Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

EHUTSI

Itema: 530
Zehar-galderari atzizkia eranstea

AZALPENAK

Euskarazko prosaren erabilera garatzearekin batera, beste behar batzuekin egin du topo. Betiere kontuan hartu behar da erdara nagusi den gizarte elebidunean ari garela, eta idazten ari den orok erdaraz ere badakiela, eta sarritan hizkuntza horretako ereduak izaten dituela buruan (onerako zein txarrerako). Horren ondorioz, besteak beste, egitura berezi batzuk gertatzen ari dira: alde batetik, zehar-galderak direnak, baina bestetik erdarazko partikularen baten oihartzuna sumaturik, nonbait, halako aposizioren bat “eskatzen” diotenak hiztun elebidunari. Pentsatzekoa da, berriz ere, axaleko analogia batek “agintzen” diola hiztunari: “ acerca de” = “-ri buruz ” egitera beti behartuz bezala. Adibide bat ikusteko:

- Me preguntaron acerca de ti (= zutaz galdetu zidaten = zuri buruz galdetu zidaten).
- Me preguntaron acerca de quién iba a hacer el discurso (=*Hitzaldia nork egingo zuenaz galdetu zidaten = *hitzaldia nork egingo zuenari buruz galdetu zidaten).

Baina zehar-galderek -N atzizkia dute menderagailu, eta ez dute onartzen bestelako atzizkirik hari itsatsirik. Horrengatik, ez dira zuzenak zehar-galdera baten amaieran atzizkiren bat edo postposizioren bat dutenak.

Horiek zuzentzeko, berriz, batzuetan bide bakarra dugu (ikus beheko koadroko 1. adibidea), baina beste batzuetan bi modu izan ditzakegu, zehazki bereizteko zer esan nahi dugun. Ikus koadro hau:

Okerrak Zuzentzeko modu bat Zuzentzeko beste modu bat
1. *Laguna zu noiz etorriko zarenaren zain gelditu da. Laguna zu noiz etorriko zaren zain gelditu da. * Laguna zu etorriko zarenaren zain gelditu da.
2. * Karrera bukatu eta gero zer egingo dudanaz ez dut ideiarik ere. Karrera bukatu eta gero zer egingo dudan ez dut ideiarik ere. Karrera bukatu eta gero egingo dudanaz ez dut ideiarik ere.
Lehenengoan, hiztunak ez daki batere zertan ariko den karrera amaitu eta gero; bigarrenean, beharbada hiztunak jakin dezake zer lan egin behar duen, nahiz eta ez duen ideiarik ere lan horretaz, lan hori nola egin behar den, alegia.
3. *Hitzaldia nork emango duenaz zalantza asko daude. Hitzaldia nork emango duen zalantza asko daude. Hitzaldia emango duenaz zalantza asko daude.
Lehenengoan, zalantza da ea nork emango duen hitzaldia.
Bigarrenean, badirudi zalantza sortzen duena hitzaldia emango duen hura dela; hau da, hizlariaz ez garela fidatzen-edo.
4. *Lehendakariak zer esango duenari buruz jakin-min handia dago gizartean. Lehendakariak zer esango duen jakin-min handia dago gizartean. Lehendakariak esango duenari buruz jakin-min handia dago gizartean.
Lehenengoan, jakin-mina sortzen duena, hain zuzen, lehendakariak zer esango duen da; hiztunak, beraz, ez daki zer esango duen.
Baina bigarrenean, jakin-mina sortzen duena lehendakariak esango duena da; kasu horretan hiztunak jakin dezake zer esango duen.
Erdaraz ere nahasten dira, baina bereizketa egin daitekeela dirudi: curiosidad por (ver, saber) lo que va a decir el lehendakari (que el hablante puede ya saber) vs curiosidad por saber qué es lo que va a decir el lehendakari (lo cual es una incógnita ).
5. *Hauteskundeak nork irabaziko dituenari buruz inork ez du iritzi argirik ematen. Hauteskundeak nork irabaziko dituen inork ez du iritzi argirik ematen / Inork ez du iritzi argirik ematen hauteskundeak nork irabaziko dituen Hauteskundeak irabaziko dituenari buruz inork ez du iritzi argirik ematen
Lehenengoan, inork ez du iritzirik ematen ea nor izango den irabazlea hauteskundeetan.
Bigarrenean, ez da iritzirik ematen hauteskundeak irabaziko dituenari buruz (beharbada oso garbi dago nork irabaziko dituen, baina hari buruz ez da iritzi argirik esaten).
 
DOKUMENTAZIOA
  • EGLU-V: 83.-130. or.
  • EGO: 457.-458., 690.-697. or.
  • Estilo Libururantz:166.-168. or.