Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

EHUTSI

Itema: 840
NORI eskatzen duten aditz batzuk (ERASO, ITXARON, BEGIRATU)

AZALPENAK

Aditz batzuekin ohiko erabilera aldatu egiten da sarritan, eta “nori” sailekoak izanda ere, datiborik gabeko aditz bezala usatzen dira. Erabilera desegoki horren arrazoia hiperzuzenketa izan da askotan. Izan ere, detektatu da aditz mordoxka batekin “nori” kasua gehiegi erabiltzen dela, hau da, behar ez denean erabiltzen dela, gero horrelakoetan logika eta analogia erabili da, eta araua beste aditz batzuetara ere igaro da, oker. Gisa horretako aditzen artean dira hemen aurkeztu ditugunak: “begiratu, eraso, itxaron”.

“Itxaron” aditzaren erabilera, zehazki, Euskaltzaindiak arau batean (39. araua) aipatu zuen eta ebatzi, tradizioaren arabera.

“Begiratu” aditzak, berriz, bi esanahi nagusi ditu: batek esan nahi du “zaindu”, eta gaztelaniazko “vigilar”en baliokide da, eta besteak, ostera, gaztelaniazko “mirar” adierazteko balio du. Azken esanahi horretan, “Nor-Nori-Nork” erabilera izan du aditzak, baina azken urteotako hiperzuzenketa baten bidez “Nor-Nork” modura errenditzeko saio desbideratua izan da, besteak beste “ikusi” aditzarekiko analogia baliatuta, eta logika aplikatuta, honelako arrazoibidea eginez: “ikusi zaitut” baldin bada, eta ez “*ikusi dizut” -nahiz eta batzuek horrela egin-, “*begiratu zaitut” beharko du izan, eta ez “begiratu dizut” -nahiz eta batzuek horrela egin-. Baina tradizioak logikak baino balio handiagoa du hizkuntza-kontuetan.

Antzeko zerbait gertatu da gure ustez “eraso” aditzarekin. Kontuan hartu behar da, orobat, gaztelaniak nolako informazioa ematen digun, eta zer arrazoibide eskaintzen digun: “te veo” eta “te ataco” gramatikaren ikuspuntutik berdin-berdinak baldin badira, balio semantikoa alde batera utzita, horrek euskaraz ere gisa berean jokatzea eskatzen du: “ikusten zaitut” eta “*erasotzen zaitut” esapideek berdinak izan behar dute. Horixe litzateke arrazoibidea, bide okerra baldin bada ere azkenera zuzen iristeko.

Amaitzeko, BEGIRATU aditzaren erabilera nagusi batzuen laburpena jaso dugu:
1. BEGIRATU (Z-Ni-Nk) = so egin: “hark neskari begiratu zion” (zer = 0).
2. BEGIRATU (N-Nk) = zaindu: “ongi begiratzen ditu bere diruak”; “begira ezazu aurrera”; “begira iezadazu semea kanpoan nagoen bitartean”.
3.- BEGIRATU (-tik + Nor) = gazt. “guardarse, librarse”; “adiskideetatik begira nazazu”; “etsaietatik neu begiratzen naiz”; “asmakeria horietatik begira gaitezen”.

 
DOKUMENTAZIOA