Ospakizunak, Miramar Jauregian aurkeztu dena, Lehendakaria izango du buru, eta bertan izango dira ere agintari nagusiak. Halaber, ekitaldian, “Hitzen eta Sinboloen artean/Entre Símbolos y Palabras” izeneko liburua aurkeztuko da eta baita, Uda Ikastaroen zuzendari ohien ekarpena goraipatuko da ere: Ricardo Echepare, José Luis de la Cuesta eta Carmen Agoüés.
UPV/EHUko Uda Ikastaroen 40. urteurrenaren ospakizuna
- News
First publication date: 06/10/2021
“Uda Ikastaroak-dio Itziar Alkorta zuzendari akademikoak- Euskal Herriko Unibertsitatearen nortasunaren zeinu sendoenetako bat dira, gauza handiak ahalegin txiki askoren emaitza direla erakusten duen adibide aproposa. Beraz, ekitaldia egokia izango da Uda Ikastaroen zuzendariek eginiko lan bikaina aitortzeko: Ricardo Echepare, José Luis de la Cuesta eta Carmen Agoüés.”
“Urteurren ekitaldian, bereziki nabarmenduko da gauza asko gertatu direla Uda Ikastaroen lehen edizioa egin zenetik. Gure herria asko aldatu da. Politika, ekonomia eta kultura aldatu dira. Baita unibertsitatea bera ere. Hori dela eta, errektoreak bereziki nabarmendu nahi du Uda Ikastaroen elementu bat: haien gaitasuna bizitzaren alor guztietan lau hamarkadatan bizi izan ditugun aldaketa izugarrien lekuko izateko.”
Itziar Alkortaren aburuz, denbora horretan, Uda Ikastaroen formatua eta edukiak gizarte aldaketen erresonantzia kutxa izan dira, eta eraldaketa horien azterketa zorrotzak egiteko beharrari erantzuteko balio izan dute. Horregatik guztiagatik, 40 urte igaro direnean Uda Ikastaroak hasi zirenetik, “gaur esan dezakegu bete egin direla lehen edizioan ezarri ziren helburuak: Jakintza zabaltzea gizartean eta ekarpena egitea ondo informatutako herritar kritikoen prestakuntzari.”
Lau hamarkadaren ondoren, UPV/EHUko Uda Ikastaroak Estatuko lehenak dira ikasle kopuruari dagokionez.
Guztira, 3.627 jarduera antolatu dira UPV/EHUko Uda Ikastaroen 40 urteko ibilbidean. Jauzi handia egin da 1982ko 9 ikastaroetatik azken edizioetako 200 ikastaroetara.
287.975 lagunek parte hartu dute ikastaroetan: 255.777 ikaslek, 27.396 irakaslek eta 4.802 ikastaro zuzendarik.
2021ean, 12.704 pertsonak parte hartu dute, pandemiaren aurreko mailara itzulita. Horien artean, ia 1.000 atzerritarrak izan dira: amerikarrak (Mexiko, Brasil, Argentina, Kolonbia, Txile), australiarrak, eta europarrak (Frantzia, Italia eta Alemania). 2020an, Uda Ikastaroek pandemiari erantzuteko beren gaitasuna erakutsi zuten, eta 171 jarduera antolatu eta 10.776 lagunek parte hartu zuten.
Genero berdintasunari dagokionez, datu bat nabarmendu behar dugu: lehen edizioan, ikastaro zuzendarien %11 soilik ziren emakumeak; 2021ean, %46an gaude, 2020an %52ra iritsi ondoren.
Bestetik, bere jarduerak euskal gizartean duen inpaktua neurtzen du Fundazioak. 2019an, pandemia iritsi aurretik egin zen inpaktu azterlanaren emaitza izan zen 3.569.063,58€-ko inpaktu induzitua: euskal ekonomia sarean injektatutako gastuen baturaren emaitza; hau da, zuzeneko inpaktuaren (1.189.000,06€) eta zeharkako inpaktuaren (2.380.063,52 €) batura.
Inpaktu kuantitatiboetatik kanpo, Fundazioak antolatzen dituen jarduerek “kanpo efektu positiboak dituzte eta gizarte garapenari laguntzen diote”. Azpimarratzekoak dira:
- Aukerak sortzea pertsonen eta erakundeen arteko sareak eta harremanak sortzeko.
