euskaraespañol

4.0 Industriako teknologiek langileen segurtasuna eta laneko osasuna sustatzen dituzte

Adimen artifizialak eta robotek lan baldintzak hobetu dezakete, baina arrisku berriak ere sortzen dituzte, UPV/EHUren ikerketa baten arabera

  • Research

First publication date: 21/06/2023

Iker Laskurain irakaslea Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan | Photo: Nagore Iraola. UPV/EHU

UPV/EHUren <a href="https://ekoizpen-zientifikoa.ehu.eus/grupos/24640/detalle?lang=eu" target="_blank">Adimen teknologikoa gizartean enpresaren garapen ekonomiko jasangarria lortzeko</a> ikerketa-taldeak egindako azterketa batek agerian utzi du 4.0 Industriako teknologien integrazioak eragin positiboa duela langileen laneko segurtasunaren eta osasunaren zenbait alderditan, eta arreta bereziz aztertu ditu teknologia horiek ezartzearen ondorioz sortzen diren arrisku berriak.

4.0 Industriako teknologiek abantaila ugari eta askotarikoak eskaintzen dituzte: prozesatze-denborak eta beharrezko baliabide eta tresnak murrizten dituzte; eragiketen kudeaketa hobetzen dute; produktibitatea areagotzen dute… Horrek guztiak pertsonen laneko segurtasunean eta osasunean nola eragiten duen aztertzeko, UPV/EHUko ikerketa-taldeak inkesta bat diseinatu zuen, eta 4.0 Industriako teknologiak garatzen aitzindariak diren enpresetako 130 zuzendarik eta/edo teknikarik erantzun zuten. “Gero, integrazio teknologikoaren adibide esanguratsu diren proiektuak aukeratu genituen, zortzi talde teknologikoak kontuak harturik: (fabrikazio aditiboa, adimen artifiziala, ikusmen artifiziala, big data eta/edo analitika aurreratua, zibersegurtasuna, gauzen Internet, robotika eta errealitate birtuala eta areagotua), proiektuok sakon aztertzeko. Horretarako, 37 elkarrizketa egin ondoren, beste informazio-iturri batzuk aztertu genituen, hala nola proiektu-txostenak eta txosten teknikoak” azaldu du Iker Laskurain Iturbek, zeina ikerketa-taldeko kide eta lanaren egileetako bat baita.  

Ikerketan ikusi denez, “oro har, aztertu diren 4.0 Industriako teknologiek eragin positiboa dute edozein enpresatako langileen segurtasunean eta osasunean”. Baina “arazo edo arrisku berriak ere sortzen dira —batez ere psikosozialak—, eta horiek kontuan hartu behar dituzte enpresek, langileen konfiantza eta osasuna mantenduko badituzte. Sortzen ari diren arrisku berrien eraginak teknologia guztietan hauteman dira, gauzen Interneten kasuan izan ezik”, azpimarratu dute Germán Arana Landínek eta Mikel Iturratek.  

Adibidez, “adimen artifizialari esker, bulegoetako kamerek zaintza proaktiboa egiten dute, eta, hala, plantillaren ergonomia hobetzen lagundu dezakete; izan ere, kamerak in situ jasotzen du informazioa, langileen eta enplegatuen mugimenduak jasotzen ditu une oro, eta, beraz, jarduerak zuzentzeko gomendioak emateko informazioa atera daiteke”, adierazi du Beñat Landeta Manzanok. Hala ere, UPV/EHUko ikertzaileak erantsi duenez, “langileak zelatatuta senti daitezke ekintza horrekin, bai eta estresatuta ere”.  

Antzeko zerbait gertatzen da robotak enpresaren jardueran sartzean. Robotak lan arriskutsuez ardura daitezke, eta, beraz, muntaketa-kate bateko lan errepikakor, estresagarri eta astunak arindu ditzakete langileentzat. Robotikak lanpostu berri asko sortuko ditu, eta, horrenbestez, lanik gabe gelditzen direnek trebetasun berriak ikasi beharko dituzte eta ziurgabetasun-egoera bati aurre egin beharko diote. Eta egoera horrek estresa eta antsietatea sor ditzake.  

Ikertzaileek onartzen dute beren lan honek mugak dituela, batetik, enpresa gutxi aztertu dituztelako eta, bestetik, komeni delako 4.0 industriaren teknologiak industria-azpisektore askotarikoetan hedatzen diharduten eragile guztien iritziak biltzea. Beraz, etorkizuneko ikerketa-ildoek muga horiei erantzun beharko diete: adibidez, teknologia bakoitzaren eragina lagin zabalago batekin aztertu beharko litzateke; interesgarria litzateke, halaber, ikerketa hori industria-sektore desberdinetan egitea eta alderdi interesdun bakoitzaren ikuspegia izatea (langileak, zuzendariak, hornitzaileak…).  

Hala eta guztiz ere, egileak ados daude “4.0 industriako teknologiek askoz aukera gehiago eskaintzen dituztela, eta enpresei eraginkorragoak eta lehiakorragoak izaten laguntzen dietela”. Teknologia horiek ezartzeko prozesuan, nahitaezkoak dira aldez aurreko komunikazioa eta prestakuntza laneko segurtasuna eta osasuna kudeatzeko, hala murriztu egiten baitira sor daitezkeen arrisku berriak. Aldaketa-prozesuan edozein enpresatako langileak inplikatzeko modu bat dira”.

Informazio osagarria 

Ikerketa Germán Arana Landín, Iker Laskurain Iturbe, Mikel Iturrate eta Beñat Landeta Manzanok egin dute. Horietako gehienak Eusko Jaurlaritzak finantzatutako UPV/EHUren IT1691-22 (Adimen teknologikoa gizartean enpresaren garapen ekonomiko jasangarria lortzeko) ikerketa-taldeko kideak dira, eta Euskampus fundazioak Misiones I programaren barruan finantzatzen duen Zirbotics proiektuan parte hartzen dute.  

Bibliographic reference