Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak lehen aldiz orientaTU formazio-topaketa antolatu du, Bigarren Hezkuntzako orientatzaile eta irakasleei UPV/EHUko orientazio baliabideak erakusteko. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 150 ikastegitatik 154 irakasle eta orientatzailek hartu dute parte ekimenean, hiru campusetan, azaroaren lehen hamabostaldian.
‘orientaTU’, edo nola lagundu DBHko ikasleei unibertsitateko ikasketak aukeratzen
Bigarren Hezkuntzako 154 irakasle eta orientatzailek UPV/EHUko orientaziorako baliabideak ezagutu dituzte formazio topaketan
- News
First publication date: 04/12/2018
Nolako inplikazioak ditu DBH bukatutakoan hautaturiko ibilbideak geroago egingo diren unibertsitateko ikasketetan? Zergatik erizaina edo irakaslea entzutean emakumezkoaren irudia datorkigu burura eta informatikaria edo ingeniaria entzutean gizonezkoa? Oso modu aktiboan, itaun horiei eta beste batzuei unibertsitateko 35 irakaslek erantzunak eman dizkiete. Zehaz-mehatz, ardatz hauek landu dituzte: sarbideari buruzko alderdi garrantzitsuenak, jakintza-arloak, graduak, irteera profesionalak eta ikasleek informazio guztia aurkitzeko baliabideak.
Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordetzaren Ikasleen Zuzendaritzak antolatu duen topaketan, partaideen artean gertutasun- eta komunikazio-giro sortu da, eta, horrela, zalantzak argitzea eta kasu praktikoak ebaztea erraza izan da. UPV/EHUko Ikasleen zuzendari Montse Maritxalarrek esan duenez, “Bigarren Hezkuntzako zein Unibertsitateko irakasleek beraien errealitatea partekatzeko aukera izan dute giro atsegin batean”.
Partaideek hausnarketa ere egin dute: gaur egungo estereotipoak gazteen orientazio-prozesuan ere hautsi behar dira, beraz, ikasleei ikasketa-aukeren abanikoa zabaldu behar diete. Bestalde, ikasketak aukeratzea ez da helburu, baizik eta gazteen etorkizunerako bidearen lehen pausu ematea.
“Ikasle batek ez badu lehen aldian lortzen kalifikazio nahikoa egin nahi dituen ikasketetan sartzeko, lasaitasuna transmititu behar zaio, segur aski, beranduago aurkituko baititu bideak bere bokazioa gauzatzeko — gogoratzen du Maritxalarrek—. Izan ere, gaur egungo hezkuntza-sistemak ibilbide akademiko ugariak ahalbidetzen ditu. Azken finean, profil anitzeko profesionalak behar ditugu gizartean eta hori lortzeko orientazio-prozesuetan adierazi behar zaie ikasleei, graduak ikasi ondoren, ikasketa-mota gehiago daudela, esaterako, masterrak”.
Topaketan, askotan azpimarratu da ikasketen aukeraketa gazteak berak egin behar duela. Helduen lana da bidelagun izatea, informazio zuzena eta egokia ematea, kontuan izanik ikaslearen nahia izan behar dela aukeraketaren motorra.