Servicio de Asesoramiento Educativo

Servicio de Asesoramiento Educativo

Proiektu honetan proposaturiko berrikuntzaren helburua da Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako ikasle berrientzako Harrera Programa bat ezartzea eta hobetzea. Horretarako, ikasle berrion beharrak aztertu beharko lirateke, eta programa behar horietara moldatu. 2014/15etik egiten da Harrera Programa, ikasle berri guztientzat; batez beste, ikastegiak ematen dituen gradu guztietako 150 ikaslek parte hartu dute aurreko bi edizioetako bakoitzean. Abiapuntu gisa, 12 orduko programa bat egiten da metodologia aktiboak erabiliz (AC eta ABP), ikasturtea hasi baino lehenagoko egunetan, irailean. Programak hasierako modulu hauek ditu:

 
  • Ikastegiaren eta titulazioaren aurkezpena. Ingeniarien lana.
  • Garapen Pertsonalerako Programa.
  • Biblioteka eta baliabide digitalak.
  • Zeharkako konpetentziak.
  • Ikasteko teknikak.
 
Emaitza nabarmenak lortzea espero da; gainera, ikasleek egindako inkestek eta autotxostenek erakusten dutenez, ikasle berriek oso ondo hartu ohi dute jarduera hau.
Harrera Programa hau gure Eskolan ezarri eta hobetu beharreko mugarri estrategikoetako bat da, eta hori garbi erakusten du zuzendaritza talde osoa programan aritzeak.
 
Asmoa da ikasle hasiberriei Unibertsitatean izango duten errealitate berrira egokitzen laguntzea, etorkizuneko ikaskideekin eta Eskolako irakasleekin giro atsegin eta lasaian harremanetan sartzeko jarduerak eta baliabideak haien eskura jarrita. Gainera, ingeniaritzaren esparrurako lanbide profil egokia lortzen lagunduko dieten tresnak ere emango zaizkie.
 
Horrez gain, ikasleak gehiago inplikatu nahi dira unibertsitateko bizitzan, eta lantaldeak eta sinergiak sorrarazi nahi dira hala ikasleen artean nola irakasleen artean.
 
Bigarren urrats gisa, Ingeniaritzako Zeharkako Konpetentziak Garatzeko Plan bat ezarri nahi da Eskolako ikasle guztientzat.
 
  • SARRERA. TESTUINGURUA
  •  HELBURUAK
  • ETA GAINERA
 
SARRERA. TESTUINGURUA

 

Hainbat azterlanek erakusten dutenez, oro har ikasle askok uzten dituzte ingeniaritzako ikasketak, eta errendimendu tasak ere apalak izan dira beti. Baliteke hori honako hauek eragitea, besteak beste (arrazoi askoz gehiago daude):

  •  Ikasle hasiberriek arazoak izaten dituzte ikasketetako babes edo laguntza gisa balioko dien talde batean integratzeko; hau da, huts egiten dute lagun eta ikaskideen sare sozial bat eratzeko orduan.
  •  Ikasleek ez dakite benetan zer den ingeniaritzako gradu bat ikastea, zein diren lanerako aukerak, zer-nolako lanak egin ditzakeen ingeniari batek.
  •  Ingeniaritza ikasi nahi duten ikasleak, maiz, sortu egin nahi izaten dute, gauza berriak ikasi eta ikasitakoa aplikatu. Alabaina, lehen mailako irakasgai batzuk astunak gertatzen zaizkie, eta ez dute oso garbi ikusten zer zerikusi duten ingeniaritzarekin.
  •  Ikasle batzuei motibazioa falta zaie argi eta garbi.
  •  Zailtasunak izaten dituzte ikasteko metodo berrietara egokitzeko.
  •  Irakasgaien edukiak eta irakaskuntzako programazioa oso zorrotzak dira, eta, horren eraginez, ikasleek lan handia egin behar izaten dute.
  •  Azken batean, titulazioak askotan ez ditu ikasleen espektatibak betetzen.

Hori guztia kontuan harturik, aukera gisa proposatzen da iraileko lehenengo astea erabiltzea, eskolak ofizialki hasi aurretik, harrera programa integratu bat egiteko (12 ordukoa), honako helburu hauek betetze aldera:

HELBURUAK

Helburu nagusia da ikasle berriak integratzea eta ikasleek ingeniarien lana zertan datzan jakitea.

Horretarako:

  •  Ikasleek hurrengo lau urteetan gertukoa sentitu behar dute eskola (baita gu geu ere), "beren etxea" balitz bezala, eta eskolaren aurkezpena hori kontuan hartuta egin behar da.
  • Ikasleen artean sinergiak sorrarazi behar dira, eskolak hasi baino lehenago euskarriak izan ditzaten.
  • Taldeko lanaren lehenengo esperientzia probatu behar dute, eta enpresek ingeniariei eskatzen dizkieten konpetentziak ezagutu eta lehenengoz praktikan jarri behar dituzte, hori oso baliagarria izan baitakieke graduko ikasketetarako.
  • Behin ingeniariek egin ohi dituzten jarduera eta lanak zein diren jakinda, ikasleek lan horietako batzuekin bat etorri behar dute, beren karrerarako erreferentzia gisa. Horrek titulazioa ikasteko are motibazio handiagoa emango die. Argi ikusi behar dute zein den beren prestakuntzaren azken helburua (adibidez: energiaren alorrean lan egin nahi dut kalitateko teknikari gisa, mantentze lanen teknikari gisa, programazioan, institutuko irakasle gisa, automozioan...).
  • Ikasleek ingeniariek beharko dituzten zeharkako konpetentziak garatzen hasi behar dute hasieratik. Izan ere, industria betidanik kexatu izan da ingeniaritzako graduatuek ez dutelako gaitasun nahikoa, emaitza akademiko onak dituzten ikasleak oso ahulduta egoten direlako, ingeniari berriek ez daukatelako ez goi mailako eta pentsamendu kritikoko gaitasun analitikorik, ez komunikatzeko eta taldean lan egiteko gaitasunik, ez ingeniaritza lanbidearen eta negozioen gaineko ezagutzarik.
  • Ikasleek lanerako eta ikasteko tresna eta ohitura jakin batzuk hartu behar dituzte, ingeniaritza ikasketak arrakastaz hasi eta bukatu ahal izateko.

 

HPB honen abiapuntua 2014ko irailean eta 2015eko irailean eginiko esperientzia da: Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako ikasle berrien % 75ek baino gehiagok 12 orduko Harrera Programa batean parte hartu zuten, eta emaitza oso onak izan zituzten. Programarekin batera, ikasleek balorazioa egin zuten hala inkesten bidez nola jardueraren gaineko txostena/laburpena eginez, eta balorazio horiek erakusten dute Harrera Programa horiek oso baliagarriak izan zitzaizkiela. Hori dela eta, HBP hau eskatzen da proiektua bera hobetzeko, alde batetik, eta unibertsitateko gainerako kide guztiei proiektuaren berri emateko baliabideak ezartzeko, bestetik.

 
ETA GAINERA

Ingeniaritzako Zeharkako Konpetentziak Garatzeko Plan bat diseinatu nahi da, zenbait tailerrekin batera.