euskaraespañol

Image of the day

“Intsektuak etorkizuneko elikagaia dira”

Patricia Draghici eta Ander Méndezek, Lucía Dueñasekin batera, txokolatez estalitako intsektuak saltzen dituzte Khao Thai enpresan. Berau UPV/EHUko Zitek haztegian sortu dute.

  • Interview

First publication date: 26/07/2018

“Intsektuak etorkizuneko elikagaia dira”
Patricia Draghici eta Ander Méndez, UPV/EHUko Zitek haztegian sortutako Khao Thai enpresako bazkidek.

Patricia Daghici eta Lucía Dueñas UPV EHUn graduatu ziren, eta proiektu pertsonalak garatzen hasi ziren Ziteken. Zitek Euskal Herriko Unibertsitateak ekintzailetza sustatzeko duen programa da. Patricia Daghici eta Lucía Dueñasek, Publizitateko eta Harreman Publikoetako graduatuek, proiektua gauzatzen dute. Proiektuan, Ander Méndezek ere jarduten du. Berak Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako ikasketak ditu.

Bakoitzak bere kabuz hasi zuen ibilbidea, baina Thailandiara egindako bidaia batek elkartu eta Khao Thai proiektu berriari ekin zioten. Startup honetan, txokolatez estalitako hiru intsektu mota saltzen dituzte: txokolate beltzezko eskorpioiak, txokolate zuriz estalitako matxinsaltoak eta esnezko txokolatez estalitako zizareak. Guztiak daude deshidratatuta eta oso kurruskariak dira.

Zergatik estali txokolatez eta ez barbakoa saltsaz?

Patricia: Hemen harrigarria da intsektu bat ahoratzea eta, beraz, pentsatu genuen: “Nola egin jendeak jan nahi izatea eta, aldi berean, ukitu exotikoagoa ematea?”. Horregatik hautatu genuen gure kulturako produktu bat erabiltzea, guztiok gustuko duguna: txokolatea. Hala, txokolatez estaltzen ditugu intsektuak eta ez du horiek jateak halako ezinegona sorrarazten.

Zerk erakarri zintuzten?

Ander: Ideia bidaiaren ostean sortu zen eta gure balio proposamena da Thailandiako espiritua Bilbora hurbiltzea. Bertan nabarmenena, hemen ez daukaguna, intsektuak dira. Thailandia, Txina edo Filipinak bisitatu dituen edonorentzat oso ikonikoa da.

Dastatu al dituzue intsektuak? Eta dastatu al dituzte zuen ingurukoek?

P: Noski! (barre egiten du). Lehenengo unetik dastatu ditugu. Hainbat lagunek ere dastatu dituzte. Batzuek gogoko dute, eta beste batzuek ez. Hala ere, zalantzarik gabe, denentzat izan da esperientzia zirraragarria. Denek gogoratzen dute une hori eta haientzat intsektuak saltzen dituzten lagunak gara. Oso harrera ona izan du, baina, egia esan, bada intsektuak gure dietatik urrun ikusten dituenik, gure mahaira sekula iritsiko ez den jakia dela uste dute.

 “Intsektu bat etxe bakoitzeko”

Norantz zuzendu duzue produktua?

P: Gure ustez, esperientzia pila sartzen dira horren baitan. Adibidez, gure produktua lagun-afari batean aurkez daiteke, haiek harritzeko; bazkide-afari batean, afari erromantiko batean, txantxetako testuinguruan edo, baita eren, Halloween festan. Helburu bakarra esperientzia hori ahaztezin egitea da.

Zuen ustez, nola jan behar dira intsektuak?

P: Intsektuak jan behar diren moduan lan egiten dugu, esperientzia ezin hobea izateko. Hortaz, txokolate beltzezko eskorpioiak ardo beltzarekin hartzea gomendatzen dugu, nahasketa indartsuagoa izateko; txokolatezko matxinsaltoak ardo zuriarekin eta zizareak, kurruskarienak, garagardoarekin. Benetan garrantzitsua da esperientzia bat izatea. Gure asmoa da pertsona batek Khao Thai-en erosten duen bakoitzean, Thailandia gogoraraziko dion esperientzia bizitzea.

Oraingoz, produktua online saltzen duzue, zein harrera izan du?

P: Eskaera asko izan ditugu, baita Ingalaterran ere. Harrituta gaude, uste ez genuen lekuetara iritsi garelako, baina interes handiena dutenak Euskal Herrikoak dira.

Nolakoa da intsektuen elaborazio-prozesua?

A: Gure eskaerak Thailandiatik datoz, eta bertan kalitate-prozesu zorrotzak igarotzen dituzte. Lehenengo intsektuak bertan hazten dira, helduak direnean garbitu eta deshidratatu egiten dituzte, ondoren txokolatez estali, gure ontzietan sartu eta, azkenik, hona bidaltzen dizkigute.

Elikatzen al dute intsektuek? Zenbat jan behar dira arrautza frijitu batek beste proteina emateko?

P: Pila! (dio pozik). 100 gramo intsektu lirateke txahal xerra baten baliokidea. Oso osasuntsuak dira, eta onuragarriak gure metabolismoarentzat. Gainera, intsektuak ekoiztea haragia ekoiztea baino askoz ere iraunkorragoa da, ez dira basoak txikitzen, ez dira ur tonak behar eta, noski, ez dute tratu txarrik jasotzen. Nazio Batuek, 2013an, txosten bat argitaratu zuten eta, horren arabera, intsektuak lirateke mundu osoko irtenbide humanitarioetako bat, lur planetan gehiago izan eta orain bezala elikatu ezin garenean.

Zein da zuen erosle mota?

A: Zalantzarik gabe, gogo irekiko erosleak dira gure helburua, eta hori diogunean esan nahi dugu esperientzia berriak bizitzeko prest dauden pertsonak direla.

P: Mundu osoko biztanleriaren heren batek intsektuak jaten ditu, eta ez da oraingo kontua, duela mende asko egin ohi zen. Badakigu gastronomia kulturarekin estuki lotutako gaia dela. Estatu Batuetan, adibidez, odolki bat jaten ikusten bagaituzte, erabat zoratuta gaudela esango digute. Beraz, esan nahi duguna da: “Aizu, aurrera goaz eta aurrera egiten jarraituko dugu. Beraz, zabaldu buru hori, bertan gelditzeko prest dauden jakiak dira eta”. Horregatik nahi ditugu mota horretako pertsonak erakarri.

Zein dira etorkizuneko planak?

A: Intsektu bat etxe bakoitzeko (txantxetan). Egia esateko, penintsulan saltzen jarraitzea. Asmoa da gero eta ezagunagoa egitea.