Agenda

UPV/EHU-Bilboko VIII. Lasterketa Mistoan 400 bikotek baino gehiagok parte hartuko dute

Igandean, martxoaren 16an, 11:00etan, Evaristo Churruca Kaian (Guggenheim museoaren aldamenean) UPV/EHU-Bilboko VIII. Lasterketa Mistoa egingo da. 5.000 metroko lasterketa horren ezaugarririk nabarmenena emakumezko batek eta gizonezko batek osatutako bikoteek parte hartzen dutela da. Biek ala biek batera egin behar dute korrika, baita helmugara heldu ere.

Probaren formatu bereziak zaildu egiten du jendetsua izatea, baina iazko datuekin alderatuz izen emateak hirukoiztu egin dira aurten. 2013an 133 bikotek eman bazuten izena, aurten dagoeneko 400 dira. Eta gehiago ere izan daitezke, bihar arteko (martxoak 14) epea baitago apuntatzeko. Nahitaezkoa eta doakoa da izena ematea: www.turesultado.es

Nagusien proba hasi baino ordu erdi lehenago, 10:30etan, 1.500 metroko Txikien Lasterketa egingo da, zeinetan parte hartzaileetako batek 14 urte baino gutxiago izan beharko dituen nahitaez.

VIII. Lasterketa Mistoan parte hartuko duten UPV/EHUko ikasleek aukera askeko edo graduko ikasketetako kreditu bat eskuratuko dute. Halaber, parte hartzaile guztiek oroitzapenezko kamiseta bat jasoko dute helmugara heltzean.