Eginez ikasi
UPV/EHUko Ikaskuntza-irakaskuntza Kooperatiboa eta Dinamikoa IKD ereduak ikasgai magistralen ordez metodologia aktiboak ezartzen ditu
First publication date: 12/01/2015
Urtarrilaren 8tik 23ra arte lehen lauhilekoko azterketak izango dira UPV/EHUn. Hala ere "Lenguas e innovacion en la Escuela" ikasgaia ikasi duten Bilboko Irakasleen Eskolako ikasleek ez dute trantze hori pasatuko: ikasle guztiek, berrogeita hamar, hain zuzen, lehen egunetik ikasgaiaren edukiak apunterik eta ohiko azalpenik gabe landu dituzte, eta, orain azterketa barik ebaluatzen dira. Unibertsitateko IKD ikaskuntza-irakaskuntza kooperatiboa eta dinamikoa metodoaren bidez ikasi dute, eta "Proiektuetan Oinarritutako Irakaskuntza" metodologia aktiboa praktikan jartzearen bitartez.
Euskal Herriko Unibertsitateko berezko eredu bat da IKD. Eredu horretan zentroa ikaslea da, ikaskuntzaren jabea izan, modu integral eta malguan treba eta gizartearen behar aldakorretara egokitu dadin. Helburu horiek betetzeko, irakasleek metodologia aktiboak ikasgelan erabiltzen dituzte: arazoak konpontzea, proiektuak egitea eta kasuak ikertzea. Metodologia horiek ohiko irakaskuntza ordezkatzeko -hau da, azalpenezko klase, apunte eta azterketak- IKDk bere ereduan sartzen du irakasleentzako prestakuntzarako Eragin programa, zeinek 2009tik 250 lagun trebatu dituen. Ikasturte honetan, beste 140 pertsona erantsi zaizkio programari. Metodologia aktiboak hainbat jakintzagaitan erabiltzen dira: informatikan, zuzenbidean, eskulturan, kimikan, elikaduran eta genetikan, besteak beste. Horrela gertatu da "Lenguas e Innovación en la Escuela" ikasgaian, 2013/14 ikasturtean hasi eta 2014/15ean ere egiten ari dena.
"Lenguas e Innovación en la Escuela" taldea ikasgelara eskolako lehenengo egunean sartu zenean, ikasteko eraz erabakitzen hasi zen. Urtza Garay irakasleak oinarrizko bibliografia aurkeztu zuen, eta une horretatik aurrera, taldeak bere irakaskuntza gobernatu du, zeren berrikuntzari eta hizkuntzei buruzko kongresua garatzea, "Pecha Kucha" aurkezpen-saila egitea eta ikus entzunezko material berritzailea sortzea izan diren lau hilabeteko horietako helburu, baita ezagutzak hartzea ere, jakina.
Ikasturteko hastapenetik orain arte, talde handitan, ertainetan eta binaka zatitutako klaseak Linguanova Kongresuaren II. Edizioa antolatu du. Aurten, "Innovar para educar, educar para innovar" leloa izan du. Goiburua hautatzeaz gain, komunikazio, poster eta aurkezpenei buruzko kongresuaren barruko arauak ere ezarri ditu. Ikerketa-gaiak mugatu, zuzendu eta onartu ditu. Egitaraua eta kartela diseinatu ditu, komunikazioak prestatu, poster digitalak aurkeztu eta sortutako web-gunearen eta sare-sozialen bidez zabaldu kongresua. Hots, bai atzean bai publikoaren aurrean lan egin du, edukiak zein eta nola jorratu eta aurkeztu erabakiz.
Gorengo momentuan azaroaren 21ean izan zen. Egun hartan irakasle, ikaskide, lagun eta senideen aurrean bost komunikazio eta bost poster erakutsi zituzten, klase barruan eta kanpoan egindako lan biziaren fruituak. Gramatikaren etorkizuna, teknologia berriak, hiru-eletasuna eta askotariko gizartean hizkuntzaren irakaskuntza izan ziren ardatz nagusiak. Baina hor ez zen lana bukatu.
Kongresua egin ostean, ikasleek "Pecha Kucha" aurkezpenak ere antolatu dituzte. Formatu horretan, aurkezpenak egin behar dira hogeina irudiren bidez, eta irudi bakoitzari hogei segundo eskaintzen zaizkio. Irudiak erakusten zituzten bitartean, ikasleek aurkezpen erakargarri, labur eta arinak egin zituzten, ikus-entzunezko materiala erabiliz ikasgaiaren edukiak barneratzeko.
Teoria, ardura, autonomia landu eta emaitza profesionala sortu ostean, ikasleak lauhilekoa bukatzen ari dira, baina azalpen magistralak entzun eta apunteak hartu eta ohiko azterketa egin gabe.