Katedra sarrera

Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra

 

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra hizkuntza gutxituen arloan espezializatutako Unesco Katedra da, eta UNITWIN sarean txertatuta dago. Katedrak kultura- eta hizkuntza-aberastasuna du jomugan, eta bereziki hizkuntza kalteberetan eta desagertzeko arriskuan daudenetan jartzen du arreta. Gizateriaren hizkuntza-ondarea babesten laguntzeko, kalitatezko hezkuntza eleanitza sustatzeko eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunari balioa ematen dioten ekimenak sustatzeko, Katedrak honako ekintza hauek bideratzen ditu:

  • Bertako eta kanpoko hizkuntza-ondarea aztertu, deskribatu eta ezagutaraztea.
  • Galzorian dauden hizkuntza gutxitu eta kalteberen gaineko ezagutza zabaltzea eta prestakuntza eta ikerketa bultzatzea.
  • Bereziki hizkuntza gutxitua ardatz hartzen duen hezkuntza eleaniztunaren ezaugarriak eta baloreak ikertzea, eta aldi berean, prestakuntza inklusibo eta justua ziurtatzeko oinarriak ezagutaraztea.
  • Hizkuntza ondarearen inguruan lan egiten duten nazioarteko erakundeen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea, eta sare horiekin batera ekimenak garatzea.
  • Euskal Herriko hizkuntza eta kultur ondarea bere aniztasunean ezagutu, eta kudeaketa egokienak indartze aldera, ikerketak eta prestakuntza-ekimenak bultzatzea.

Albisteak eta Ekitaldiak

Hizkuntza gutxituetan egindako bikoizketa-tailerrari buruzko artikulua Ikala aldizkarian

Lehenengo argitaratze data: 2024/10/23

Argitaratu berri da Ines García Azkoagak eta María Montoryk idatzitako “De la exclusión a la participación intergeneracional activa: un proyecto de doblaje en lengua indígena minorizada” artikulua. Íkala, Revista de Lenguaje y Cultura aldizkarian atera da, Eleaniztasunerako Hizkuntza Politiken UNESCO Katedrak (UNESCO Chair on Language Policies for Multilingualism) editutako zenbakian.

Artikuluan Santo Tomé eta Principen belaunaldien arteko harremanak sendotzeko eta forro hizkuntza gutxitua indartzeko egindako bizkoizketa-tailer baten berri ematen da. Afrikako irla horretan forro hizkuntzak gero eta presentzia txikiagoa eta prestigio gutxiago dauka, eta egun adineko pertsonek baino ez dute hitz egiten; gazteek, aldiz, portugesa darabilte. Cooperación Bierzo Sur gobernuz kanpoko erakundeari esker, animazio batzuk forro hizkuntzara bikoizteko tailer bat antolatzeko aukera izan genuen, belaunaldien arteko harremanak indartzeko eta forro hizkuntza biziberritzen laguntzeko. Artikulu honetan esperientziaren berri aurkituko duzue.

Íkala, Revista de Lenguaje y Cultura aldizkariaren 29(3) zenbakia.

Babesleak

Babeslea

Garabide banner

Soziolinguistika klusterra

inf_tweets

Facebook