AZALPENAK |
JOKATU eta JOLASTU, biak ere “jugar” dute gaztelaniazko itzulpena, baina euskarazko hitzen eremu semantikoa aski ongi markatua da: lehia-kutsua duen jardunean ari dena “jokatzen” ari da, “jokoan” ari da; denbora-pasa hutsean ari dena, berriz, “jostetan, jolasten, jolasean” aritzen da. Azken kasu horretan aritzen dira, adibidez, haurrak, panpinekin-eta ari direnean, batere lehiarik gabeko zereginean. Lehiako jardunetan ere, batzuetan jolastu aditza erabil daiteke, esate baterako lehiakide baten nagusitasuna guztiz nabarmena denean. Hala esan dezakegu: - Gure taldea azken minutuetan jolasean aritu zen aurkariarekin; izan ere, bost eta bat ere ez irabazten ari baitzen. Seriotasunik gabe ari dena ere, “jostetan” edo “jolasean” ari da, edo “olgetan” dabil; horrengatik, batzuetan honelakoak esaten dira: - Nirekin ez ari jolasean, minbera naiz eta. Gaur egun, “ jolastu” aditzari egozten zaizkio berez “jokatu” aditzari dagozkion esanahi batzuk, nabarmenki nahasgarriak direnak tradiziozko erabileraren berri dakienarentzat. Beste alde batetik, erdaraz “jugar” aditzaren bidez adierazten diren batzuk euskaraz emateko orduan, beste aditz batzuk ere balia daitezke: “musean egin, kartetan ari, futbolean egin, futbolean ari, pilotan ibili...”. Komeni da horiek ere baliatzea, erdararen morrontza alferrekoan ez erortzeko, eta usadioarekin bat egiteko. |
DOKUMENTAZIOA |
|