- Eztabaida guneak zabaltzea. Pluraltasunean eta partaidetzan oinarrituta, inguratzen gaituen errealitatea hobeto ezagutzeko.
- Ideia alternatiboen, desberdinen eta berritzaileen foroa. Foro tradizionaletatik kanpo dauden ideiak ezagutzeko.
40. urteurrenaren ekitaldian izango dira: Lehendakaria, UPV/EHUko errektorea, Uda Ikastaroen zuzendari akademikoa eta Antolakuntza Batzordeko kideak (Rafael Pardo, BBVA Fundazioko zuzendaria; Eneko Goia, Donostiako alkatea; eta Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia). Urteurren ekitaldian izango dira ere Patronatuko kideak, zikloetako zuzendariak eta UPV/EHUko Uda Ikastaroak babesten dituzten erakunde publikoak eta pribatuak.
Ekitaldian, ikastaroen zuzendari ohien lana goraipatuko da (Ricardo Echepare, José Luis de la Cuesta eta Carmen Agoüés irakasleak), baita 40 urte hauetan Fundazioaren lantaldeetan aritu diren pertsonen ekarpena ere.
Donostiako Orfeoiak emango dio amaiera saioari.
Bestetik, “Sinboloen eta Hitzen artean / Entre Símbolos y Palabras” izeneko liburua aurkeztuko da, Eduardo Herrera eta Leire Fernández UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasleek eginikoa.
Liburuaren xedea izan da UPV/EHUko Uda Ikastaroen berrogei urteko ibilbidea sintetizatzea, haien hasiera, bilakaera eta identitatea adieraztea, sinboloen eta hitzen bidez. Udaldietako ibilbide jada luze bat, unibertsitate ikasketen osagarri diren hezkuntza jardueretan, aitortu eta identifikatu nahi duten sinboloak eta hitzak. Adierazpen baliabide pribilegiatu gisa, unibertsitate publikoaren Uda Ikastaroen kontzeptuak eta balioak deskribatu eta transmititu nahi dituzten sinboloak eta hitzak, konbinatu egin direnak mantentzeko ikastaroen lehenengo zuzendari Ricardo Echeparek bere etapa amaitzean aipatu zuen desioa: “aurrera jarraitu indar berriekin, ideiak berreskuratuz”.
Liburuaren hasieran, Eduardo Chillidak eginiko Uda Ikastaroen ikurraren jatorria azaltzen da, berebiziko ondarea, “Unibertsitatearekiko lotura adierazten duen besarkada”, egilearen beraren hitzetan. “Denok identifikatzen dugun sinboloa, Uda Ikastaroak lotzen eta sustraitzen dituena gure herrian, eta aldi berean etorkizunari begira dagoena”, azaltzen du zuzendari akademikoak.
Ondoren, berrogei hitzen bidez, Uda Ikastaroen berrogei edizioetako gertakari esanguratsuenak sintetizatzen dira. Hitz horiek zentzu figuratiboa hartzen dute esan denari eta egin denari dagokienez, eta Uda Ikastaroen urte hauetako guztietako jarrera eta ekintzak zehazten dituzte.
Amaitzeko, ikastaroen hainbat ediziotako kartel bilduma bat aurkezten da. “Diseinu Grafikoko Tailerreko ikasleek eginiko kartelak, duela hogei urtetik hona Uda Ikastaroen programaren parte den jardueretako bat. Sinbolizazio grafikoaren prozesuan, hitzak izan dira beti abiapuntu. Uda Ikastaroak zer diren definitzen eta interpretatzen saiatzen diren hitzak: zer egiten duten, zertarako, norentzat, nola, edo zer espero den haiengandik.”
Azken batean, dio Itziar Alkortak, “sinboloak eta hitzak, liburu honetan elkartzen direnak, eta UPV/EHUko Uda Ikastaroen berrogei urte hauen kontzeptuak eta balioak ahalik eta hobekien transmititzen saiatzen direnak. Sinbolo eta hitz horien bidez, zerbait baieztatu edo haren berri eman nahi da, baina, horrez gainera, aurrera egiteko bultzada eta gidari izan daitezen ere lortu nahi dugu.”