Mutriku BHIko ikasle batek irabazi du Euskadiko Fisikako Olinpiada
First publication date: 17/03/2014
Alberto Hijano Mendizabal Mutriku BHIko ikasleak irabazi du Euskadiko Fisikako Olinpiadaren XXV. edizioa. Joan zen otsailaren 28an ospatu zen lehiaketa UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean eta erkidegoko 14 ikastetxeko Batxilergoko bigarren mailako 32 ikaslek hartu dute parte bertan. Bigarren saria Kantauri BHIko (Santurtzi) Eneko Martín Martínezek irabazi du eta, hirugarrena, Urdaneta Ikastetxeko (Loiu) Blaithin Power-ek. Era berean, nabarmentzeko postuak eskuratu dituzte Gaztelueta Ikastetxeko (Leioa) Miguel Orbegozo Rodríguezek, American School of Bilbaoko (Berango) Jesús Erlantz García Condadok eta Calasancio Ikastetxeko (Bilbo) Tomás Cabezón Pedrosok.
Fisikako Olinpiada nazioarte mailako lehiaketa zientifiko bat da. Bertan, prestakuntza maila handia duten Batxilergoko ikasleek fisikaren inguruan dituzten ezagutzak neurtzen dituzte. Lehiaketa hainbat etapatan banatuta dago, erkidego mailan hasiz, fase nazionaleko lehiaketarekin jarraituz, eta nazioarte mailako norgehiagoka birekin bukatuz, bata mundu mailakoa eta bestea iberoamerikarra.
Erkidego mailako lehiaketako lehen hiru sailkatuek Euskadi ordezkatuko dute apirilaren 4tik 7ra bitartean A Coruñan ospatuko den maila nazionaleko Olinpiadan. Bertan, beste erkidegoetako onenekin lehiatuko dira.