Erasmus + programaren baitan kokatzen den EPEZ (Enpresetan Praktikak Europan Zehar) Beken bidez, Europako hainbat hiriburutako enpresetan beraien prestakuntza osatuko dute UPV/EHUko 36 tituludunek.
«Nazioarteko praktikek norberaren gaitasun profesionala eta, batez ere, pertsonala ezagutzeko balio dute»
Praktikak egin dituzte Europako enpresetan UPV/EHUko 36 tituludunek
- News
First publication date: 22/06/2018
UPV/EHUko Enplegu Guneek Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordetzarekin lankidetzan kudeatu dituzte beka horiek, eta programa itxiko duen bileraren harira banatu dira gaur goizean ziurtagiriak. Azken hamarkadan 650 pertsona baino gehiagok parte hartu dute programa horietan.
Beka hauen helburua, lan merkatuari arrakastaz aurre egin ahal izateko behar diren gaitasunak garatuz ikasleen perspektiba profesionalak hobetzea da. Bekadunek atzerriko egonaldiaren kostu nagusiak finantzatuta izan dituzte: bidaiak, aseguruak, prestakuntza, ostatua, gestioa eta antolakuntza… Edizio honetan, lan-praktikak Erresuma Batuko, Irlandako, Austriako, Txekiar Errepublikako, Italiako, Portugaleko eta Alemaniako enpresetan burutu dira.
Ibon Markaida Llorente graduatu berria oraintsu bueltatu da Edinburgh hiritik. Arte Ederretan graduatua da Markaida eta Eskoziako hiriburuan izan da Edinburgh Palette irabazi-asmorik gabeko elkartean lan egin du St. Margaret's House.kultura garaikidearen zentroan.
“Diseinu grafikoaren arloan lan egin dut, ikasi dudan horretan, hain zuzen. Kartelak eta postalak diseinatu ditut, gizarte sareentzat kanpainak ere egin ditu, bai eta argazkia atera ere. Nazioarteko praktikek norberaren gaitasun profesionala eta, batez ere, pertsonala ezagutzeko balio dute: pisu berean beste batzuekin bizi behar duzu, nazionalitate desberdinetako lagunekin egonda nola lan egiten duten ikusten duzu… oso aberasgarri da guztia. EPEZ bekak programan parte hartzera gonbidatuko nituzke ikasle guztiak”, adierazi du Ibon Markaidak.
%90arentzat “erabakigarria”
Sofia Arrue Lópezek Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Gradua ikasi du UPV/EHUn, eta Lisboan izan da EPEZ bekarekin. “Hiru hilabete zoragarri igaro ditut Bizarro do Vale & Associado enpresan lan egiten. Asko ikasi dut, eta oso aberasgarria izan da niretzat, konfiantza handia erakutsi baitzidaten, Europar Batasunak finantzatutako proiektu bat ere auditatu nuen. Esperientzia aparta, azken finean. Programa honetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen diet ikasle guztiei, kurrikuluma hobetzeaz gain hizkuntzak ere ikasten baitira, gainera”, azaldu du Arruek.
Aurreko edizioetan, praktikak bukatzearekin batera, UPV/EHUk txosten bat egin du ikasleen asebetetzea eta laneratzeko orduan mugikortasunak izan duen inpaktua neurtzeko. Hala, programa honetan parte hartu duten 650 lagun ingururi galdetu zaie, eta %90ak mugikortasuna oso ondo balioetsi du, eta lana bilatzeko orduan erabakigarria izan dela esperientzia hori adierazi du.
Informazio gehiago: http://www.ehu.eus/eu/web/enplegua/epez-erasmus