Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

EHUTSI

Itema: 210
BERA mugatzailearen erabileraz

AZALPENAK

BERA bi eratan ager daiteke: izen bati lotuta, mugatzaile moduan (kasu honetan "lehen aipatutakoa"-edo esan nahi du: "irakasle bera"), edo aposizio batean (kasu horretan deklinabidearen marka bi aldiz agertzen da: "irakaslea bera"; horrek hauxe esan nahi du: "irakaslea, ez beste inor").

Beraz, esanahiaren aldetik desberdinak dira bi esaldi hauek: Kazetari berak egin zion elkarrizketa eta Kazetariak berak egin zion elkarrizketa. Lehenengo kasuan "ezagutzen dugun kazetaria", "aurretik aipatu dugun kazetaria" edo horrelako zerbait esan nahi dugu. Bigarrenean azpimarratu nahi izaten dugu kazetaria izan zela elkarrizketatzailea, ez bulegaria, ez zuzendaria.

Gaztelaniaz, "mismo" hitza erabiltzen da bi kasuetan, baina bigarren kasuan, "mismo" izenaren ondoren joan daiteke (el profesor mismo); esanahi berarekin "propio" ere erabiltzen da. Halako paralelismoa gertatzen dela esan daiteke:

  • "el mismo profesor" # irakasle bera / irakaslea bera
  • "el profesor mismo" # irakaslea bera
  • "el propio profesor" # irakaslea bera
 
DOKUMENTAZIOA
  • EGLU-I: 147.-155. or.
  • Estilo libururantz: 121.-127. or.