Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

EHUTSI

Itema: 790
Zenbait nominalizazio

AZALPENAK

Aditz-izenaren erabilera zuzena zein den jakiteko arazo batzuk planteatzen dira:

1. Askotan aditz izen horren erabilera beste aditz nagusi baten menpe gelditzen da. Beraz, aditz izen bat erabiltzean aditz nagusiaren erregimena zein den jakin behar da. Informazio hori hiztegietan ikusi behar da, zeren ez baitago arau zehatzik erregimen hori aldez aurretik zein den jakiteko. Joerak besterik ezin daitezke aipatu:
-“Liburua idaztea lortu du / Idazten ikasi du”.
Joera moduan esan daiteke “jakintza”- edo “hautemate”-aditzekin, -t(z)en erabiltzen dela ( ikusi, entzun, ikasi, jakin...). Ekintzaren bilakaera edo garapena adierazten duten aditzekin ere -t(z)en erabiltzeko joera dagoela esan daiteke ( jardun, hasi...), baina ez beti (adibidez, ekin ).

2. Bestaldetik euskalkien arabera, gauzak asko alda daitezke.
- “Etxea garbitzen lagunduko dizut / Etxea garbitzera lagunduko zaitut”.
Lehenengoa mendebaldean gehien erabiltzen den forma da; bigarrena ipar-ekialdeko euskalkietan agertzen da.

3. Aditzaren esanahia alda daiteke erabileren arabera:
- “Eskutitzak idaztea ahaztu zait / Eskutitzak idazten ahaztu zait”.
Lehenengo kasuan oraindik ere badakit eskutitzak idazten. Bigarrenean, orain ez dakit eskutitzak idazten (lehen banekien, ordea).

 
DOKUMENTAZIOA
  • EGLU-II: 103.-104. or.
  • Euskal Hiztegia
  • Hiztegi batua