Breadcrumb

Albisteak

Futbola, nazio nortasunen ardatza

Lehenengo argitaratze data: 2013/07/08

Irudia

Ekain Rojok bere tesian aztertzen duenez, kirol erregeak, hedabideei esker, eragin komunitario handia sortzen du gero eta indibidualistagoa den gizarte batean.

Azken mendeetan, futbolak izugarrizko garrantzia bereganatu du. Izan ere, kirol honen ahalmen nagusienen artean errepresentatzeko gaitasuna kokatzen da. Baina, aipatutako ahalmen hau ezin da ulertu hedabideen parte hartzerik gabe, ikurren gordailuak direlako eta, gainera, futbola bera ikur bihurtzen dutelako prozesu sozial batean. Ekain Rojo Nor Ikerketa Taldeko kideak aipatutako ideia hau defendatzen du maiatzaren 24ean aurkeztu zuen tesian, Futbola eta hedabideak bikoa nazio nortasunen joko zelai garaikidea: XIX. mendetik XXI. menderako aingura izenburu bezala duena.

Gaur egun, futbola oso gaurkotasunezko gaia da, baina oraindik zer esatekorik dago. "Hedabideek politikoez, futbolaz eta nazio nortasunez asko hitz egiten dutela argi dago, eta, horrek, polemika handia eragiten du. Hala ere, orain arte ez da gai honen inguruko azterketa bat egin gizarte zientzien ikuspuntutik, eta, horren falta zegoela pentsatzen nuen", aitortu du Rojok.
Egilearen ustez, futbola XIX. mendetik XXI. menderako aingura izan da, hau da, industrializazioaren hasieratik. "Futbolak betidanik babes kolektibo edo komunitario bat eman du, gero eta indibidualistagoa den gizarte honetan. Bai XIX. mendean, baita XXI. mendean ere, indibidualizatzeko joera daukaten gizarteetan sinbolo komunitario batzuk eman ditu", adierazi du Rojok.

Bestalde, Rojok dioenez, futbola ezinbestekoa da nazio ordezkaritzari eta talde ordezkaritzari loturiko sinboloak bereganatzeko. "Futbola bera ere sinbolo bilakatzen da, bitartekari bat, nazionaltasuna plazaratzeko erabiltzen dena", aitortu du Rojok. Izan ere, Afrikan eta Hego Amerikan kirol honek ehunka etniek eta askotan etsaitutakoek estatuaren futbol selekzioaren garaipena elkarrekin ospatzea eta komunitate zentzua eraikitzea ahalbidetu izan du, nazio bateraturik inon egon ez den tokian. Australian, berriz, futbola Ekialdeko Europako immigranteen kiroltzat hartua izan da betidanik. Hala ere, bertako gobernuak Grezia, Italia, Serbia, nahiz Mazedoniako deiturak zituzten futbol taldeei izena aldarazi zien, herrialde horietako banderak astintzea eragotziz. Azken hau futbolaren indar sinbolikoaren adierazle garbia da baita ere.

Egilearen aburuz, Hegoamerika edo Afrika bezalako estatuetan, nahiz Europako estatu zaharretan, denetan erabiltzen ohi da futbola testuinguru desberdinetan, batez ere, estatuaren identitate nazionala aldarrikatzeko. "Futbola beste kirolak baino ospetsuagoa bihurtu da, batez ere kirol kolektiboa delako, eta kirol kolektiboak ordezkaritza errepresentaziorako hobeagoak direlako", azpimarratu du Rojok. Izan ere, futbolak lotura hori XX. mende hasieratik beste kirol kolektiboek baino gehiago zaindu duela pentsatzen du, batez ere, FIFAk duen eragina dela eta.

Gaur egun, futbola eta hedabideen arteko erlazioa ukaezina da. Hedabideek audientzia eta errentagarritasuna lortzen duten bitartean, futbolak, berriz, ospe edo gizarteragin bat lortzen du hedabideei esker eta, honekin, nazionalismoak bere burua zilegitzea lortzen du ere. "Orokorrean, denei interesatzen zaie. Bai arrakastaren bidetik, baita lehiaren bidetik ere", aitortu du Rojok.

Bestalde, Espainia eta Euskal Herriaren arteko kasua berezia da. Izan ere, nazioarteko futbola estatuetan oinarrituta eraikita dago eta estatuak dira futbola gehienbat baliatu dezaketenak. "Euskal Herria bezalako nazioek egin dezaketen bakarra horri aurre egitea da, baina ez da erraza, estaturik gabeko nazioak mugatuak aurkitzen direlako alde horretatik", azaldu du Rojok. Horrez gain, aipatzekoa da baita ere nazioarteko futbol emankizun nagusiak ere estatu mailako telebista kateen eskuetan daudela eta azken hauen helburu nagusienetako bat nazio nortasuna goraipatzea dela. Hori dela eta, estaturik gabeko nazioak "jokoz kanpo" geratzen dira berriz ere.

Ekain Rojo Labaien

1983ko martxoaren 21ean jaio zen Donostian eta Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen UPV/EHUn; hor egin du tesia, Josu Amezaga Albizu irakaslearen zuzendaritzapean. Iraganean, Berria egunkarian lan egiten egon zen eta tesia egiten zegoen bitartean hiru hilabete eta erdiko egonaldia egin zuen Aix en Provencen (Frantzia).