Breadcrumb

Albisteak

UPV/EHUk, Columbia eta George Mason unibertsitateek Agirre Lehendakaria Center sustatuko dute

Lehenengo argitaratze data: 2013/03/04

Irudia

Giza garapen iraunkorrari buruzko ikerketa bultzatuko du zentroak.

Gaur, martxoak 4, Bizkaia Aretoan, Agirre Lehendakaria Center for Social and Political Studies aurkeztu da. Ekitaldian izan dira: Iñigo Urkullu lehendakaria; Iñaki Goirizelaia, UPV/EHUko errektorea;, Juan José Ibarretxe, Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendaria; Mario Fernández, Kutxabankeko presidentea; eta Peter Coleman y Andrea Bartoli irakasleak, Columbia eta George Mason unibertsitateetako ordezkariak.

Agirre Lehendakaria Center-en proiektua 2011n sortu zen, Columbia Universityk eta George Mason Universityk ikerketa programa iraunkor bat abian jarri zutenean. Arestian UPV/EHU ere lotu da programara. Giza garapen iraunkorreko euskal ereduari buruzkoa da ikerketa programa hori, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren agendak integratzearen bidez giza garapen iraunkorra egin duen eredu bakar gisa. Programari Agirre Lehendakaria izena eman zioten, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria Columbiako Unibertsitateko irakaslea izan baitzen Estatu Batuetako erbestean egon zenean, 1941etik 1945era. Bestalde, Agirreren gobernua izan zen Universidad Vasca/Euzko Irakastola Nagusia sortu zuena. Erakunde hori UPV/EHUren enbrioia izan zen. 1936ko abenduan ireki zituen ateak, eta, gerra zela eta, 1937ko ekainean itxi behar izan zen.

Agirre Lehendakaria Center-ek nazioarteko sareko lankidetza-esparru bat sustatuko du, garapen sozialaren, ekonomikoaren eta politikoaren aldeko ekimenak eta horiek bakeari eta gatazkari dagokienez dituzten eraginak bilatzeko. Jardueraren ardatza giza garapen iraunkorraren garrantzia izango da, nazioartean Giza Garapen Iraunkorraren Ereduari proposamenak proiektatzeko eta partekatzeko. Horretarako, eredu horien azterketa, ikerketa eta gizarte sustapena bultzatuko du; ereduen eta, bereziki, euskal ereduaren ezarpena aztertuko du; giza garapen iraunkorraren ereduetan interesik duen nazioarteko sarea garatuko du; hainbat gizarte egituratan ingurumenaren, etikaren eta gizartearen arloko irizpideak txertatu ahal dituzten ekintzak egingo ditu, eta gizarterako prestakuntza eta sentiberatasun-ekintzak prestatuko ditu.

Koordinazio programatikoa eta administratibo, laguntza logistiko, sarearen kudeaketa eta ekimenen antolakuntzarako, UPV/EHUren babesa izango du Euskal Herrian, bere egituren eta Euskampus Fundazioaren bidez, eta Amerikako Estatu Batuetan, George Mason Unibertsitateak babestuko du. Ikerketa metodologia garatzeaz arduratuko da Columbia Unibertsitatea.