euskaraespañol

Image of the day

Haurrak eta smartphone gailuak Zein da arriskua?

EU Kids Online sarearen txosten berriak, Online desde los móviles izenekoak eta Net Children Go Mobile elkartearekin lankidetzan idatzitakoak, smartphone gailuak erabiltzen dituzten adingabeentzat Internetek dituen arriskuak aztertu ditu

First publication date: 28/10/2014

EU Kids Online sareak 25.000 adingaberekin egindako ikerketak erakutsi zuenez, haurrak gailu mugikorretatik sartzen dira Internetera. Harrezkero, Internetera konektatzeko smartphone gailuak erabiltzen dituzten 9 eta 16 urte arteko adingabeen kopuruak nabarmen egin du gora.

Gaur egun, Europako 9 eta 12 urte arteko haurren % 28 smartphone gailuen bitartez konektatzen da Internetera. 2010. urtean, horrelako telefonoak erabiltzen zituzten haurrak ingurune aberatsagoetan bizi ziren, pribilegiatuagoetan, baina aberatsen eta txiroen arteko arrail teknologikoa txikitzen ari da. Gaur egun 13 eta 16 urte arteko adingabe gehienek smartphone bat dute.

Smartphone gailuek arrisku gehiago dituzte adingabeentzat sakelako telefono modelo zaharragoek baino

Online desde los móviles EU Kids Online sarearen argitalpen berriak erakutsi du Internetera smartphone bat erabiliz sartzen diren haurrek arrisku handiagoa dutela, sakelako telefono zaharragoa, ordenagailu eramangarria edo PCa erabiliz sartzen direnekin alderatuta.  "Arrisku gehiagoren eraginpean egoteaz gain, smartphone gailuen erabiltzaile adingabeek maizago sartzen dira Internetera, eta jarduera gama zabalagoa garatzen dute" azaldu du Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile Maialen Garmendiak; horrez gain, EU Kids Online eta Net Children Go Mobile proiektuen zuzendaria da Garmendia Espainian.

Gurasoek adi egon behar dute

Ikerketa berriak nabarmendu du haur txikienek arrisku gutxiago izaten dutela handiagoek baino, baina, oro har, horrelako esperientzia negatiboek eragin handiagoa dute txikienengan. Horri dagokionez, Garmendia irakasleak azaldu du "smartphone gailuak erabiltzen dituzten haur txikienen gurasoek seme-alaben erabilera modu aktiboan erregulatu behar dutela. Haurra gero eta txikiagoa izan, gurasoak gero eta gehiago inplikatu beharko lirateke."

Adingabearen arabera arazoak desberdinak izan daitezkeen arren, sakelako telefonoekin ager daitezkeen arrisku berriei erreparatzeko beharra nabarmendu du Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak: "Adingabeen arriskuak generoaren eta adinaren arabera aldatzen dira. Hala ere, gailu adimendunek arrisku berriak dituzte, esaterako geolokalizazioa edota telefonoen erabiltzaileak pertsona ezezagunekin harremanetan jar ditzaketen aplikazioak."

Garrantzia Europa mailan

Online on the Mobilek EU Kids Online sareak 2010. urtean 25.000 haurrekin baino gehiagorekin 25 herrialdetan egindako ikerketaren gainean egiten du lan, Net Children Go Mobilen (2014) ikerketarekin batera; azken horrek Internet mugikorrerako sarbidearen gorakada aztertzen du zazpi herrialdetan, hain zuzen ere Belgikan, Danimarkan, Irlandan, Italian, Portugalen, Erresuma Batuan eta Errumanian.

Bi proiektuei esker, 2010. urtetik adingabeak Internetera sartzeko modua nola aldatu den ikus daiteke.

Euskal Herriko Unibertsitateko EU Kids Online ikerketa taldearen arabera, ikerketa garrantzitsua da espainiar estatuarentzat, gaur egun ez baitago datu konparagarririk eskura, eta espainiar errealitatea Europako testuinguruaren barruan kokatzeko aukera eskaintzen du.

