaraespañol

Image of the day

45.000 ikasle baino gehiagorekin hasi da 2024/2025 ikasturtea UPV/EHUn

Hilaren 12an egingo dute ikasturteari hasiera emateko ekitaldia, UPV/EHUko Areto Nagusian

  • News

First publication date: 06/09/2024

Zientzia eta Teknologia Fakultateko lehen mailako ikasleei ongietorria egiteko unea | Photo: Laura López. UPV/EHU.

Pixkanaka 2024/2025 ikasturteari hasiera ematen ari dira Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), unibertsitateko ikastegietan aurkezpenak egiten eta lehen eskolak ematen hasi baitira dagoeneko. Aurten, euskal unibertsitate publikoan, 35.700 pertsonak baino gehiagok egingo dituzte gradu ikasketak, eta 10.000 baino gehiagok graduondoko ikasketak eta etengabeko prestakuntza. Ikasturteari hasiera emateko ekitaldi nagusia hilaren 12an, ostegunean, egingo dute Areto Nagusian (Bizkaiko Campusa). Imanol Pradales lehendakaria eta Eva Ferreira errektorea izango dira ekitaldian.

Dagoeneko 8.700 ikasle berri matrikulatu dira Euskal Herriko Unibertsitatean, eta graduko matrikula egiteko azken epea amaitzeko dago oraindik. Ikasle berrien % 75,27k lehen aukera gisa aukeratutako graduan lortu dute plaza, eta % 14,83k bigarren aukeran. Sexuaren arabera, ikasle berrien % 58,24 emakumeak dira, eta % 42,76 gizonak. Aukeratutako hizkuntzari dagokionez, % 55,17k euskaraz egingo dituzte graduko ikasketak, eta % 44,83k gaztelaniaz. Campusaren arabera, % 53,44 Bizkaiko Campusean matrikulatu dira, % 25,85 Gipuzkoakoan eta % 20,60 Arabakoan.

Gutxieneko notarik altuena Fisika + Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzekoa izan da (12,874). Eta, jarraian, honakoak: Biomedical Engineering (12,804), Medikuntzako Gradua gaztelaniaz (12,728), Biokimika eta Biologia Molekularra (12,639), Odontologia (12,630), Bioteknologia (12,410), Double Bachelors Degree in Business and Economics (12,375), Medikuntza euskaraz (12,366), Fisika (12,234), Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza (12,162), Matematika (11,956) eta Ikus-entzunezko Komunikazioa + Kazetaritza (11,918).

108 gradu eta Logopediako Gradu berria

Berritasun gisa, Logopediako Gradu berria eskainiko du euskal unibertsitate publikoak, Gipuzkoako Campuseko Psikologia Fakultatean, eta prestakuntza ibilbide duala izango du. Hala, UPV/EHUk 108 gradu eskainiko ditu guztira. Horiek barne hartzen dituzte ezagutza arlo guztiak, eta arlo askotan (tradizionalak zein berritzaileak) prestatzeko aukera ematen diete ikasleei.

Gainera, gradu gehienetan, ingelesez (800 irakasgai baino gehiago) edo beste hizkuntza batzuetan (ia 180 irakasgai) ere ikas daitezke irakasgai batzuk. Bost graduk Unibasq-ek emandako nazioarteko aipamena dute, euren ikasleen nazioartekotzea bultzatzen dutelako. Bestalde, lau ikasletik batek gutxienez lauhileko bat igaroko du atzerriko edo Estatuko beste unibertsitate batean. Bordeleko Unibertsitateko mugaz gaindiko campusak eta ENLIGHTeko (Europako beste bederatzi unibertsitaterekin duen aliantza) parte hartzeak, diziplina anitzeko, nazioarteko eta erronketan oinarritutako ikasketa aukeren sorta zabala eskaintzen dituzte.

Graduko prestakuntza dualari dagokionez, 16 prestakuntza proiektu dual ditu, eta horietako bik nazioarteko osagai berritzailea dute. Unibertsitateko irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak eta enpresa edo erakunde bateko ordainpeko lana konbinatzen ditu prestakuntza mota horrek, baterako prestakuntza proiektu eta tutoretza prozesuarekin, ehuduala ereduari jarraituz. Prestakuntza dual horrez gain, ia ikasle guztiek dute Euskadiko enpresetan, erakundeetan, GKE-etan edo elkarteetan kanpo praktikak egiteko aukera. Hala, 2023/2024 ikasturtean, 13.378 praktika egin ziren, eta horietatik % 40 borondatezkoak izan ziren.

Era berean, euskal unibertsitate publikoak bere campusetan eskainitako hamabost gradu bikoitzek harrera bikaina izan dute oro har. Gogoratu ikasturtea hasi baino aste batzuk lehenago Euskal Herriko Unibertsitatearen proiekzioa baieztatu zuela Shanghaiko rankingak. Izan ere, hainba posizio aurreratu zituen UPV/EHUk, eta munduko 400 unibertsitate onenen artean kokatu zen.

Mikrokredentzial berriek handitu egin dute graduondokoen eskaintza

Bestetik, unibertsitateko 100 master baino gehiago eta ia 70 doktorego programa eskainiko ditu Euskal Herriko Unibertsitateak ikasturte honetan, graduondoko ikasketen katalogo zabala osatzen jarraitzera bideratutako berritasun ugarirekin; adibidez, “Industriara Bideratutako Adimen Artifiziala eta Ordenagailu bidezko Ingeniaritza” masterra. Halaber, lurralderako eta funtzio publikorako ikuspegi estrategikotik, gaitasun masterretan, Abokatutza eta Prokuradoretza Masterreko euskarazko taldea osatu da; joan den ikasturtean hasi zuen bidea master horrek.

Aurten berriro hazi da Erasmus Mundus proiektuen kopurua. Gaur egun, kategoria horretako 9 master eskaintzen dira, eta horietatik 4 UPV/EHUk koordinatzen ditu. Hala, kategoria horretako master gehien lideratzen dituen Estatuko unibertsitatea da UPV/EHU.

Europako Batzordeak deialdi oso lehiakor batean hautatutako programei ematen dien bikaintasun zigilua dute Erasmus Mundus masterrek. Euskal unibertsitate publikoaren graduondoko eskaintzaren nazioartekotzea gero eta zabalagoa da. Gaur egun, nazioarteko dimentsioa duten 28 titulu eskaintzen ditu, eta horietatik 15 titulu bikoitzak dira (horietan UPV/EHUren eta atzerriko unibertsitatearen titulua eskuratzen da).

Halaber, biztanleria aktiboa birgaitzeko prestakuntza eskariari erantzun behar dio unibertsitateko prestakuntzak. Horretarako, etengabeko prestakuntzako titulu kopurua 72ra igotzeaz gain, lehen aldiz, unibertsitateak mikrokredentzialen formatuko prestakuntza eskainiko du, enpresen eta erakundeen eskariari erantzuna emateko.

Doktoregoko prestakuntzari dagokionez, ikasturte honetan 67 programa eskainiko dira ezagutza adar guztietan. Programa horietan izena emateko epea irekita egongo da irailaren 27ra arte. Graduondoko ikasketen bultzadaren eta aitortzaren erakusgarri, joan den ikasturtean, lehen aldiz, 500 tesi baino gehiago defendatu ziren; hazkundea % 10etik gorakoa izan zen.

Ikasturteari hasiera emateko ekitaldi nagusia hilaren 12an, ostegunean, egingo dute Areto Nagusian (Bizkaiko Campusa). Imanol Pradales lehendakaria eta Eva Ferreira errektorea izango dira ekitaldian.