36ko Gerraren irudikapenak euskal eleberrigintzan
Amaia Serrano Mariezkurrenak Begirada literarioak iraganari lanean guda zibila bezalako gai kanonikoari buruzko diskurtso literarioak zeintzuk izan diren aztertu ditu
- News
First publication date: 02/12/2024
UPV/EHUko irakasle eta ikerlari Amaia Serrano Mariezkurrenak ‘Begirada literarioak iraganari. 36ko Gerraren irudikapenak euskal eleberrigintzan’ liburua argitaratu du. Serranoren esanetan euskal eleberrigintzaren historian “gai kanonikoa izan da 1936ko Gerra”, batez ere “90eko hamarkadatik gaur eguneraino”, alabaina, hari buruzko “diskurtso literarioak aldatuz” joan dira urteetan zehar.
“Unean uneko imajinario kolektiboaren eta memoria-politiken eraginak nabari dira, eta euskal literatur sistemaren joerek ere ekarri dituzte aldaketak gertakari hura irudikatzeko moduetan. Liburu honek gerrari buruzko narrazioetako erdiguneko eta ertzetako ikuspegiak azaleratzea du helburutzat”, adierazi du UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia Eta Antropologia Fakultateko irakasle eta ikerlaria den Serranok.
Horretarako, hainbat alderditatik begiratu die eleberriei. Lehenik, obra bakoitzean gailendutako posizio ideologikoak identifikatu dira, gerraren irudikapenak nolako garapena izan duen erakusteko. Gatazka hori zer genero-begiradatatik eraiki den ere ikertu da, nork, zer eta nola kontatzen duen ikusi eta ahots horiek zer imajinario elikatzen duten jakiteko. Horrez gain, azpigenero literario honek euskal eleberriaren historiari, ekarpen tematikoaz gain, aberastasun edo bereizgarri formalik ekarri dion aztertu da. Azkenik, 36ko Gerraren presentzia obra bakoitzean ezberdina denez, haren funtzioaren araberako sailkapena proposatzen da.
Memoria motak
Liburua lau kapitulutan banatua dago. Lehen atalean Memoria Ikerketen inguruko teoriak eta joerak azaltzen dira, “nola oroitzen den modu indibidual eta kolektibo batean, eta zer leku duen literaturak oroitze prozesu horietan”.
Bigarren atalean “narratologia kulturalaren helduleku metodologikoak” deskribatzen dira, “isilarazitako komunitateen prozesu kulturalak ulertzeko” baliagarri direlako ustean.
Hirugarren atalean alderdi enpirikoari heltzen zaio, eta horren barneko kapituluak eleberrien korronte estetikoen arabera bereizten dira, guztira lau garai banatuz. “Labur esateko, 36ko Gerrari buruzko lehen euskal eleberrigintza ohitura eleberri gisa sailkatu da, lau obra hauekin: Loretxo (1937), Ekaitzpean (1948), Bizia garratza da (1950) eta Laztantxu eta Betargi (1957). Bigarren eleberrigintzarako jauzia handia da, Auspoa saileko lekukotza liburuak kontuan hartu ez direnez, ia-ia 80ko hamarkadan kokatzen baitira azterturiko lanak. Bigarren garaian esperimentalismora jo zuten eleberriak ikertu dira: Abuztuaren 15eko bazkalondoa (1979), Poliedroaren hostoak (1982), Euzkadi merezi zuten (1984). Hirugarren eleberrigintza, esperimentalismoa utzirik, errealismo betean sartzen da, eta hortik heltzen dio gerraren gaiari: Izua hemen (1989), Bihotz bi (1996) eta Gerezi denbora (1999). Laugarren eleberri multzoan kokatzen diren obrek, berriz, eleberri memorialista deituriko azpigeneroaren ezaugarriak dituzte: Soinujolearen semea (2003), Antzararen bidea (2007) eta Aulki-jokoa (2009)”, azaldu du ikerlariak.
Azken atalean ondorio orokorrak azaltzen dira: eleberriotan eraikitzen den “memoria motez”, “diskurtsoen generizazioaz”, liburu hauek euskal eleberriaren historiari “egindako ekarpenaz”, eta azkenik, 36ko Gerrak istorio bakoitzean duen funtzioaren araberako sailkapen proposamen bat eginaz.
Amaia Serrano-Mariezkurrena
Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikako irakaslea da Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatean (UPV/EHU). Ikasketaz, Lehen Hezkuntzan eta Atzerriko Hizkuntzan diplomatua eta Euskal Filologian lizentziatua. ‘36ko Gerra euskal nobelagintzan: Memoria Ikerketak euskal narratologiaren ikuspegitik’ tesia defendatu zuen 2019an.
LAIDA ikerketa taldeko kide izan da urte askoan eta HARIAK ikerketa taldeko kide da gaur egun. Bere ikerlerroak kritika feminista, genero ikerketak, memoria ikerketak, eta heziketa literarioa dira.
Literaturari loturiko prestakuntza ikastaro ugari eman ditu EIBZ – Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroan, Iralen, Galtzagorri Elkartean, UEUn eta Prest-Gara ikastaroetan. Dibulgazioan ere aritu da, bai Argia aldizkariko liburu kritikan, baita HikHasi eta HaziHezi aldizkari pedagogikoetan ere.