Agenda

Aurkezpena

UPV/EHUk graduondoko eskaintza aurkeztuko du Bizkaiko Campusean

104 masterrek, 66 doktorego programek eta 37 berezko tituluk osatzen dute

Ostegunean, martxoaren 20an, 15:30etan, Bizkaia Aretoan (Abandoibarra, 3. Bilbao), Bizkaiko Master Astea 2014ren irekiera ekitaldia egingo da. Bizkaiko Campuseko errektoreorde Carmelo Garitaonandiaren, Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreorde Nekane Balluerkaren eta UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolako zuzendari Gabriela Chotroren ongietorri agurra izango da.

Bestalde, "Cultura y Evolución Humana" hitzaldia egingo da baita ere, Juan Ignacio Pérez Iglesias UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle eta Kultura Zientifikoko katedraren zuzendariaren eskutik.

Aurreko egunetan, ezagutarazi ditu unibertsitateak Araban eta Gipuzkoan 2014/2015 ikasturterako master ofizialak, doktorego programak (ikerketako prestakuntzarako ikasketak) eta berezko tituluak (Espezializazio handiko titulazioak dira, jardun profesionalera argi eta garbi bideratuak. Lan munduko eskakizunei erantzun arina eta malgua emateko sortuak). Aurreko urteetan egindako Master Egunaren arrakastak bultzatu du aldaketa. Jendartearen eskariari erantzunez hiru campusetara hedatu eta aste beteko ekimena bihurtu da graduondoko ikasketen erakusleiho hau. Formatu hori hurrengo urteetan ere errepikatuko da, Araban eta Gipuzkoan egindako jardunaldiak arrakastatsuak suertatu baitira.

Hala, Bilbon ere, hainbat stand jarriko dira, master, doktorego programa eta berezko titulu bakoitzaren ezaugarriak azaltzeko diplomatura, lizentziatura, arkitektura, ingeniaritza edo graduko azken mailako ikasleei eta, oro har, prestatzen jarraitu nahi duten lagunei. Standak 16:00etatik 19:30etara egongo dira irekita.

UPV/EHUren graduondoko eskaintzak jakintza-adar guztiak biltzen ditu: Zientzia Esperimentalak, Osasun Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura, Gizarte Zientziak eta Zuzenbide Zientziak eta Arte eta Humanitateak.

Hala, unibertsitateko graduondoko eskaintzak jasotzen ditu 104 master ofizial (Envejecimiento Saludable y Calidad de Vida, Language and Communication Technologies eta Computación de Altas Prestaciones lehen aldiz eskainiko dira), 37 berezko titulu eta 66 doktorego programa. Nabarmendu behar da UPV/EHUk, guztira, Bikaintasuneranzko Aipamenaren saria jaso duten 32 doktorego-programa dituela. Sari hori Hezkuntza Ministerioak ematen du, programa horien fidagarritasun zientifiko-teknikoa eta prestakuntzakoa aintzatesteko. UPV/EHU da estatu mailan aipamen gehien duen erakunde akademikoa.

Eskaintza zabal honek ikasleak nazioarteko ikerketa taldeekin harremanetan jartzeaz gain, zentro teknologiko, enpresa eta erakundeekin ere uztartzen du kontaktua. Hala, 500 hitzarmen baino gehiago sinatu dira I+G+b zentroekin, erakundeekin eta enpresarekin master eta doktorego programak garatzeko. Gaur egun, UPV/EHUk 2.500 master ikasle eta 3.500 doktoregai ditu.

PROGRAMA:

Osteguna, martxoak 20. Bizkaiko Campusean. Bizkaia Aretoa (Abandoibarra, 3. Bilbo).

  • 15:30: Irekiera ekitaldia. Bizkaiko Campuseko errektoreorde Carmelo Garitaonandiaren, Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreorde Nekane Balluerkaren eta UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolako zuzendari Gabriela Chotroren ongietorri agurra.
  • 15:45-16:15: "Cultura y Evolución Humana" hitzaldia, Juan Ignacio Pérez Iglesias Kultura Zientifikoko katedraren zuzendariaren eskutik.
  • 16:15-16:45: Esker ona adierazteko eta diplomak banatzeko ekitaldia, Bizkaiko Campusean irakatsitako 2012/2013 ikasturteko masterretako ikasle onenei.
  • 16:00-19:30: Standak irekiko dira eta masterren aurkezpenak hasiko dira.