2 motako diabetesa zaintzeko gida bat argitaratu dute
Gidak 2 motako diabetes mellitus sindromea du ardatz; Farmazia Fakultatearen eta Sevillako Infanta Luisa Ospitalearen artean osatu dute
- News
First publication date: 20/01/2016
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzuak ‘Guía práctica para el manejo de la Diabetes Mellitus tipo 2' argitaratu berri du. Gida sortzeko, elkarlanean aritu dira Sevillako Infanta Luisa Ospitaleko Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzuko José Contreras doktorea, UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Nutrizio eta Obesitate Ikertaldeko Alfredo Fernández-Quintela, Leixuri Agirre eta María Puy Portillo doktoreak, eta Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologia CIBEReko kideak. Sareko Ikerkuntza Biomedikoaren Zentro hori Carlos III.a Osasun Institutuaren mende dago.
Diabetes mellitus sindromea alterazio metaboliko batzuen multzoa da: hutsak gertatzen dira intsulinaren jariakinetan edo intsulinaren eraginetan (edo bietan), eta horrek hipergluzemia kronikoa sortzen du. Horren ondorioz, alterazioak gertatzen dira karbohidratoen, lipidoen eta proteinen metabolismoan. Diabetesaren iraupenaren eta motaren arabera, diabetes mellitusaren sintomak larriagoak edo arinagoak izango dira. Diabetesa sailkatzea oso garrantzitsua da, sailkapenak eragina baitu gaixotasuna tratatzeko estrategietan. Ez da lan erraza, ordea, eta paziente asko ez dira aise egokitzen diabetes mota jakin batera. Argitaraturiko lanean 2 motako diabetes mellitusa soilik aztertu dute.
Zaila da zehazki jakitea zenbat herritarrek duten diabetes mellitusa. Izan ere, azterlanetan hainbat diagnosi irizpide erabiltzen dira, eta askotariko gizataldeak aztertzen dira. International Diabetes Federation (IDF) erakundeak zenbait datu esanguratsu argitaratu zituen 2013ko txostenean: kasurako, mundu osoko 20-79 urte arteko helduen % 8,5ek dute 2 motako diabetes mellitusa (mundu osoan 382 milioi pertsona bizi dira; horietatik 198 milioi gizonezkoak dira, eta 184 emakumezkoak). Uste da kopuru hori areagotuz joango dela: diotenez, 2035. urtean 592 milioi pertsona biziko dira mundu osoan. Espainian, prebalentzia aldatu egiten da eskualde batetik bestera: % 6,1etik % 18,7ra bitartekoa da. 2 motako diabetes mellitusaren prebalentzia handitu egiten da adinarekin, eta diagnostikaturiko diabetes kasu berrien % 90-95 hartzen ditu.
Hasieran, uste zen 2 motako diabetes mellitusa helduen diabetesa zela; gaur egun, ordea, jakinekoa da haur eta nerabeei ere eragiten diela. 10 eta 19 urte arteko gazteetan egindako SEARCH ikerlanak agerian jarri zuen kolektibo horretan % 30,5 areagotu zela 2 motako diabetes mellitusaren prebalentzia 2001 eta 2009 artean. Hainbat faktorek eragin ohi dute 2 motako diabetes mellitusa bizitzaren aldi goiztiarretan: bizimodu aldaketek, egoneko bizimoduak eta elikadura desegokiak, adibidez.
Diabetikoek osasun gastu handia eragiten dute, maizago jotzen baitute espezialisten kontsultetara eta larrialdi zerbitzuetara; gainera, denbora gehiago eman behar izaten dute ospitalean. Hori dela eta, gida hauek oso garrantzitsuak dira patologia horretan dieta eta farmako egokiak nola ezarri argitzeko.
Argaskiak: Nuria González. UPV/EHU