euskaraespañol

UPV/EHUKO RAMÓN Y CAJAL IKERTZAILEA

Verónica Torrano: «Prostatako minbizi hilgarrieneko pazienteen parametroak identifikatzeko lan egiten dugu»

  • Interview

First publication date: 03/06/2021

Verónica Torrano
Verónica Torrano. Argazkiak: Jorge Navarro. Komunikazio Bulegoa, UPV/EHU.

Verónica Torrano Moya Biokimika eta Biologia Molekularrean doktorea da, UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularra Sailean taldeburu, eta oraintsu eman diote Fero beka, prostatako minbiziari aurre egiteko terapia pertsonalizatuak ikertzeko duen proiektuagatik. Hamazazpi urte baino gehiagoko esperientzia du minbiziaren biologiaren ikerketa espezializatuan, eta bere ikerketa-lanarekin lotutako zenbait aintzatespen jaso ditu, hala nola L’Oréal-Unesco for Women in Science saria.

Zorionak Fero bekagatik. 80.000 €-ko saria da, eta talentu gazteek tumoreak ikertzeko egiten duten lana saritzen du.

Oso pozik nago, eta zorioneko sentitzen naiz FERO Fundazioak gugan konfiantza izan duelako ikerketa-proiektu bat garatzeko, hari esker Euskal Herriko Unibertsitatean ezarri berri dugun laborategian ikerketa-ildo berri bat ireki ahal izango baitugu.

Beka horretaz gain, 2019an L’Oréal-Unesco for Women in Science saria eman zizuten, Ramón y Cajal ikertzailea zara eta UPV/EHUko talde baten buru.

Bai, egia esan, oso pozik nago. Urte askotako ikerketa-lanaren emaitza izan da. Ni Bartzelonakoa naiz, biokimika han ikasi nuen eta, gero, doktore-tesia egin nuen Kantabriako Unibertsitatean. Ondoren, doktoratu ondoko egonaldi bat egin nuen Londresen hiru urtez, eta, haien ostean, doktoratu ondoko ikertzaile senior gisa hasi nintzen CIC bioGUNEn, hemen Derion. Erakunde horretan zazpi urte eman ondoren, Ramón y Cajal kontratua lortu nuen. Nahiko lehiakorra da estatu mailan, eta horri esker ezarri ahal izan nuen nire laborategia Unibertsitatean. Unibertsitatean ezarri ondoren, hainbat proiektu eskatu nituen, eta, zorionez, 2019an, pandemia baino lehentxeago, L’Oréal-Unesco for Women in Science saria eman zidaten. Eta orain Fero saria. Oso pozik nago.

Emakumeen ikasketa zientifikoak sustatzeko urratsak egiten ari direla esan daiteke?

Urte batzuetako perspektibarekin begiratzen badugu, aurrera egin dugu; baina zenbakiei erreparatzen badiegu, azken finean horretan oinarritu behar baitugu, oso erritmo motelean egin dugu aurrera. Ikerketa-karreraren lehen faseetan, doktoratu aurreko ikasketetan, lanpostu horietan dagoen emakume-kopurua % 50ekoa da. Baina, karrera zientifikoaren faseetan, doktoratu aurreko ikasketetan eta/edo ikerketa-taldeen zuzendaritzan aurrera egin ahala, gutxituz joaten da emakumeen kopurua. Hau da, erantzukizun handiko postuetan behera egiten du emakumeen kopuruak. Datu horiek oso ondo islatzen dira guraize-itxurako grafiko ezagunean, eta ez da soilik zientzian gertatzen, lanbide-eremu guztietan baizik.

Aurrera gutxitxo egin arren, zenbakiak gero eta hobeak dira. Baina politika aktiboagoak egin behar ditugu, eta emakumeen lorpenak ikusarazi, emakume nerabe horiek, beren ikerketa-karrera abiarazten ari diren emakumeek, ereduetan islatuta ikus ditzaten beren buruak, eta ikus dezaten nahi izanez gero lortu dezaketela.

Duela bi urte eskas ezarri zinen UPV/EHUn, 2019an. Nola baloratzen duzu ibilbide labur hori?

