NOR ikerketa-taldeko Samara Veltek 2016ko sanferminetako talde-bortxaketaren harira sortu ziren diskurtso sozial, mediatiko eta juridikoak ikertu ditu, analisi diskurtsiboa gatazka sozialak eta gizarte-mugimenduak aztertzeko metodologia gisa proposatuz. Sexu-erasoa gertatu zenetik “Soilik bai da bai” legea onartu osterainoko diskurtsoak eta haien arteko harremanak erakusten ditu lanak, eta identitate eta ekintza sozialetan bitarteko direla azaleratu.
"La Manada” auziaren inguruan sortutako diskurtsoek gizarte- eta lege-aldaketak eragin zituzten
Diskurtso historikoek, garaikideek eta identitateen arteko lehiak eragina izan dute bortxaketa-kasuak indarkeriaren inguruan sortutako kontzeptu-gatazkan, UPV/EHUren ikerlan baten arabera
- Research
First publication date: 08/01/2025
2016an “La Manada” izenarekin ezaguna egin zen talde-bortxaketak mobilizazio sozial handiak eragin zituen, atentzio mediatikoa erakarri zuen eta aldaketa juridikoak ekarri zituen. Garai hartan Berriako kazetaria zen Samara Velte UPV/EHUko ikertzaileak sexu-eraso hartan sortu ziren diskurtsoen azterketa zientifikoa egin du, analisi diskurtsiboak gatazka sozialak ulertzeko tresnak eskaintzen dituela argudiatuz: “2019an kasuari buruzko liburu bat argitaratu nuen, baina kazetaritza-lan bat zen. Komunikabideen jardunaren eta epaiaren errepaso kritiko bat egin nuen, eta ohartu nintzen oinarri zientifikoa zuen azterketa bat egin zitekeela. Hala, bertsio akademikoago bat osatu dut erakusteko diskurtsoak aztertuz posible dela gizarte-mugimenduetan esanahi sozialak nola eraikitzen diren ulertzea, frogatzeko diskurtsoak askotan identitateen eta ekintza sozialen bitarteko direla”, azaldu du Samara Veltek.
Ikerketa egiteko hedabideetako 110 eduki aztertu ditu, lau une jakinetakoak: erasoa gertatu eta berehala jasotakoak (2016ko uztaila), epaiketa garaikoak (2017ko azaroa), epaia ezagutu ostekoak (2018ko apirila) eta “Soilik bai da bai” legearen ondorengoak (2023ko apirila). Horrekin batera, hiru testu legalen azterketa ere egin du: aipatutako lege organikoarena, epaiarena eta hari lotutako boto partikularrarena. Eta, azkenik, protestetan eta kalean jasotako diskurtsoei erreparatu die.
Alde batetik, epealdi horretan guztian diskurtsoek identitate sozialen artikulazioan izan zuten eraginaren ebidentziak topatu ditu Euskal Herriko Unibertsitatearen azterlanak. Hau da, nola bideratu zuten jendea talde edo kolektibo jakin bateko kide sentitzera edo identifikatzera eta esanahi batzuk partekatzera. "Esaterako, erasoa gertatu eta berehala material diskurtsibo pila bat sortu zen. Askotariko mezuak sortu ziren eta biolentzia sexualaren inguruko ezagutza soziala azaleratu zen. Negoziazio bat abiatu zen gizartean eta komunikabideetan, bortxaketa bat, sexu-indarkeria eta abar zer diren definitzeko. Orduan gertatu zen aldeen arteko lehenbiziko lehia eta artikulatu ziren identitate kolektiboak, gatazka sozialean posizio bat edo beste hartuz", azaldu du Veltek.
Eta, hortik aurrera, diskurtsoen arteko elkarreraginak zirela medio, gatazkan eragiteko etorri ziren ekintzak ere aztertu ditu ikerketak. Adibidez, UPV/EHUko lanak aipatzen du epaiketaren garaian mugimendu feministak aldarrikatzen zituen diskurtsoei balioa kentzeko ahalegin berezia egin zela eta horri erreakzionatuz sortu zirela une hartan jazo ziren protesta handiak. Veltek dioenez, “aktore sozialak etengabe elkarri erantzuten ari ziren, eta batzuek sinesgarritasuna kentzeko zabaldutako diskurtsoek mugimendu feministari talde-identitate oso indartsu bat artikulatzea ahalbidetu zion”.
Dena dela, ikertzaileak azpimarratzen du memoria sozialak ere zerikusi handia duela diskurtsoen, identitateen eta ekintza sozialen garapenean. Alegia, kolektibo feministak izan zuen indarra eta mobilizatzeko gaitasuna ez zela 2016ko sanferminetako talde-bortxaketaren erreakzio hutsa izan, baizik eta aurreko urteetan bizitakoak ere eragin handia izan zuela: "Diskurtsoak ez dira ezerezetik sortzen. Protesta haiek sortu ziren biolentziazko historia guztiaren erantzun modura. Ez da kasualitatea Iruñean izatea. Hirian aurrez esperientzia traumatikoak bizi izan zituzten, sozialki oso markatuta geratu zirenak. Horrek ezagutza partekatzeko lanketa bat eragin zuen eta erraztu zuen ahots kolektibo horrek kalea hartzea".
"Soilik bai da bai" legearen eraikuntza
"La Manada" kasuari lotuta sortutako testu juridikoei dagokienez, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlanak erakusten du aipatzekoa dela 2023an onartu zen "Soilik bai da bai" legea, diskurtsoen arteko harremanen eta memoria sozialaren eraginaren ondorio gisa. "Ahots feministak iritsi ziren lehenago iritsi ez ziren tokietara: mundu juridikora. Ordura arte oso hertsia zen eta une horretan ireki egin zen, onartuz hainbat akats zeudela eta bidea emanez lege berriari. Horrek barnean hartu zituen ahots feministak aldarrikatutako hainbat printzipio”, dio Veltek. Baina, aldi berean, ikertzaileak nabarmentzen du legeak kontrako erreakzio bat piztu zuela; agerian geratu zela gizartean ahots gehiago zeudela eta askok lehenagoko logika zigortzailea izaten jarraitzen zutela. Hala, legeak zekartzan hainbat berrikuntza bertan behera geratu ziren.
Velteren ustez, horrek erakusten du "gatazka sozialak ez direla inoiz erabat ebazten. Beti dago interesen eta botere harremanen arteko tentsio bat. Dena etengabe negoziatzen da, baina aldi berean denak egiten dio erreferentzia aurrez esan den zerbaiti. Gauzak horrela, diskurtsoaren analisiak, hain zuzen ere, ahalbidetzen digu ibilbide horiek ondo identifikatzen".
Bibliographic reference
- The Social Memory of Sexual Violence: "You Touch One, You Touch Us All"
- Violence Against Women
- DOI: 10.1177/10778012241289431