Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

EHUTSI

Itema: 180
Maiztasuna adierazteko erak

AZALPENAK

Hau da Euskaltzaindiaren erabakia iraupena eta maiztasuna adierazteko zenbatzailedun sintagmen erabileraz:

MAIZTASUNA ADIERAZTEKO
Maiztasuna adierazteko ereduen artean, mugagabeko erabilerekin batera, hots:
      Lau urtez behin elkartzen dira senitartekoak.
      Lau urtetarik behin elkartzen dira senitartekoak.
      Lau urtetarik behin elkartzen dira senitartekoak.
      Lau urterik behin elkartzen dira senitartekoak.

Formaz mugatu singularra dena ere aukeran dugu:
      Lau urtetik behin elkartzen dira senitartekoak.
      Lau urtetik lau urtera elkartzen dira senitartekoak.

Inesiboaren kasuan, berriz, forma mugatua da erabili behar dena honelakoetan:
      Lau urtean behin elkartzen dira senitartekoak.

Maiztasuna adierazteko egituren artean, (izena + -ero) gisako esamoldea onartzekoa da:
(astero, hilero, ordu laurdenero... etortzen da).

Baina bada hedatuxea den egitura bat, gaitzestekoa dena: -ERO atzizkiaren bidez osatua den
*(zenbatzailea + izena + -ero) sintagma:
      *Bi urtero egiten dute bilera batzordekoek.
      *Hamabost egunero etortzen zait bisitan.

      Hamabostero, ordea, onartzekoa da, hamabostean behinen parean.

Iturria: Euskaltzaindiaren arauak, 110. araua

 
DOKUMENTAZIOA
  • Euskaltzaindiaren arauak: 110. araua. (“Iraupena eta maiztasuna adierazten duten sintagma zenbatzailedunetan mugatu singularra noiz erabil daitekeen”):
    http://www.euskaltzaindia.net/arauak/dok/Araua_0110.pdf
  • Estilo libururantz: 42. Bi urtean egon zen # Bi urtetan joan zen. Lau urtean behin: *Lau urtero..., 222. or
  • EGO: 7.1.5. Maiztasuna, 817. or.