euskaraespañol

Image of the day

‘Entre selfies y whatsapps’: Interneti eta Europako eta Latinoamerikako haurrei eta nerabeei buruzko diagnostiko sakona

Liburua familientzat, hezkuntza komunitatearentzat eta adingabeen online segurtasunean inplikatutako eragileentzat dago zuzenduta

  • News

First publication date: 27/02/2018

Entre selfies y whatsapps liburuak Latinoamerikako egoerari ere heltzen dio. (UPV/EHU)

Entre selfies y whatsapps (Gedisa, 2018 Barcelona) hala Europan nola Latinoamerikan haurrei eta nerabeei Internetekin bizitzeak dakarzkien aukerei eta arriskuei buruzko gaur egungo ebidentzia fidagarrietan oinarritutako egoera diagnostiko bat da. Hamazazpi kapitulu ditu, eta kapitulu horietan honako hauek aztertzen dira, besteak beste: haurrek nola jasaten duten ziberbullying eta sextinga, eskolan nola kudeatu Internet, eta familiaren eginkizuna. Lan hau UPV/EHUko (Universidad del País Vasco/ Euskal Herriko Unibertsitatea) irakasle eta EU Kids Online taldeko kide Estefanía Jiménezek, Maialen Garmendiak eta Miguel Ángel Casadok koordinatu dute, eta gaur aurkeztu da Europako Batzordeak Madrilen duen egoitzan.

Gero eta haur gehiagok erabiltzen dituzte baliabide digitalak musika deskargatzeko, bideoak ikusteko, etxeko lanak egiteko, sare sozialetan parte hartzeko eta komunikatzeko. Errealitate horrek aukera asko eskaintzen dizkie, baina sarea behar bezala ez erabiltzeak arazoak eta egoera arriskutsuak ere ekar diezazkieke. Hori dela eta, koordinatzaileek nabarmendu dutenez, “topiko eta alarmismoaz harago, beharrezkoa da arriskuen prebentzioan lan egitea eta haurrek internauta zorrotz eta kontzientearen rola hartzea, autonomiaz eta segurtasunez aritu daitezen”.

Liburua egiteko, elkarlanean aritu dira haurren online bizitzarekin lotutako kontuak jorratzen dituzten Europako eta Latinoamerikako dozena bat unibertsitateko hainbat egile. Kapitulu bakoitzak alderdi zehatz bat du ardatz, besteak beste honako hauek: ziberbullyinga, sextinga, ezezagunekiko harremana, gehiegizko erabilera, genero ikuspegia, Interneten kudeaketa eskolan eta familien bitartekaritza lana. Maialen Garmendiak aurkezpenean esan zuenez, “Interneten segurtasuna hobetzeko gakoa hezkuntza da, zentzu zabal batean ulertuta: familietatik eta eskolatik hasi eta eskolaz kanpoko jardueretara arte”.

UPV/EHUko Honoris Causa doktore eta EU Kids Online taldeko Europako Sareko ikertzaile nagusi Sonia Livingstonen parte hartzearekin, liburuan hainbat herrialdetako errealitateak ezagutu daitezke, baita Latinoamerikako hainbat herrialdetakoak ere. Alde horretatik, Carmelo Garitaonandiak, UPV/EHUko Kazetaritzako katedradun eta kapitulu bateko egilekideak, aurkezpenean nabarmendu du oso garrantzitsua dela haurren eta nerabeen online bizitza aztertzeko ikuspegi global bat izatea: “Ez da batere erraza Latinoamerikako herrialde guztietako datu fidagarri eta serioak lortzea; alabaina, argi egiaztatu daitezke estatus sozioekonomiko altuko eta baxuko etxeen arteko konexioen aldeak, bai eta hiri eta landa eremuen artekoak ere, garapen ekonomiko azkarra eta desberdinkeria sakonen sorrera bizi izan duten herrialdeetan. Brasilen, adibidez, diru sarrera handienak dituzten biztanleak ia etengabe daude konektatuta, eta diru sarrera txikienak dituztenak, berriz, ez dira horren laurdenera ere iristen. Eta Kolonbian, hiri eta landa eremuetako etxeen arteko konexio aldea 6tik 1erakoa da”.

Hausnarketa batzuk

Espainian, haurrek 8 urterekin izan ohi dute beren lehen sakelako telefonoa. Duela sei urte 10 urterekin izaten zuten lehen aldiz Internet, eta 11 urterekin izaten zuten beren lehen sakelakoa. Haurrak gero eta lehenago hasten badira ere Internet, telefonoak, tabletak eta ordenagailuak erabiltzen, erabilera horiek eragindako arriskuak ez dira neurri berean areagotu. Hala ere, 9tik 16 urtera arteko erabiltzaileen arteko bullying intzidentzia bikoiztu egin da hamarkada bat baino gutxiagoan: 2010ean % 15ek aitortu zuten bullyinga jasan izan zutela, edozein aldaeratan, ziberbullyinga barne, eta liburuan jasotako ikerketa aurkikuntzen arabera, datu hau % 31ekoa da orain. Halaber, sexu mezuak jaso dituzten adingabeen ehunekoak izugarri egin du gora azken urteotan: hiru adingabetik ia batek baietz erantzuten dio galdera horri.

