Breadcrumb

Agenda

Pelikuletako musika "Ennio Morricone in Concerto" filmean ikusi eta entzun ahal izango da

Astelehenean, martxoak 17, 17:30etan, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan (Abandoibarra etorbidea 3, Bilbo), "Ennio Morricone in Concerto" (2007) filma emango da, konpositore italiar handiak sorturako soinu banden errepasoa egiten duena. Seguruenik zinemaren historiako musikagile garrantzitsuena da Ennio Morricone. Pelikula hau egiteko, Veneziako San Marcos plazan, 2007ko irailaren 10ean, grabatu zen kontzertua, Sinfonietta di Roma orkestrak interpretatuta.

Ennio Morriconeren zuzendaritzapean eta "La Fenice" Antzokiko Koru Polifonikoaren eta Susanna Rigacci sopranoaren parte hartzearekin, "El Bueno, el Feo y el Malo", "Érase una vez en América", "Cinema Paradiso", "Chi Mai", "Érase una vez en el Oeste" edota "La Misión" bezalako filmetako melodiak grabatu ziren kontzertu horretan.

Film hau UPV/EHUko Esperientzia Gelan eta Kulturbasque Bizkaiko Campuseko Kultur Gestiorako bulegoaren arteko elkarlanari esker antolatutako zineforumean eskainiko da. Izan ere, sarritan, Esperientzia Geletako ikasleek zine emanaldiak erabiltzen dituzte Giza Zientzien Unibertsitate ikasketekin erlazionatutako gaiak eztabaidatzeko. Emanaldiaren aurkezpena eta ondoren egingo den zineforuma Jose Ontiveros Esperientzia Geletako ikasleak zuzenduko ditu.