Nazioarteko zimurtasun-indizearen (IRI) eta zeharkako marruskadura-koefizientearen portaera-modeloak garatu ditu UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaile batek, Bizkaiko errepide-sarearen etorkizuneko egoera aurresateko. Modeloek aukera ematen dute errepideen konponketak aurreikusteko, zer-nolako konponketak egin behar diren pentsatzeko eta aurrekontuak optimizatu ahal izateko.
Errepideak noiz eta nola hondatuko diren aurreikusteko modeloak
UPV/EHUko Ingeniaritza Mekanikoa saileko ikerketa batek, Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetza izan duenak, behar izango diren konponketak aurreikusten ditu
- Research
First publication date: 01/10/2019
UPV/EHUko Ingeniaritza Mekanikoa Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Herri Lan eta Garraio Sailak sinatutako lankidetza-hitzarmen bati esker, Bizkaiko errepideetako auskultazio-kanpainetan lortutako datuak erabili eta aztertu ahal izan ditu Heriberto Pérez Acebo UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaile eta irakasleak. Bizkaiko hiriarteko errepide-sare nagusian neurtutako zenbait datu analizatu ditu, errepideetako bide-zoruak nola hondatzen diren aztertzeko, eta, hala, hondatze-modelo batzuk garatu ditu.
Modelo horiei esker, jakin daiteke bide-zoruak noiz eta zenbateraino hondatuko diren, konpontze-lanak aurreikus daitezke, baita konponketek zenbat balioko duten ere. “Orain arte ez dira aztertu errepideetatik ateratako datuak, jakiteko nola aldatzen eta hondatzen den errepide bat. Guk garatutako ekuazioekin jakin dezakegu, adibidez, hamar urteren buruan, auto-kopuru jakin bat igarotakoan, zer egoeratan egongo diren errepideak. Beraz, urte horiek pasatu baino lehen aurreikuspenak egin ditzakegu, eta estrategia bat landu konponketek aurrekontuan izango duten eragina optimizatzeko”, azaldu du Pérez Acebo ingeniariak.
Bi adierazle
Nazioarteko zimurtasun-indizearen datuak (IRI, International Roughness Index) eta zeharkako marruskadura-koefizientearen datuak (labainketarekiko erresistentzia) erabili ditu ikerketan. Lehena “bide-zoruen erregulartasuna neurtzeko indize bat da, nazioartean oso hedatuta dagoena. Normala denez, errepide-zoruak hondatzen doazen neurrian, indizearen balioak okerrera egiten du”, dio Pérez Acebok. “Labainketarekiko erresistentziak neurtzen du bihurguneetan errepidetik irteteko arriskua zenbaterainokoa den —erantsi du—. Horrek aukera ematen du jakiteko errepideetako errodadura-geruzan zer material aplikatzea komeni den”.
Heriberto Pérezek IRI indizerako garatu dituen modeloek bide-zoru malgu edo erdizurruneko bi errei dituzten errepide konbentzional berrietarako balio dute; labainketarekiko erresistentziarako garatutako modeloak, bestalde, errepide-mota guztietarako balio du —konbentzionalak zein autobideak edo autobiak— eta errodadura-geruzan erabili ohi diren material guztietarako.
Ikertzaileak dionez, oso emaitza onak ematen dituzte modeloek. “Beste modelo batzuetan baino parametro gutxiago erabiliz, oso antzeko doitasuna lortu dugu; izan ere, errorea beti dago hor: askotan ez da jakiten zer dela eta errepide bateko kilometro batean hondatzen den gehiago tarte bat beste bat baino”, azaldu du. Gaur egun, Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanetan ari dira tunelen barneko bide-zoruak aztertzeko nondik norakoak zehazteko.
Informazio osagarria
Heriberto Pérez Acebo (Barakaldo, 1980) bide, ubide eta portuen ingeniaria eta industria-antolakuntzako ingeniaria da. Eduardo Rojí Chandro UPV/EHUko irakaslearen eta Hernán Gonzalo Orden Burgosko Unibertsitateko irakaslearen zuzendaritzapean egin duen tesiaren emaitza da ikerketa hau. Moldaviako Unibertsitate Teknologikoan aritzeko nazioarteko beka eskuratu du.
Bibliographic reference
- Skid resistance prediction for new two-lanes.
- Proceedings of the Institution of Civil Engineers. Transport, 172(5), 249-263 (2019).
- DOI: 10.1680/jtran.17.00045