Haurrentzat eta nerabeentzat detektatu diren arriskuen artean, sexu mezuak eta ziberbulllyinga agertzen dira. Azken kasu honetan, irakasleen eta ikasleen esku hartzea funtsezkoa da ziberjazarpena detektatzeko eta horri aurre egiteko. Ciberprogram 2.0 edo Asegúrate programak estrategia erabilgarriak dira ziberjazarpena prebenitzeko, bullying tradizionaleko kasuetan (aurrez aurreko bullyinga) erabiltzen diren ohiko protokoloekin batera, online baino maizago gertatzen baita oraindik ere. Sexu mezuei dagokienez, 11 eta 16 urte arteko gazte espainiar gehienek (% 94,5) uste dute sextinga praktika arriskutsua dela, % 44,7k aitortu dute joko erotiko eta/edo sexualaren parte dela eta lautik batek (emakumeen % 19,5 eta gizonen % 31,4) uste dute bikote harremanak hobetzen dituela.

Nahiz eta Osasunaren Mundu Erakundeak ez duen Internetarekiko adikzioa maila klinikoan aitortzen, badaude mendekotasunen ohiko sintomak dituzten gazteak. Nolanahi ere, ez dira nahastu behar sareen maizko edo gehiegizko erabilera eta erabilera problematikoa; izan ere, azken hori Internetek pertsona bakoitzaren egunerokoan eragin dezakeen interferentzia mailaren araberakoa da.

Arriskuak existitzen dira, bai, baina horiei buruzko kontzientziazioa areagotu egin da gurasoen eta adingabeen artean. Interneten eta gailu mugikorren erabilera maiztasuna eta, ondorioz, arriskua ere areagotu badira ere, Interneten arriskuak hartu ondoren kalteak jasan dituztenen proportzioa txikiagoa da. Hala ere, beharrezkoa da adingabeei baliabideak ematea ingurune digitalak eskaintzen dituen aukerak ahalik eta gehiena aprobetxatzeko eta arrisku horiek murrizteko.

Haurrak gero eta lehenago hasten direnez Interneten sartzen, gurasoek aukera dute beren seme-alabek sakelakoak, tabletak eta Internet nola erabiltzen dituzten gainbegiratzeko eta erabiltzen laguntzeko. Hala eta guztiz ere, telefonoarekiko duten atxikimenduak eta pribatutasun nahiak zaildu egiten dute gurasoek bitartekari gisa jardutea, bereziki haurren pribatutasuna errespetatzen dutenean eta haien konfiantza baloratzen dutenean.

Hezkuntza digitalean eskolak rol aktiboa izan behar du. Azpiegituretan eta ekipoetan inbertituz, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek (IKT) ematen dituzten aukerak aprobetxatu daitezke, baina hori ez da nahikoa izango irakasleek ez badute rol aktiboago bat hartzen eta ohiko metodo pedagogikoak berrikusten. Adingabeen hezkuntzaren erantzukizun hori gurasoena eta gizarte osoarena ere bada.

Entre selfies y whatsapps liburuak Latinoamerikako egoerari ere heltzen dio. Han, alde nabarmenak hauteman dira Internetera sartzeko gaitasunean, herrialde ezberdinetako gazteen artean. Urugain eta Txilen Internet erabiltzeko aukera gehiago daude, etxeak konektatuago daude, eta ordenagailu bakoitzeko ikasle ratio hobea dute. Internetera konektatutako ehunekoari dagokionez ere, lehenengo postuan daude Costa Ricarekin batera. Herrialde guztietan esanguratsuak dira hiri eremuen eta landa eremuen arteko konexio diferentziak, baita estatus sozioekonomiko altu eta baxuaren artekoa ere.

Kolaboratzaileen nazioarteko sarea

Liburu hau Estefanía Jiménezek, Maialen Garmendiak eta Miguel Ángel Casadok koordinatu dute, eta Iñaki Karrerarekin eta Carmelo Garitaonandiarekin batera, gazteen online bizitza aztertzen duen erreferentziazko EU Kids Online sarearen Espainiako taldea osatzen dute.

Sonia Livingstone, London School of Economics-eko Gizarte Psikologiako katedraduna eta UPV/EHUko Honoris Causa doktorea da EU Kids Online-ko zuzendaria; sarea 30 herrialde ingurutan dago, eta haren lanek eragin politiko handia dute Europar Batasuneko politikak garatzeko orduan. Ehunka pertsona akademiko eta aditu baino gehiago biltzen ditu, eta horietako batzuek liburuan parte hartu dute. Ikerketa sarearen helburua da Interneten eta online teknologia berrien inguruko praktikak, haurren ezagutza eta gurasoen esperientzia hobetzea.