Arabako Campuseko Biblioteka Sarrera Nagusian abenduaren arte erakutsiko dugu argitalpen berezi hau
EDUARDO CHILLIDA Ez dakidanari buruz
Arabako Campuseko Biblioteka Sarrera Nagusian abenduaren arte
Lehenengo argitaratze data: 2014/10/03
Abentura, esploratu gabekoaren erronka, jakin-mina, ... Kontzeptu horiek guztiak arte-sorkuntzaren sinonimo dira Eduardo Chillidarentzat, XX. mendeko artean funtsezko artistetako bat.
"Eduardo Chillida. Sobre lo que no sé" obra berezi-berezia da, Chillidaren testuez osatua. Liburu honen edizioa eta bere 60 lan grafikoen faksimile-erreprodukzioa sortzaile unibertsal honengana hurbiltzeko biderik onenetako bat dira.
Hemen erakusten ari garen formatu handiko liburu hau Planeta argitaletxeak argitaratu du. Liburuan tamaina errealean erreproduzitu diren 60irudi eta collageak, gehienak argitaragabekoak, Chillida-Leku Museoak hautatu ditu, artistaren koadernoak eta orijinalak arakatu ondoren. Lana osatzen duten hiru zatiak, "Más vale ciento volando", "Yo soy un fuera de la ley" eta "Preguntas", Chillidak bere ibilbidean zehar egindako etapen lagin esanguratsua dira.
Gainera, haren tematika aberatsaren eta bere obra grafikoan erabili zituen teknika ugarien erakusgarri dira, betiere zuri-beltzean, espazioaren eta materiaren, argiaren eta iluntasunaren koloreetan hain zuzen ere.
Bestalde, testuetan (ez dira denak erakutsi, batzuek erakusketa batek ahalbideratzen duena baino irakurketa lasaiagoa beharko luketelako) bere pentsaera eta bere obsesioak ziren gaiak azaltzen dira, baita artearen eta bizitzaren aurrean zeukan jarrera ere. Haietako bakoitzarekin konposizio orijinala egin da, baliabide estetikoen bitartez mezua indartzeko asmoz.
Artistaren etapetan zehar egindako ibilbidean, edo bestela esanda, lanerako erabiltzen zituen gaietako bakoitzari (papera, burdina, zura, lurra, hormigoia, ...) bolada batez izandako fideltasunean zehar egindako bidean, artistaren pentsamenduan murgiltzen gara eta haren zentzumen-kosmos berezian zehar ibiltzen gara. Chillidaren obra grafikoari behatzeak trazadura bakoitzaren borondatea eta emozioa transmititzen dizkigu aldi berean.
Editoreak obrarekin batera dagoen azterlanen bolumenean azaldu duenez: "Eduardo Chillida, bere besoekin, bere lanarekin, mundu osoarengana iritsi nahi zuen sortzailea".
Bada, hori haren nahia zen bezalaxe, Arabako Campuseko Liburutegiarena ere bada. Horretarako, haren "fondo berezietako" obra bitxi eta orijinal hau erakutsiko dugu, eta berak nahi zuena betetzen lagunduko dugula espero dugu.