Egia esan, nahiko positiboa izan da, mundu mailan eragina izan duen pandemia urtebetez bizi izan dugun arren. Lehenengo hilabeteak ingurunera moldatzekoak izan ziren; Unibertsitatera ohitu behar izan genuen, erakunde publiko eta kudeaketa handikoa baita. Urtebete pasatxo errendimendu betean igaro ondoren, orain taldea hazi egin da: gradu amaierako laneko ikasleez gain (guztira lau, 2019tik), doktoratu aurreko bi ikertzailek, Juan de la Cierva kontratua duen doktoratu ondoko ikertzaile batek eta laborategiko teknikari batek osatzen dute taldea. Beraz, oso ondo. Oso pozik nago.

«Prostata minbizia duten pazienteetatik gaixotasun larria garatuko duen % 15a identifikatu eta tratatzeko egiten dugu lan»

Azpimarratu nahi nuke zer garrantzitsua den unibertsitate publiko batean sortzen ari den talde gazte batek garatuko duen ikerketa-proiektu baten aldeko apustua egitea Fero bezalako fundazio batek. Izan ere, unibertsitateak, berez, ezagutza sortzeko eta transferitzeko bereizgarria du, entitate bizia da, eta etorkizuneko belaunaldiak hezten ditu. Baldin eta nahi badugu belaunaldi horiek ikerketa etorkizun profesionaleko aukera egokitzat hartzea, premiazkoa da estamentu publikoek ikerketaren aldeko apustu garbia egitea, eta, apustu horrekin, I+G+B arloko finantziazioa eta kontratazio lehiakorreko politika aktiboak nabarmen handitzea.

Prostatako minbizia duzu ikergai nagusi. Zer puntutan zaudete?

Bi ikerketa-ildo ireki ditugu, eta, FEROri esker, hirugarren bat irekiko dugu. Hiru ikerketa-ildoek oinarri bera dute: prostatako minbizia gaixotasun erasokor bihurtuko zaien pazienteetan gertatzen diren bide edo gertaera biologikoak identifikatzea. Prostatako minbizia prebalentzia handiko gaixotasuna da. Kalkulatzen da zortzi gizonetik batek prostatako minbizia izango duela, baina, oro har, pronostiko ona du. Gaur egun aplikatzen diren ohiko terapiak aplikatuz (kirurgia eta/edo erradioterapia), pazienteen % 85ek ez du gaixotasun larririk izaten, baina gainerako % 15ak bai. Mundu mailan eragin handia duenez, kopuru absolutuetan % 15 hori oso zenbateko handia da.

Gure ikerketa-ildoak, lehenik eta behin, bideratuta daude paziente jakin batzuk identifikatzera, alegia, itxuraz arrisku txikiko tumore batekin ospitalera iristen diren baina, parametro batzuk monitorizatuz edo behatuz, urte batzuen buruan gaixotasun oldarkorragoa edo hilgarria garatuko dutela aurreikus diezaiekegun pazienteak. Horiek identifikatzea interesatzen zaigu, arreta haiengan jartzeko, eta gaixotasun larririk ez duten eta terapia osagarririk behar ez duten horiek ez bezala tratatzen saiatzeko. Aurretik egindako ikerketei esker, nahiko ondo identifikatzea lortu dugu. Eta orain (eta horixe finantzatuko digu FERO Fundazioak) aztertu, jakin, nahi dugu estrategia terapeutikoak diseinatzeko zer bide biologikotan jarri behar dugun fokua.

Zer lotura du PGC1αα onkogeneen transkripzioaren erregulatzaileak prostatako minbiziarekin?

PGC1α gene metaboliko bat da, erregulatzaile transkripzionala, hau da, geneen adierazpena kontrolatzen du (horietako asko metabolismo zelularrarekin lotutakoak). Gure aurreko ikerketetan ikusi dugunez, prostatako minbiziarekin eritasun oldarkorrena garatzen duten pazienteek oso baxu daukate erregulatzaile horren (PGC1α) adierazpena, eta beherakada hori pronostiko okerragoarekin, metastasiaren garapenarekin eta abarrekin lotuta dago. Orain badakigu gene horren maila klinikoko monitorizazioa erabil dezaketela urologoek eta onkologoek, paziente batek PGC1αα baxu izango duen detektatzeko.

Transkripzio-faktoreak, oro har, nekez izaten dira itu terapeutiko. Orduan, estrategia paralelo bat diseinatu dugu: beste bide biologiko batzuk aztertzea, dagoeneko ezagutzen ditugun eta PGC1α jaistearekin lotuta dauden botikekin inhibitu edo blokeatu ahal izateko.