sso erabilera gida

SSO Sarbide Zerbitzu Nagusiaren pantaila erabiltzeko gida

Sarrera

Single Sign On (SSO) web sarbide sistemak, IKTen gerenteordetzaren Single Sign On eta Identitateen Kudeaketa inplementatzeko proiektuaren arabera, aplikazio eta zerbitzuetara sartzeko pasahitzen pantaila normalizatu eta bateratu du.

Single Sign On sarbide sistemaren bidez, lan saio bakoitzean behin bakarrik sartu behar ditugu pasahitzak, erabiltzaile/pashitz modura edo txartel_korporatiboa/PIN modura, eta ez ditugu berriro sartu beharko sistemaren aplikazio edo zerbitzuetara sartzen garen aldiro.

Bestalde, SSO sarbide sistemarekin errazagoa eta erosoagoa da aplikazio/zerbitzuetara sartzea, baina arriskuak ere baditu, eta horiek saihesteko hainbat neurri hartu, eta ohitura batzuk aldatu behar dira. Horri dagokionez, irakurri "segurtasun oharrak".

SSO sarbide sistemak sartzeko pantaila bat eta ateratzeko beste bat ezartzen ditu, "Sarbide Zerbitzu Nagusia" izeneko aplikazio normalizatuen sarbidean.

Sartzeko pantaila (Login)

Pantaila honetan 4 gune bereiz daitezke:

  • UPV/EHUko erabiltzaileen gunea: pasahitzak edo kredentzialak sartzeko gunea da. Pasahitzak sartzeko, bi modu hauek daude aukeran:
    • Pasahitzen bidezko sarbidea: erabiltzailea eta pasahitza sartu behar dituzu. Lehendabizi erabiltzailea eta pasahitza sartu, eta gero "Sartu" botoia klikatu behar duzu. Pasahitzak ahaztu badituzu, "Pasahitza ahaztu duzu?" botoia erabil dezakezu. Pasahitza aldatzeko, sartu www.ehu.es/bilatu zerbitzura, eta aukeratu "Aldatu pasahitza".
    • Ziurtagiri bidezko sarbidea: UPV/EHUko langile gisa onartzen duen Izenpe ziurtagiria duen txartel korporatiboaren bidez sartuko zara. Txartel korporatiboa sarbiderako lanpostuan aurkeztu, eta "Sartu" botoia sakatu behar duzu. Jarraian, sistemak txartel korporatiboaren PINa eskatuko dizu.
  • Kanpoko langileen gunea: gune hau soilik agertuko da kanpoko pertsonek modu ez estandarrean erabilitako aplikazioetan. Sarbidea erabiltzaile eta pasahitzaren bidez egiten da, aurreko atalaren antzera.
  • Mezuak jakinarazteko gunea: "Erabiltzaile" gunearen azpian dago, eta horren bidez sistemak sarbidean gerta daitezkeen arazoen berri ematen du, hala nola pasahitz baliogabea, pasahitz okerra, sarbidea ez baimendua…
  • Pantaila oinaren informazio gunea: gune honetan, "Sarbide Zerbitzu Nagusiaren" pantailaren informazio osagarria ematen da, esate baterako:
    • Pantailaren erabilera gida.
    • SSO erabiltzean kontuan hartu beharreko segurtasun oharrak.
    • Sarbide politika, non aplikazio eta zerbitzuetara sartzean kontuan hartu beharreko ildoak ematen diren.
    • Erabiltzaileentzako Arreta Zerbitzurako sarbidea. Kontsultak egin edo informazioa eskatzeko telefono zenbaki bat ematen da, sor daitezkeen gorabehera edo arazoak konpontzeko edo laguntza eskatzeko.

Ateratzeko pantaila (Logout)

Pantaila hau agertzean, aplikazio edo zerbitzu baterako sarbidea amaitu dela adierazten da, baina lan saioak irekita jarraitzen du, eta ez dira pasahitzak (erabiltzaile/pasahitza edo txartel digitala) berriro sartu behar berriz sartzeko.

Pasahitza berriro sartu gabe gainerako aplikazioetan sartzen jarraitu nahi baduzu, ez duzu ezer egin behar pantaila honetan.

Sisteman ((Web SSO) sartuta dauden gainerako aplikazioetan pasahitzik gabe ez sartzeko moduan SSO sistematik (WebSSO) atera nahi baduzu, pantailan esandakoari jarraitu behar diozu; hau da, SSO saioa ixteko esteka sakatu behar duzu.

Kontuan hartu lan saioa edo lanpostua blokeatzeko gomendioa, baldin eta lanpostutik joan behar baduzu. Horri begira, egin kasu "Segurtasun oharretan" adierazitako gomendioei.