12.782 ikasle hasiko dira asteartean Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa egiten UPV/EHUn
Aurreko kurtsoetako 626 ikasle irakasgai batzuetara aurkeztuko dira nota igotzeko. Unibertsitateak handitu du egoitzen kopurua eta USEren azterketen berregituratzea ere mantendu da
- News
First publication date: 02/06/2021
Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko 11.947 ikaslek Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) hasiko dute asteartean, ekainak 8, Euskal Herriko Unibertsitatean. Batxilergoko ikasleez gain, Lanbide Heziketako goi mailako heziketa ziklo bat egin duten beste 835 ikasle gehitu behar dira. Kopurua iazkoa baino pixka bat handiagoa da: 2020an 12.594 ikasle matrikulatu ziren USEra. Aurten, beraz, % 1,49 igo da matrikula.
Batxilergoko ikasle horietatik, 1.613k egingo dute Arabako Campusean, 5.956k Bizkaikoan eta 4.346 Gipuzkoakoan. Eta LHtik datozenetatik, 118k egingo dute Arabako Campusean, 429k Bizkaiko Campusean eta 272k Gipuzkoakoan.
Hizkuntzaren arabera, Batxilergoko ikasleen % 75k (8.925 ikasle) euskaraz egingo du, eta % 25k (2.990) gazteleraz. LHko ikasleei dagokienez, % 55k egingo du proba euskaraz, eta % 45k gazteleraz.
Azkenik, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa egingo duten Batxilergoko ikasleen % 57 emakumezkoak dira, eta % 43 gizonezkoak. LHko ikasleei dagokienez, emakumezkoak % 69 dira, eta gizonezkoak % 31.
12.782 pertsona horiei gehitu behar zaizkie nota igotzeko irakasgai batzuetara aurkezten diren aurreko kurtsoetako beste 626 ikasle.
Inklusioa-Premia bereziak dituzten ikasleak
Desgaitasunak edota premia bereziak dituzten 411 ikasleek Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio probetan egokitzapenak izango dituzte. Horrela, ikasle guztiek sarbide probetan aukera berdintasuna bermatuko dutela ziurtatuko da.
Desgaitasunak dituzten pertsonentzako zerbitzuak USEko epaimahaiei zuzenduriko gida argitaratu du Jardunbide egokien gida UPV/EHUko sarbide probetarako, ikasleen egokitzapen eskaerei eta horien aplikazioari erantzuna eta premia bereziak dituzten ikasleen arretan praktika egokiak ezartzeko.
Ohikoa baino egoitza gehiago
Ohi denez, USE hiru egunetan egingo da, asteartetik, ekainak 8, ostegunera arte (hilak 10). Egoitzen kopuruari dagokionez, euskal unibertsitate publikoak eta Eusko Jaurlaritzak ohikoa den baino egoitza kopuru handiagoa mantendu dute, azterketak osasun baldintza onenetan egin daitezen. Hori horrela, UPV/EHUren hiru campusetako ohiko azterketa lekuei, gehitu egin zaizkie BEC, Bizkaian; FICOBA, Gipuzkoan, eta Iradier Arena, Araban. Egoitza horietan guztira 38 epaimahai egongo dira.
Halaber, iazko esperientzia ona kontuan hartuta, ordutegia berregin da, higiene, osasun eta antolakuntza neurriak betetzen direla bermatzeko, hala nola ikasleen itxarote eta atseden tarteak hobetzeko.
USE azterketak berregituratzea
Bestetik, COVID-19aren pandemiak sortu duen ezohiko egoera dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Hezkuntza Sailak adostu dute 2020an ezarritako USEko gaien azterketak berregituratzea mantenduko dela.
Funtsean, berregituraketa datza azterketa bakoitzaren hautazkotasuna handitzean, aukera emanez nahasteko, modu ordenatuan eta galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera, azterketa bakoitzaren A eta B aukeretako galderak. Ereduak, orientabideak eta ebaluazio eta zuzenketa irizpideak ikasturte hasieran ezarri ziren, eta probarako erabiltzen ohi direnak dira.
Segurtasun neurriak
Higiene, osasun eta antolakuntza neurriak jasotzen dituen protokoloa ere prestatu da, probetan parte hartzen duten guztiek errespetatu behar dituztenak.
Hortaz, parte hartzaile bakoitzak azterketa egiteko materiala eraman beharko du (bolaluma, erregelak, kalkulagailua…), eta une oro mantendu beharko du ezarritako gutxieneko segurtasun distantzia. Maskara etengabe erabiltzea ere derrigorrezkoa izango da. Pertsona guztiek eskuak garbituko dituzte ikasgelara sartu aurretik, uraz eta xaboiaz edo sarreran ipiniko diren ontzietako gel edo soluzio hidroalkoholikoaz. Betiere dagokion epaimahaiaren presidente edota idazkariak emandako jarraibideak jarraitu behar izango dira.
USEari buruzko informazio guztia: https://www.ehu.eus/eu/web/unibertsitaterako-sarbidea/home/use-2021/ohiko-deialdia
2021EKO USE EGINGO DUTEN IKASLEEN DATU XEHATUAK:
Batxilergoa |
GAZTELERA |
EUSKARA |
GUZTIRA sexuka |
GUZTIRA campuska |
|
ARABA |
Emakumeak |
327 |
601 |
928 |
1.613 |
Gizonak |
245 |
440 |
685 |
||
BIZKAIA |
Emakumeak |
1.002 |
2.402 |
3.404 |
5.956 |
Gizonak |
793 |
1.759 |
2.552 |
||
GIPUZKOA |
Emakumeak |
341 |
2.121 |
2.462 |
4.346 |
Gizonak |
282 |
1.602 |
1.884 |
||
Guztira |
2.990 |
8.925 |
6.794 emakume 5.121 gizon |
11.915* |
*32 ikasle falta dira, ez baitira campus jakin batera adskribitu (UPV/EHUn azterketa egiteko baimena eskatu dute)
LH |
GAZTELERA |
EUSKARA |
GUZTIRA sexuka |
GUZTIRA campuska |
|
ARABA |
Emakumeak |
48 |
40 |
88 |
118 |
Gizonak |
18 |
12 |
30 |
||
BIZKAIA |
Emakumeak |
150 |
145 |
295 |
429 |
Gizonak |
66 |
68 |
134 |
||
GIPUZKOA |
Emakumeak |
48 |
135 |
183 |
272 |
Gizonak |
35 |
54 |
89 |
||
GUZTIRA |
365 |
454 |
566 emakume 253 gizon |
819* |
*16 ikasle falta dira, ez baitira campus jakin batera adskribitu (UPV/EHUn azterketa egiteko baimena eskatu dute)