Leioako Ostalaritza Eskolako jantokietara joaten direnek ontzi ekologiko batean eraman dezakete soberan geratutako janaria. Janaria alferrik galtzea saihesteko ekimen berri hau Campus Bizia Lab 2017/18 programaren barruan sartzen da. Beste ekimen batzuei gehitu zaie ‒hozkailu solidarioa edo konpostajea, besteren artean‒ jasangarritasunarekin hartutako konpromisoa betez abian jarritakoei.
“Ez utzi platerean janaririk, eraman ezazu”
Leioako Ostalaritza Eskolak eta UPV/EHUk ekimen bat jarri dute abian janaria alferrik galtzea saihesteko
- Report
First publication date: 21/05/2018
(Opens New Window)Mila pertsona inguru bertaratzen dira egunero UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio inguruan dauden Ostalaritza Eskolako jantokietara. Mahaikide horiek, zenbait kasutan, ez dute edozein etxetan hamaika aldiz errepikatutakoa betetzen, alegia: “Denetik jan behar da, ez utzi janaririk platerean”. Era horretan, janari asko eramaten da ukitu gabe bueltan sukaldera eta amaitzen du zaborrontzian.
UPV/EHUk, Leioako Ostalaritza Eskolarekin batera, abian jarri du “ez utzi platerean janaririk, eraman ezazu” ekimena, janari asko eta asko zaborrontzira botatzea saihesteko. Apirilaren 19tik aurrera mahaikideek eskuragarri dituzte ontzi ekologiko % 100 konpostagarriak soberan geratu zaien janaria eraman ahal izan dezaten. “Tupperrak” 0,10 €-tan daude salgai. Era berean, erabiltzaileei aholkatzen zaie plater zenbakia, mota eta errazio kantitatea aukeratzea benetan kontsumituko dutena kontuan hartuta. Ekimen hori Biologiako Gradu Amaierako Lanean sartzen da, eta zuzendari ditu Ibone Ametzaga Arregi, Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UPV/EHUko UNESCO katedrako kidea eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia saileko irakaslea, eta María Merino Maestre, Urban Elika-ko kidea ‒Gizarteari eta Elikadurari buruzko Azterlanetan diharduen UPV/EHUko diziplina anitzeko ikertaldea‒ eta Matematika Aplikatua eta Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa saileko irakaslea.
Gaiak, a priori, garrantzi handirik ez duela eman dezake, datutan ematen den arte. 2016/17an egindako azterlan baten arabera, Txopitea jantokiko eguneko menuaren eta Alkatene jantokiko buffet zerbitzuaren erabiltzaileek hilero, batez beste, 1.480 kilo hondakin eta erretiluetako ukitu gabeko janari sorrarazten dute. Ikasturte honetan, kontsumitutako ogiaren % 20 hondakin inguru behatu ahal izan zen. Benetan aprobetxatu daitekeen janaria da, hilero zaborrontzira doana. Hala, kontsumo arduratsuari buruz kontzientziatu nahi dituzte bertan jaten dutenak, soberan geratu zaien janaria etxera eramateko aukera eskainiz.
UPV/EHUko Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzak abian jarritako Campus Bizia Lab 2017/18 programaren barruan sartzen den ekimena da hau. Programa horretan garatzen diren 18 proiektuetan ikasleek, irakasleek eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileek parte hartzen dute, eta Unibertsitatearen beraren jasangarritasun erronkei heltzea du helburu.
Konpostajea eta hozkailu solidarioa
Campus Bizia Lab Proiektuaren barruan beste ekintza batzuk garatzen ari dira elikagaiak eta baita janari hondakinak ere ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Horretarako, “Bizkaiko Campusean hondakinak minimizatzeko estrategiak” ekimena sortu da, Ibone Ametzaga irakaslea buru duena, eta bertan parte hartzen dute Bilboko Zientzia eta Teknologia, Arte Ederrak, Hezkuntza Fakultateek, Gerentziak (Arkitektura eta Obrak Zerbitzuak), eta baita Leioako Ostalaritza Eskolak ere. Ekintzetako bat Ostalaritza Eskolako hondakin organikoen konpostajean datza. Sukaldeetan sortutako janari hondakinak birziklatzea eta konpost bihurtzea da helburua, eskolako baratzetan ongarri gisa erabiltzeko.
Dagoeneko 2 urtez aurrera eramaten ari diren beste ekimen bat Hozkailu Solidarioa da, Leioako Ostalaritza Eskolan kokatua. Hozkailu horren bitartez, janaria alferrik ez galtzea eta soberan geratzen dena produktu solidario eta aprobetxagarri bihurtzea lortu nahi da. Hozkailu horrek Ostalaritza Eskola bertako soberakinak berreskuratzen ditu egunero, eta edozein pertsonaren ‒unibertsitateko ikasleak batik bat‒ eskueran jartzen ditu. Proiektuan, UPV/EHUk, Leioako Ostalaritza Eskolak berak eta Galdakaoko Boluntarioen Elkarte Humanitarioak laguntzen dute.
Campus Bizia Lab-i buruz
Campus Bizia Lab Programa Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak 2013-2016 bitartean parte hartu zuen Erasmus University Educators for Sustainable Development proiektutik etorritako ekimen bat da. Programa horrek helburu du lankidetza prozesu bat sortzea administrazio eta zerbitzuetako langile, ikasle eta irakasleen artean (diziplina anitzeko ikuspegia), unibertsitatearen beraren barruan iraunkortasun erronkei erantzute aldera.
Aurten jarri da lehenbiziko aldiz abian Campus Bizia Lab programaren lehenengo deialdi ofiziala. Iraunkortasunerako hezkuntzaren eremuan azken urteetan lanean diharduten irakasle ugarien arteko lankidetza sustatzea da bere xedeetako bat. Gainera, ikerketa bultzatu nahi du eremu honetan ikasleen artean ere, Gradu Amaierako Lanetan eta Marter Amaierako Lanetan gauzatuko den ikerketa lana, alegia.
Programa honek UPV/EHUren zeregina bultzatzen du Garapen Iraunkorraren Helburuen betearazpenean. GJHak lehentasunen eta nahien multzo bat dira, 17 Helburu eta 169 xede alegia, eta premiazkoenak diren erronkei heltzen diete ‒pobrezia ezabatzea eta klima aldaketari aurre egitea, besteak beste‒, 2015ean onetsitako Garapen Iraunkorrerako Agenda 2030ean Nazio Batuek ezarritakoei. Ez dugu ahaztu behar giza kontsumorako ekoizten diren elikagaien heren bat galdu edo alferrik galdu egiten dela mundu mailan, FAO 2011 txostenaren arabera.