Gehiago eta gehiago

EU Kids Online sarearen ikerketak agerian utzi du Interneten arriskuak eta aukerak eskutik doazela. "Gailu mugikorren bitartez Internetera konektatzen diren haurrak sarbide handiagoa dute, maizago, gailu gehiago erabiltzen dituzte, arrisku handiagoarekin" azaldu du Garmendia irakasleak.

Ikerketan jasotako gomendioen arabera, software diseinatzaileek eta teknologia eta komunikazio arloetako enpresek gurasoentzako kontrol-mekanismo errazak ahalbidetuko dituzten lanabesak garatzea lehenetsi beharko lukete, adingabeen artean Internet modu seguruan erabiltzea lagundu eta monitorizatu ahal izateko.

Informazio gehiago behar izanez gero:

Txosten osoa, Online on the Mobile: Internet use on smartphones and associated risks among youth in Europe, EU Kids Onlineko kideena: Gitte Stald (Danimarka), Lelia Green (Australia), Monica Barbovski (Errumania), Leslie Haddon (Erresuma Batua), Giovanna Mascheroni eta Barbara Scifo (Italia), Bence Ságvári (Hungaria) eta Liza Tsaliki (Grezia):

http://www.lse.ac.uk/media@lse/research/EUKidsOnline/EU%20Kids%20III/Reports/MobileReport.pdf

EU Kids Online proiektuari buruzko informazio gehiago jasotzeko, pressoffice@lse.ac.uk helbidearekin jar zaitezke harremanetan, edo www.eukidsonline.net ataria bisitatu.

Net Children Go Mobile proiektuari buruzko informazio gehiago jasotzeko mesedez jar zaitez harremanetan Giovanna Mascheronirekin (giovanna.mascheroni@unicatt.it), edo kontsultatu www.netchildrengomobile.eu ataria.

Espainiako arduradunak:

  • Maialen Garmendia: EU Kids Online III ikerketa taldearen zuzendaria, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea.  maialen.garmendia@ehu.es
  • Miguel Ángel Casado: EU Kids Online III ikerketa taldeko kidea. Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea. miguelangel.casado@ehu.es

Proiektuari eta inkestari buruzko informazioa:

  • EU Kids Online proiektua Europako haurren eta gurasoen Interneten eta teknologia berrien arriskuari eta erabilera seguruari buruzko esperientzien eta praktiken ezagutza hobetzen saiatzen da eta, era berean, haurrentzat ingurune seguruago bat sustatzen laguntzen du. Proiektuak Europako Batzordearen Safer Internet Programme ekimenak finantzatzen du (SI-2010-TN-4201001).
  • Txosten honek EU Kids Online II (2010-2011) egitasmoaren datuak erabiltzen ditu. Honako herrialde hauek biltzen ditu: Alemania, Austria, Bulgaria, Txipre, Txekiar Errepublika, Danimarka, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Hungaria, Irlanda, Italia, Lituania, Norvegia, Herbehereak, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Errumania, Suedia, eta Turkia. Horrez gain, proiektuak Kroazia, Eslovakia, Islandia, Letonia, Luxenburgo, Malta, Errusia eta Suitzako ikertzaile taldeak ere biltzen ditu. Informazio gehiago hemen: www.eukidsonline.net
  • Net Children Go Mobile (2013-14) proiektuari ere erreferentzia egiten dio. Esparru kuantitatiboan jasotako herrialdeak honako hauek dira: Belgika, Danimarka, Irlanda, Italia, Portugal, Erresuma Batua eta Errumania.  Net Children Go Mobile proiektua ere Europar Batzordearen Safer Internet Programme ekimenak finantzatzen du.  Informazio gehiago hemen: http://www.netchildrengomobile.eu/