Eduki publikatzailea

PharmaNanoGene

Farmakozinetika, Nanoteknologia eta Terapia Genikoa taldea

PharmaNanoGene taldea Euskal Unibertsitate Sistemako Ikerketa talde kontsolidatua da (A motakoa). Bere ikerkuntza jarduerak sendagaien diseinuan eta ebaluazioan kokatzen dira eta gaur egun bost irakasleek, zortzi doktore-aurreko bekadunek eta lau ikerlari doktorek osatzen dute.
Gure ikerkuntza lerro nagusienetariko bat mikro- eta nano-partikuletan oinarritutako administrazio sistema berrien garapenean oinarritzen da; zehazki, disolbagarritasun baxuko farmakoen aho-bidezko xurgapena hobetzeko eta azido nukleikoak administratzeko (terapia genikoa) nanopartikula lipidikoetan. Alor honetan terapia genikoa erabiliz begietako gaixotasunak (X kromosomari lotutako gaztaroko erretinoskisia, besteak beste), gaixotasun metabolikoak (Fabry-ren gaixotasuna) eta gaixotasun kutsakorrak (hepatitis C kronikoa) tratatzeko sistemak garatzen ari gara.
Beste ikerkuntza ildo garrantzitsu bat antibiotikoen analisi farmakozinetiko/farmakodinamikoak osatzen du. Bereziki gaixo larrietan antibioterapia optimizatzea bilatzen dugu. Analisi farmakozinetiko/farmakodinamikoa erabiliz bakterio multirresistenteek eragindako infekzio larriak tratatzeko erabiltzen diren antibiotiko berrien eraginkortasuna aurreikustea da lerro honen helburu nagusia.