Breadcrumb

Eduki publikatzailea

2024ko Master Amaierako Lanaren XIII. Maria Goyri Saria Bizkaiko Zuzenbide Fakultateko Abokatutza eta Prokuradoretza Masterreko ikasle Naia Irati Gambra Garciak jaso du.

Naia Irati Gambra Garciak, Bizkaiko Zuzenbide Fakultateko Abokatutza eta Prokuradoretza Masterreko ikasleak, 2024ko Master Amaierako Lanaren XIII. Maria Goyri Saria jaso du.

MAL: Emakumeek jasan dituzten sumisio kimiko bidezko sexu-erasoen ikerketa: egungo gabeziak, erronkak eta zenbait proposamen 

Zeri buruzkoa da saritutako lana?

Nire master amaierako lanaren bidez, gaur egun, zigor-prozesuaren instrukzio fasean, emakumeek salatzen dituzten sumisio kimiko bidezko sexu-erasoak ikertzeko dagoen joeran dauden gabeziak eta arazoak ikertu ditut. Zehazki, azterketa honi esker, hurrengo bi ondorio garrantzitsu atera ditut: biktimak duen ikerketa eraginkor eta nahikoa izateko eskubidea etengabe urratu egiten da eta auzietan genero-ikuspuntua barneratzeko betebeharra ez da betetzen. Arazo hauen aurrean, ekarpen gisa definituko genukeen ideia edo proiektua aurkeztu dugu ikerketa lan honetan: Genero-ikuspegitik eta giza-eskubideen errespetutik garatutako sumisio-kimiko bidez egiten diren sexu-erasoen ikerketa gida 

Zer ekarpen egiten dio genero ikuspegiak azterlanaren ondorioei?

Hasteko, esan beharra dut genero-ikuspegia ezinbestekoa dela gaur egungo sistema judizial patriarkala ikertu ahal izateko, ez dut beste aukerarik ikusten; izan ere, ikerketa lan honek oinarrian sistema judizial feminista bat eraikitzeko borrokan alea jartzeko helburua du. Horrela, nire lanaren ondorio eta hausnarketen artean, bi erronka garrantzitsu mahai gaineratzen ditut gaur egungo sistema judizialari dagokionez: lehenik, bai Estatuko Segurtasun-Indar eta -Kidegoak  bai instrukzioa burutzen dute organo judizialek formakuntza feminista etengabea jasotzeko beharra dutela, biktimaren arretan eta ikerketa egikaritzean genero-ikuspegia barnera dezaten; eta bigarrenik, biktimak salatutako egitateen egiaztapena lortzeko beharrezko ikerketa-eginbideak era eraginkorrean egikaritu behar dituztela, auziak inpunitatean gera ez daitezen. 

Zergatik da garrantzitsua lanak saritzea genero ikuspegia barneratuta dutelako?

Horrelako lanak saritzen jarraitzeko beharra dugu, gaur egungo gizarte hetero patriarkala sustraietatik eraldatzeko eta ikuspegi feminista erreala arlo guztietan barneratzeko helburuarekin, eta horretarako aurrera pausuak beharrezkoak dira, hots, ikertu, gabeziak zehaztu eta aldaketen proposamenak egiten dituzten emakumeen errekonozimenduak ere sortzen du aldaketa.  

Zuzenbide Fakultateko Berdintasun Batzordeak publikoki zoriondu nahi du Naia, merezitako aitortzagatik, baita bere tutore Katixa Etxebarria Estankona irakaslea ere.

Batzorde honetatik dei egiten diegu bai irakasleei eta baita ikasleei ere, gure Fakultatean egiten diren GrAL, MAL eta doktorego tesi guztietan genero ikuspegia sartu eta sustatzeko.