Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

EHUTSI

Itema: 820
Erlatibo ezezkoetako hitzen hurrenkera

AZALPENAK

Erlatibozko ezezko esaldietan, hitzen ordena desegokia erabiltzen da batzuetan: “etorri ez den laguna (= el amigo que no ha venido)” esan edo idatzi beharrean, zenbaitetan “ez den etorri laguna” bezalako esaldiak agertzen dira.

Hutsaren arrazoia da baiezko esaldietan harreman jakin bat dagoela oinarrizko esaldiaren eta haren erlatibozko formaren artean, eta gero erlazio hori bera egiten dela ezezkoetan ere. Hona adibide bat:
- “Gizona etorri da” / “etorri den gizona”.
- “Gizona ez da etorri” / “ez den etorri gizona”.

Alabaina, ezezkoetan ordena apur bat aldatu behar da perpausa gramatikala izan dadin:
- “Gizona ez da etorri” / “etorri ez den gizona”.
Horretan “etorri” aditzaren kokagune erlatiboa, aditzarekiko, aldatu egiten da, baiezkoetan ez bezala.

Edo beste modu batean esateko: perpaus nagusietan ez bezala, erlatibozko perpausek baiezkoetan eta ezezkoetan hitzen hurrenkera berari eusten diote, eta, ondorioz, baiezko eta ezezko perpausen arteko aldea ez luke hitzen hurrenkerak zehaztuko, “ez” adizlagunak baizik. Horrela, “etorri (ez) den gizona” (baiezkoan, “ez” hori ez da agertzen; ezezkoan, berriz, “ez” hori toki horretan jartzen da; beraz, ezezkoaren kasuan, beste elementuak baiezkoaren hurrenkera berean gelditzen dira, eta tartean “ez” adizlaguna sartzen da, bestelako ordena-aldatzerik batere gabe).

Amaitzeko, esan dezagun menpeko perpausetan, gehienetan, jokaera bera erakusten duten formak erabil daitezkeela:
Baldintza: “esaten (ez) baduzu”.
Denborazkoa: “esaten (ez) duzunean”.
Modua: “esan (ez) duzunez”.
Zergatia: “esan (ez) duzulako”.
Osagarria: “etorriko (ez) dela” / “(ez) dela etorriko”.

 
DOKUMENTAZIOA
  • EGLU-V: 173.-218. or.
  • EGO: 715.-724. or.
  • Estilo libururantz: 199.-216. or.